NAIZ
Washington

Odol-analisi berri batek alzheimerra detekta lezake lehen sintomak agertu aurretik

Odol-analisi berri batek proteina «toxikoak» detekta ditzake alzheimerraren aurreneko sintomak agertu baino urte batzuk lehenago, PNAS ‘Proceedings of the National Academy of Sciences’ aldizkarian astelehen honetan argitaratutako ikerketa baten arabera.

Alzheimer gaitzaren lehen sintomak agertu aurretik detektatzeko aukera ireki du aurkikuntzak.
Alzheimer gaitzaren lehen sintomak agertu aurretik detektatzeko aukera ireki du aurkikuntzak. (GETTY IMAGES)

Oraindik saiakuntza fasean badago ere, Washingtongo Unibertsitateak gidatutako ikerlanak egiaztatu du odol-analisi berriek lagundu dezakeela arriskuan dauden edo gaixotasuna garatzen hasi diren gizabanakoak identifikatzen, alzheimerraren aurkako tratamendu goiztiarren garapenari atea irekiz.

Gaur egun, oro har, gaixotasunaren zeinu aski ezagunak (oroimena galtzea, adibidez) izan ondoren bakarrik jasotzen dute diagnostikoa pazienteek. Unibertsitate estatubatuarrak ohar batean adierazi duenez, une horretan tratamendu-aukera onenak sintomen progresioa geldotzera mugatzen dira.

Baina ikerketak erakutsi duenez, alzheimerraren «haziak» urte batzuk lehenago «landatzen» dira –batzuetan hamarkadak izan daitezke–, gaur egun diagnostikoa posible egiten duten nahasmendu kognitiboak agertu baino askoz lehenago.

«Hazi» horiek beta amiloide proteinak dira, gaizki tolestu eta oligomero izeneko agregatu txikiak osatuz taldekatzen direnak. Denboraren poderioz, zientzialariak oraindik ulertzen saiatzen ari diren prozesu baten bidez, beta amiloideko oligomero «toxiko» horiek alzheimer bihurtzen direla uste da.

Astelehen honetan argitaratu den artikuluan, Washingtongo Unibertsitateko taldeak laborategiko proba bat deskribatzen du, odol-laginetan beta amiloideko oligomeroen mailak neur ditzakeena.

Ikertzaileek SOBA akronimoaren bidez ezagutzen den froga 310 subjekturen odol-laginetan probatu zuten, haien historia medikoak ere aztertuta, alzheimerra ikertzeko.

Laginak hartu zirenean, subjektuak narriadura kognitiboaren, narriadura kognitibo arinaren, Alzheimer gaixotasunaren edo bestelako dementzia motaren zantzurik ez zuten erregistratuta.

SOBAren bitartez, oligomeroak detektatu zituzten narriadura kognitibo arina eta alzheimerra duten gizabanakoen odolean, maila moderatutik larrira. 53 kasutan, pertsonen diagnostikoa heriotzaren ondoren egiaztatu zen autopsia baten bidez, eta hil baino urte batzuk lehenago hartutako 52ren odol-laginek oligomero toxikoak zituzten.

SOBAk oligomeroak ere detektatu zituen kontrol-taldeko kideengan, eta erregistroen arabera, gero narriadura kognitibo arina izan zuten.

«Medikuek eta ikertzaileek alzheimerraren proba diagnostiko fidagarria egin nahi zuten, eta ez diagnostikoa baieztatuko zuena bakarrik, baita narriadura kognitiboa gertatu aurretik gaixotasunaren zantzuak detektatu ahal izango zituena ere», azaldu du Valerie Daggettek, egile nagusiak. «Hemen frogatzen duguna da SOBA mota honetako proba baten oinarria izan daitekeela».

Eta nola funtzionatzen du probak? Gaizki tolestutako beta amiloide proteinak oligomerotan biltzen hasten direnean, alfa xafla izenez ezagutzen den egitura bat eratzen dute; lamina horiek beste alfa xafla batzuekin bat egiteko joera dute.

SOBAren nukleoa alfa xafla sintetiko bat da, oligomeroekin batu daitekeena likido zefalorrakideoaren edo odolaren laginetan. Ondoren, testak metodo estandarrak erabiltzen ditu, probaren gainazalari lotutako oligomeroak beta amiloide proteinez osatuta daudela egiaztatzeko.

Plataforma berria oligomero toxikoekin gaika batzeko diseinatuta dago, «lastategi batean orratz bat aurkitzea bezala da», Daggetten arabera.

Taldea AltPep Washingtongo Unibertsitatetik eratorritako enpresa bioteknologiko bateko zientzialariekin lanean ari da orain, SOBA oligomeroen diagnostiko-proba bihurtzeko.

Ikerketak ere frogatu zuen SOBA erraz alda zitekeela, parkinsonari eta Lewyren gorputzen dementziari lotutako beste proteina mota batzuen oligomero toxikoak detektatzeko.