Iker Gurrutxaga
Interview
TOC taldea

«Ideia zen, diskoa entzutean, entsegu lokalean gurekin zaudela sentitzea»

Mungian sortu zen TOC taldea 2016an, eta hasieratik daude Aitor Etxebarria, Mikel Bilbao eta Xabier Bilbao. Lehendabiziko lana kaleratu ostean batu zitzaien Ander Goitia, eta orain etorri da ‘‘Bat barik ez dauz bi’’ disko laburra.

(Maria MURIEDAS - Ximon AGIRRE)
Disko sentimentalena denik esatera ez nintzateke ausartuko, baina sentikorrena akaso bada.

Xabier Bilbao: Bai, disko hau gurea da, TOC egoera puruenean. Gure soinua ateratzea zen asmoa, egunerokoan entzuten duguna edo entseatzerakoan entzuten duguna diskoan sartzea. Letretara ere eraman dugu ideia hori, eta azken produktuan nabaritzen da. Bideoak ere mimo handiz egin dira, diseinuak ere bai. Oso biribila geratu delakoan nago.

Zuen ingurua ere baliatu duzue bideoetarako, Maria Muriedas eta Ximon Agirre lagun dituzuela. Pieza guztiak oso desberdinak dira.

X.B.: Hirurak ere sekulako harrikadak dira. Landuena ‘‘Gau eternal bat’’ kantua da, eta hasieratik argi genuen haien esku utziko genuela. Bildu ginen egun batean eta sekulako bideoa osatu zuten.

Orain ere ez duzue perfekziorik bilatu.

Aitor Etxebarria: Kontrakoa. Denok batera jotzen grabatu dugu. Ideia zen, diskoa entzutean, entsegu lokalean gurekin zaudela sentitzea. Gordintasun eta inperfekzio hori bilatuta dago

H.B.: Hartualdi asko egin ditugu, baina…

A.E.: Baina ez dago prozesatuta. Bilatu dugu biribiltasuna jotzeko unean egotea.

Mikel Bilbao: Hartualdia hautatzeko garaian ere ere ez da perfektuena hartu, gehien gustatzen zaiguna baizik.

Klaketarik gabe grabatuta dago ezta? Tempo geldoetan jotzea ez da erraza izango.

M.B.: Jakina! Baina nahita egiten dugu, ‘‘Zidazun’’ diskoa ere horrela grabatu genuen. Kontua da, konposatzerakoan, tempoak gora eta behera egitea nahi dugula; eta klaketarekin bazoaz, hartualdia moztu egin behar izaten da. Hala, guk grabatzen dugun modurako, klaketarik ez da erabili behar.

A.G.: Gainera, klaketarekin saiatu garenean, ez gara gai izan soinu bera lortzeko. Elkarrekin jota, sendotasun gehiago ematen diogu abestiei.

‘‘M.S.’’ inizialak irakurri ditugu bi kantutan. Zein da edo zer da?

X.B.: Momenturen batean egon nintzen ez nekiela jarri genuen edo ez. Mikel Sotoren inizialak dira. ‘‘Gau eternal bat’’ eta ‘‘Nire loa’’ idazteko garaian bere liburu bat, ‘‘Suak pizten direnean’’, irakurtzen ari nintzen, eta aitortza moduko bat da, beraz.

Bi kantu hauetan justu mina eta dolua dagoela nabaritu dut. ‘‘Nire loa’’ kantuan, pertsona bat doluaren minez eta hotzaren aurrean bakarrik dagoela sentitu dut.

X.B.: Idazterakoan leku ilun, hotz eta heze bat irudikatzen nuen. Kanpoko estimulu negatiboak ez dituzunean ulertzen, gauzek gaina hartzen dizutenean, agobiatuta zauden unea… bada, hori da kontatzen dena. Nahiz eta musika alaia daukagun eta denak oso polita dirudien, abesti honetan kolapso baten inguruan hizketan dihardugu.

Bideoa iluna da zinez, nahiz eta izan zitekeen diskoaren azala bezain argia.

X.B.: Abesti horren bideorako ideia bat bageneukan, arterako lan batetik abiatuta. Beti norbait hanketatik zintzilik jarri nahi izan dut, eta marroi bat izan zen probak egiterakoan, mina egiten duelako. Nik ez nuen jasaten, baina Ander txapeldun bat izan zen.

Diskoaren izena ‘‘Gau eternal bat’’-en aipatzen da, ahotsak indarra duen kantu batean. Nola sortzen da kantua?

A.E.: Lokalera eraman nuen lehenengo arpegio hori, eta errepikarako akorde batzuk ere bai. Elementuak gehitzen joan ginen, eta horrela atera zen.

