Nahaste-mahai erraldoi bat, dozenaka botoi, erruleta eta argitxorekin. Rafa Sardina musika ekoizleak badaki zer sakatu behar den eta parean duen pantailari begira dago; antza, hor amaitzen dute aurrez instrumentuek sortutako notak eta hortik ernaltzen dira kantuak. Ondoan du Xabi Solano, belarriak adi. Zortzi-bat aldiz erreproduzitu dute amaitzeke dagoen kantu baten bukatu gabeko zati bat, xehetasun txikiena ere doitzeko. «La-la-la-la» dio letrak Solanoren ahotsez eta janzten duen doinuak ezbairik gabe esaten du ordenagailua sortzen ari den hori Esne Beltzaren kantu bat dela –izango dela–. «Agian erritmoa sinpleago egin dezakegu», Solanok Sardinari. Eta berriz play eman. «Itzul gaitezen atzera, ber-introra», Sardinak Solanori. «Conga aldatu dut». Play.
Disko berri batean lanean ari da @EsneBeltza taldea, Rafa Sardina ekoizlearekin. Donostiako Elkar estudioan ari dira probak egiten. @naiz_info pic.twitter.com/93VAnsKv6q
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) December 30, 2022
Abendu bukaera honetan Donostiako Elkar estudioan ari da grabatzen Esne Beltza bere zortzigarren diskoa izango dena, baina aurretik Los Angelesen izan da Xabi Solanoren taldea, artista handienekin lan egitera ohituta dagoen Rafa Sardina musika ekoizle bermeotarra –Michael Jackson, Stevie Wonder, Lady Gaga eta Alejandro Sanzen lanak ekoiztu ditu, besteak beste– After Hours estudioan. Hara itzuliko dira taldekoak otsailean lanari azken ukituak ematera, 2023ko abenduan, Durangoko Azokan, aurkezteko.
Alta, gutxika egingo dute diskoarekin aurrera: martxoan kaleratuko dute lehen single-a eta apirileko ZEID Festen eskainiko dute «sorpresaz betetako» lehenengo zuzenekoa, taldeko abeslari eta trikitilariak aurreratu duenez.
Nahasketa-mahaitik aldendu eta hizkuntza lurtarragoetan eman dituzte disko berriaren inguruko lehen azalpenak Sardinak eta Solanok. Sei kanturen gainean ari dira lanean eta grabaketan aurrera egiten ari diren heinean lan berriak ekarriko duenaren «ideia argiago» bat izaten ari direla aurreratu du musika ekoizle bermeotarrak, nahiz eta bukatu artean «sorpresa» asko egongo direla aurreikusten duen. Agindu du, baina, grabatzeko prozesua bezala, diskoa «dibertigarria» izango dela. «Estiloen arteko kolaborazio asko izango ditu; arriskatu gara bestelako musika-estiloetan sartzera», agertu du.
Estiloen aniztasun hori izango da disko berriaren funtsa, Xabi Solanok iragarri duenez. «Gure hizkuntza eta trikitixa ardatz hartuta, Esne Beltzak erakutsi nahi du Euskal Herritik kanpora dauden musika-estiloekin fusionatzea zer den. Lurralde desberdinetako musikak entzuten aritu naiz, fusio horren bila», kontatu du taldeko abeslariak. Nazioarteko kolaborazio «bereziak eta garrantzitsuak» izango ditu diskoak eta «kolaborazio horiek emango die abestiei zentzua», esan du.
Lankidetza, «erraz» eta «dibertigarri»
Rafa Sardina Esne Beltzaren «kalitateak» bultzatu zuen taldearekin lana egitera eta Esne Beltzak musika-ekoizlearen «eskua» bilatzen zuen. Elkarren arteko harremana «erraza» dela esan du Sardinak eta diskoa bezala, berau grabatzeko prozesuan sufrimendu «gutxi» eta «dibertsio asko» izaten ari direla zehaztu du.
Xabi Solano, halaber, gustura ari da Sardinarekin lanean. «Euskal Herriko musikari guztien ahotan dago Rafa. Egia esan berarekin lan egitea oso naturalki atera zen eta guretzako prestigio handia da», adierazi du.
Kazetariak saiatu dira spoilerrak ateratzen: «Diskoaren izena?» «Zer kolaborazio izango ditu?» Esne Beltzakoek ez dute horrelakorik aurreratu. Beraz, momentuz jakin daitekeen bakarra... «la-la-la-la».