Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Zientzialari emakumeak, umetatik hasita elkarren eredu

Neska eta Emakume Zientzialarien Egunean, aldaketa garrantzitsuen berri jaso dugu protagonisten ahotik: lan mundua hurbildu digute GES eta Bellotako profesionalek, unibertsitatekoa MUkoek, eta guztiaren hasierara eraman gaituzte Gernika-Lumoko haurrek. Balioak eta erronkak partekatzen dituzte.

Gernika-Lumoko San Fidel ikastetxeko haur talde bat, First Lego Leaguen aurkeztuko duten maketarekin.
Gernika-Lumoko San Fidel ikastetxeko haur talde bat, First Lego Leaguen aurkeztuko duten maketarekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lorea Peña Gomez Finlandiako obra bateko etxetxotik mintzatu zaigu, elurretatik. Bere ezaugarri esanguratsu bat eman digu: «1,54 neurtzen dut eta argaltxoa naiz adin ertaineko gizon sendoen sektore batean». 38 urte bete berri dituen santurtziarra maiz ez dute ikusi ere egin.

«Umetatik izan naiz oso mugitua, kirolaria. Oso goiz hasi nintzen bidaiatzen: Siziliara, Suediara, Lituaniara, ikastolak emandako aukerak aprobetxatuz. Bi anai-arreba nagusiago ditut eta haiek egindako guztia egiten nuen». Batxilergo teknologikoa egin zuen, ikasgai gustukoenak Teknologia eta Marrazketa Teknikoa zituen. Britainia Handira joan zen gero zerbitzari, eta pisukide alemaniar eta austriarrak ulertzeko Filologia Alemana ikasi zuen. Enpresen Administrazioko Ingeniaritza egin zuen, eta Global Energy Services (GES) enpresan hasi zen lanean. Azaro batean programa bat eman zioten Mexikon eta urteak eman zituen han.

Bere kontakizunaren bidez 180 metroko diametroko garabi ikusgarriak irudika ditzakegu haizetan gora. «Maniobra horrek hitzik gabe uzten zaitu. Pasatutako arazo guztiak konpentsatzen ditu. Osagarri oso astunak ditu, lan eta arrisku handikoak, eta horiek gutxitzeko gaitasun handia behar da. Duela urtebete arte gehienez ere 120 metroko garaierako turbinak muntatzen nituen. Orain, 160 metrokoak egiten ditut. Pala bakoitzak 66 metro ditu. Gero eta handiagoa da dena».

 

Lorea Peña, Finlandiako Puutikankangas parkeko obra batean. (Lorea PEÑA)

 

GES liderra da munduan industria eoliko eta fotovoltaikoari zerbitzua ematen. Eoliken arloko proiektuen eta garabien zuzendaria da Peña. Elkarrizketaren egunean egin duena kontatu digu: «Erreminta bat falta zitzaigun ezohiko lan baterako, eta hori topatzea izan da lehen zeregina. Obrara heldu, eta konponbide bat eman diot arduradunari.

Arazo gehiago sortu dira eta soluzioak bilatu ditugu. Etengabe sortzen dira arazoak, beti ezberdinak. Nire lantaldea antolatzeaz gain, bezeroekin bildu eta adosten saiatzen naiz, denok eroso senti gaitezen. Lanaren %95 jendearekin harremantzea da; batzuetan psikologo lana da ezer baino gehiago».

«Arazo guztiak erronka gisa hartzen ditut: gainditu ahalko dut ala gaindituko nau? Heldu egingo diot. Batzuetan ez zaizu ondo ateratzen, baina ikasi egiten duzu hurrengoan beste erabaki bat hartzeko». Etengabeko barne borroka horrek bizi du santurtziarra, eta onena da lilura hori zabaltzen duela. «Izugarri maite dut egiten dudana. Ez dut urte osoa etxetik kanpo eman nahi, baina proiektuak leku ezberdinetan izatea gustatzen zait, kultura desberdinetako jendearekin bizitzea. Mexikon eta Txilen ibili nintzen, orain Finlandian nago eta Alemaniara mugituko naiz. Mundu zabala dago ikusteko eta lan hau horretarako bide bat da».

Sektorean emakume gutxi dira. «Hamar proiektu-zuzendari ezagutu ditut eta horietatik bi bakarrik ziren emakumeak. Hasten ari gara, baina geratzeko etorri gara, hau gure lekua ere bada. Ez da dena indarra; gauzak buruarekin egiteak indarra erabiltzea eragotzi dezake. Emakumeok erronka bikoitza dugu, material pisutsu eta arriskutsuak erabiltzeaz gain, orain arte gizonak nagusi izan diren mundu batean ari garelako».

GESen bulegoetan emakume dezente daude, baina obretan, Peñaren sailean lau dira soilik. «Zorionez, obra zibileko departamentuan Txileko proiektuez arduratzen den profesional handi bat dago, Maite». Lorearen babesik handiena da enpresan. Garai txarretan ere ondoan izan du herri eta ordutegi ezberdinetan bizi arren.

Ez da ohikoa emakumezko bat obra baten etxetxoan ikustea eta baten batekin topatzen denean ilusioa egiten dio ingeniariari: «Badakizu zure ahalegin bera egin duela dagoen lekuan egoteko eta balio gehiago ematen diozu. Emakume izateak ez du esan nahi bigarren planoan gelditu behar denik: aurrean egon gaitezke, egin behar dugun bakarra gure gaitasunak baliatzea da. Espero dut atzetik datozenek beren burua aski maitatzen jakitea egon nahi duten tokian egoteko».

