NAIZ

Koloneko minbizia detektatzeko programak gai dira tumoreen %70 hasierako estadioetan aurkitzeko

Koloneko tumorea hasierako estadioetan detektatuz gero, biziraupena %95 arte areagotzen da. Era berean, bizi kalitatea ere hobetzen da, tratamendua ez delako hain fuertea. EAEn 2009an martxan jarritako programari esker, 36.166 lesio aurregaizto eta 4.231 minbizi kasu detektatu dira.

Medikuak kolonoskopia bat egiten.
Medikuak kolonoskopia bat egiten. (Europa Press)

Koloneko Minbizia Prebenitzeko Mundu Eguna da gaur eta, hori dela eta, Osakidetzak gogorarazi du gaixotasun horren prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra oso garrantzitsuak direla. Urtero, 2.000 tumore baino gehiago detektatzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, guztizkoaren %15, eta biziraupena, bost urtera, %57 ingurukoa da.

Programa hori, ohar batean nabarmendu duenez, kasuen kopurua eta eragiten dituen heriotzen kopurua murrizteko estrategia eraginkorrenetako bat da. Minbizia garaiz detektatzeak (lesio aurregaiztoak eta hasierako estadioetan dauden minbiziak) areagotu egiten du biziraupena %95 arte.

EAEn 2009an jarri zen abian Koloneko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa; 50-69 urte bitarteko pertsona guztiei zuzentzen zaie eta eginkarietan ezkutatuta dagoen odola detektatzeko testarekin egiten da bi urtean behin. Kasu positiboetan, kolonoskopia egiten da, sedazioarekin. Gaur egun, programa horretako parte-hartzea %72 ingurukoa da.

Parte-hartze maila handi horri esker, 36.166 lesio aurreratu (aurregaiztoak) eta 4.231 minbizi inbaditzaile detektatu eta tratatu dira, programa abian jarri zenetik. Minbizi horien %70 hasierako estadioetan detektatu dira, eta, beraz, tratamenduak ez dira hain erasokorrak izan, eta pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea nabarmen hobetu dira.

Koloneko minbizia izateko arriskua areagotu egiten da adinarekin, eta urtero detektatzen diren kasuen kopurua ia bikoitza da gizonetan, emakumeen aldean. Bizi-ohiturek, hala nola tabakoak, haragi gorriaren kontsumoak, haragi prozesatuaren kontsumoak, alkoholak edo sedentarismoak areagotu egiten dute hura garatzeko aukera. Aitzitik, barazki eta frutetan aberatsa den elikadura eta ariketa fisikoa, besteak beste, edo gainpisurik ez izatea faktore babesleak dira.