X.B.: Konposatzerakoan normalean beti horrela eraikitzen dira kantuak. Aitorrek ekartzen du zerbait, gero instrumentala sortzen da, ahotsa segidan, ondoren letrak eta bukaeran xehetasunak.

A.E.: Disko honetan ez da egon itolarririk konposizio prozesuan. Dena asko zaindu nahi izan dugu, baina patxadaz hartuta.

X.B.: Disko luze batetik gentozen, Urtzi Izarekin grabatuz. Oso ondo pasatu genuen, baina gogorra zen. Oraingoan dena guk grabatu nahi izan dugu eta beste modu batean bizi izan dugu. Beste era batean gozatu dugu, patxadaz.

A.E.: Lehenengo aldia zenez dena guk egiten duguna, konposatzerakoan saiatu gara dena errazago egiten, grabaketa guk geuk egin ahal izateko. Demoak eta guzti grabatu genituen bukaerako hartualdien aurretik.

M.B.: Grabatu dugun tokian entseatzea ere garrantzitsua da, bertako akustika ere gogoko izan dugulako.

A.G.: Eta gauza bakoitza bere tokian sartzea oso garrantzitsua izan da. Freskotasuna eta dinamismoa galdu gabe hainbat elementuren aldaketa egin dugu, eta beste era batera ikusi dugu dena.

Kendu duzue, beraz, gauzak erdipurdi egiten dituzuenaren etiketa?

M.B.: Ez, ez, eta horren intentziorik ere ez dugu!

Lanean serio aritzen zaretela nabari da, ‘‘Hutsa bezain hotza’’ entzutean.

X.B.: Juerga eta lana batzuetan bateragarriak direla uste dut hala ere, eta hori da politena. Egia da gero egun horretan juerga egin genuela, baina egiten duguna egiten dugu nahi dugulako, eta emaitza ona izatea nahi dugu. Intentzio batekin eginda dago dena. Balantza horretan batzuetan alde batera goaz, eta besteetan, beste batera.

M.B.: Iritsi eta esan ziguten lehenengo gauza izan zen bezperan ez zirela irten eta serio egin behar zela dena.

X.B.: Egun berean egin behar zen dena: bideoa, melodia, hitzak… Eta denon agendak ezkontzea ez zen erraza izan. Josuk beste egun batean grabatu zituen gero bere teklatuak. Guretzat presio moduko zerbait zen beren lan egiteko moduan gauzak egitea, baina hori nola egin behar zen ikusi nahi genuen, eta horrela irten zen.

M.B.: Kiliki txoko batean jarri zen, bere munduan gauzak idazten eta pentsatzen, eta sekulako bertutea duela erakutsi du.

X.B.: Nik uste dut abesti honetan zailena lortu genuela, parte hartzen duen bakoitzak dituen bertuteak nabaritzea eta TOC izaten jarraitzea.

Hitzak nola idatzita daude?

X.B.: Abesti hau batera egingo genuela adostu genuenean, melodia eta letra grabaketa egunera arte ezingo zela sortu zen kondizio bakarra. Instrumentala bidali genien eta egun oso baterako geratu ginen. Goiz batez etorri ziren Juanjo Berasain eta Beñat Rodrigo, eta oso naturala izan zen dena. Lehenengo gauza izan zen Beñatek errepika atera zuela; ahotsak atera genituen horren gainean, eta bere barrak idatzi zituen. Nik nire zatia egin nuen. Juanjori idatzi genizkion beste gauzatxo batzuk. Eta dena oso organiko irten zen.

Bukaerarako utzi duzue diskoko tempo azkarrenak dituen abestia.

X.B.: Mikel Goirienak bidali zidan letra hau argazki batean, eta esan zidan edo zerbait egiteko edo Lukieki emango ziola. Hitz eginda geneukan zerbait egingo genuela elkarrekin, eta aldaketa pare bat eginda moldatu nuen, eta justu aipatu duzuna idatzi nuen nik. Instrumentalak eta letrak ezkontzen zirela ikustean, aurrera egin genuen. Arte munduan sentitzen diren presioak eta pisuak gainetik kentzeaz ari naiz, hori bizi dugulako askotan; nahikoa kaka bizitzen dugu, hortaz, gainetik kendu beharra dago ahal den guztia.

Kontzertuak non eta noiz izango dira?

A.G.: Urtarrilaren 19an Arrasateko gaztetxean eman genuen azkena eta, hurrena, otsailaren 4an Legution izango gara. Gero Berrizen, Elorrion, Orion, Topagunean… Eta maiatzean zerbait oso dotorea dator, baina ezin dugu esan.

X.B.: Inoiz ez dugu jakin nola bideratu hori. Hortaz, mesedez, segi guri deitzen!