Bellota Erremintak

Bellotako Nerea Barrasa Rodriguez eta Idoia Rodriguez Alzola bat datoz Peñarekin: «Ezin dugu pentsatu emakume izateagatik gaitasun tekniko gutxiago dugunik; ez da egia. Ez dadila freno bat izan gustuko duguna egiteko».

1908an sortutako enpresa honek nekazaritza, eraikuntza, industria eta segurtasunean ari diren langileen baldintzak hobetzea du xede. Lau kontinentetan dago eta Legazpiko lantegian ari dira bi gazteak. Rodriguezek Arkitektura Teknikoa ikasi zuen. Eraikuntzan hasi eta industriara pasatu zen. Barrasa lazkaotarra da eta Diseinua ikasi zuen. Produktuari eta Zerbitzuari Aplikatutako Estrategiaren masterra egin zuen, kalitatean lan egin zuen, eta handik Bellotara iritsi zen. Idoiari marraztea gustatzen zitzaion umetan eta aukeratzeko unean, arkitekturak eta eraikuntzak erakartzen zutenez, bide hori hartu zuen. Bazekien mundu maskulinoa zela, baina horrek ez zuen kikildu.

 

Idoia Rodriguez eta Nerea Barrasa, Legazpiko Bellota Erremintetan. (Iñigo URIZ / FOKU)

 

Nereak ere txikitatik izan du gogoko marraztea eta teknikora jo zuen. «Ikastolan asko bultzatzen gintuzten ingeniaritzara, goierritarrak izanda lana aurkitzeko errazen hortxe dugulako». Formazio duala egin zuten biek eta gogorra izan zen ikasi eta lana batera egitea. Elkarrizketetan «paternalismoa» sumatu zuten, baita «gehiago erakutsi beharra» ere.

Gaur egun, biak dabiltza Bellota Erremintetan. Rodriguezek dagoeneko existitzen diren produktuak moldatu eta hobetzen ditu. «Aitzurren gama osoa aldatu dugu: ez jiratzeko sistema bat ezarriz, erosoago egin dugu baserritarren bizitza». Barrasa produktu berriekin aritzen da. «Erabiltzaileak ezagutzea da nire ardura, dituzten beharrak eta nahiak identifikatzea eta erreminta bilakatzea». Paletekin ari dira biak buru-belarri, Ingalaterrako marka batentzat. «Adituak gara paleta forjatuetan; ez gara asko munduan».

30 urterekin, ardura postu bat du Nereak. Lidergo berriez galdetu diogu. «Asko ari gara eboluzionatzen, duela 10-20 urte autoritarismo gehiago zegoen: ‘Hau horrela da nik diodalako’. Orain lantaldeetan aritzen gara eta askoz gehiago entzuten dugu elkar. Langileak beren lana ongi egiteko motibatuak egotea interesatzen zaigu». Ereduak badituztela erantsi du Idoiak: «Erreminten fabrikazio arduraduna emakumezkoa da eta hori pentsaezina zen duela hamarkada bat».

Elkarren erreferente izan daitezkeela proposatu du ingeniariak. «Goraipatzen den kasuetan salbuespen gisa egiten da. Ez du zeozer arraroa izan behar». «Baina gu geu harritzen gara emakume bat buru izateaz», ohartarazi du arkitektoak.

First Lego League

Maitane, Nile, Kira, Alice, Naiane eta Marina Gernika-Lumoko San Fidel Ikastetxeko ikasleak dira. Bederatzina urte dituzte eta legoak egitea, robotak muntatzea eta iPadarekin programatzea maite dute. Erreferenteez galdetuta, osaba, izeko eta lehengusinak aipatu dituzte, erizain eta mediku gisa egiten duten lanagatik. Batek erizain izan nahi du, bik albaitari, beste batek futbolari eta ondokoak ile-apaintzaile. Seigarrenak ez daki.

First Lego League programan ari dira parte hartzen eta martxoaren 4ko Arrasateko ekitaldian aurkeztuko duten maketa erakutsi digute: ‘Etorkizuneko Eko Hiria’. Energia berriztagarriak dira gaia eta eguzki-plakadun etxez, lantegiz eta haize errotaz hornitu dute hiria. Beste balio bat taldeka lan egitea da: «Hala ideia gehiago eta politagoak ateratzen dira».

Gustuko duten esaldi batekin bukatu dute haurrek elkarrizketa: «Merituak ez dauka generorik».

«Aukeratzea da kontua, ez baztertzea»

Mondragon Unibertsitateak Mondragon ZTIM HUB ekimena du martxan. Sare bat eratzea da ideia, zientzia, ingeniaritza, teknologia eta matematikak sustatzeko, bereziki nesken artean, «sarri ez baitira gerturatzen ezezagutzagatik». Hala azaldu dute Maite Anaya Rodriguez eta Nekane Errasti Lozares Goi Eskola Politeknikoko doktoreek.

Sentsibilizazioan ari dira biak eta hainbat ekintza antolatu dute gaurko egunaren inguruan, emakumez osatutako mahai-inguruak adibidez, Bilbon fisikaren bueltan, Hernanin teknologia eta kirolak uztartuz, Realeko jokalari ohiekin, eta Arrasaten robotika eta telematika landuz.

«Informazio guztia eman behar da, zenbat eta lehenago eta gardenago hobeto. Gure rola hori da, eta erabakia ikasleena da. Aukeratzea da kontua, ez baztertzea. Ingeniaritza ez da bakarrik burdina, gauza asko dira eta denok egin dezakegu ekarpena», defendatu dute.