NAIZ

Elhuyarrek sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoak (TTS) sortu ditu

Elhuyarrek eskaintzen dituen ahots automatikoak (TTS) jendartearen eta bezeroen eskura daude. TTS pertsonalizatuak sortzeko aukera dago, pertsona baten ahotsa oinarri hartu eta hura imitatzen duten sistemak sortuz. Webguneetako barra irakurlearen bidez nahiz REST API bidez erabil daitezke.

Audio_placeholder

Elhuyarren prentsa oharra, ahots automatikoak irakurria.

Loading player...
Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia hauek Orai adimen artifizialeko langunean sortutakoak dira.
Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia hauek Orai adimen artifizialeko langunean sortutakoak dira. (ELHUYAR)

Elhuyarrek pauso bat aurrera eman du hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan, digitalizazioaren eremuan jendartean sortzen ari diren erronkei erantzun nahian. Oraingo honetan, testua ahots bihurtzeko sistema neuronalak sortu ditu, eta haiek jendearen esku jarri.

TTS ahotsek egiazkoak diruditen arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Gainera, Elhuyarrek bere TTS ahots propioak eskuragarri jartzeaz gain, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskainiko die bezeroei.

Benetakoak diruditen ahots sintetikoen sorta bat jarri du erabiltzaileen eskura, euskaraz eta gaztelaniaz, eta webguneen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, barra irakurle bat sortu du. Barra irakurlea webgune batean txertatuz gero, bertako edukiak ahots sintetikoen bidez entzun ahal izango dituzte erabiltzaileek. Nahikoa da play botoiari ematea webgunea entzuten hasteko; gainera, aldi berean, TTS ahotsa irakurtzen ari den testu-zatia nabarmenduta erakusten da. Barra irakurlea oso erraz txerta daiteke bezeroen webguneetan.

Elhuyarren TTS ahotsak edozein aplikaziotan txertatzeko prestatuta daude, bezeroentzat eskuragarri jarritako REST APIaren bidez. Horrela integratu dira ahotsak hiztegiak.elhuyar.eus webgunean.

Ahots pertsonalizatuak

TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du Elhuyarrek. Hain zuzen ere, pertsona baten ahotsa oinarri hartu eta hura imitatzen duen sistema bat sortzeko aukera eskaintzen du. Ahotsak pertsonalizatuak dira, eta bakarrak.

Horrelako TTS ahots pertsonalizatuekin, enpresek beren marka-izaera eta branding estrategia indartuko duten ahots propioak sor ditzakete. Ez hori bakarrik, besteak beste, enpresek TTS ahots pertsonalizatu hori erabil dezakete bezeroekiko komunikazio digitalean: erantzungailu automatikoan, ikus-entzunezkoetan...

Pribatutasunari eta esklusibotasunari dagokionez, ahots pertsonalizatu hauek pribatutasuna zainduko dute, eta bezeroak berak soilik erabili ahal izango ditu.

Orairen eskutik

Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia hauek Orai adimen artifizialeko langunean sortutakoak dira, eta ahotsaren sintesiaren ikerketan egindako lanen aurrerapenaren erakusgarri da zerbitzu hau. Horrez gain, ikerketa-ildo hauek ere lantzen ditu: genero-markarik gabeko hizketaren sintesia, emoziodun hizketaren sintesia eta langin txikiak erabiliz ahotsak imitatzeko sistemak, besteak beste.

Orai NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen langunea da. Goi mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei.