NAIZ

Durangoko gazteen arreta psikologikoa diruz lagunduko du Udalak

Bizkaiko Psikologia Elkargoarekin sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker, Durangoko Udalak gazteek psikologoekin egiten dituzten saioen %90 finantzatuko du. Horrela, saio bakoitza 5 euroan ordainduko dute 14 eta 23 urte bitarteko durangarrek.

Durangoko gazteek arreta psikologikoa jasotzeko programa aurkeztu dute astelehen honetan.
Durangoko gazteek arreta psikologikoa jasotzeko programa aurkeztu dute astelehen honetan. (Durangoko Udala)

14 eta 34 urte bitarteko gazte durangarrei gehienez 10 saioko arreta psikologikoa jasotzeko laguntza emango die Udalak. Saio bakoitzeko 50 euroko prezioa ezarri da, baina udalak 45 ordainduko ditu. Udalak 100.000 euroko partida prestatu du, eta, beraz, 2.222 bonu salduko dira gehienez.

Horretarako, Durangoko Udalak eta Bizkaiko Psikologia Elkargoak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Programaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, helburua Durangoko herritarren artean osasun mentalak eta ongizate psikologikoak duten garrantzia ikustea da, baita egin daitezkeen prebentzio eta esku-hartze neurriak ere.

Datozen asteetan Udalak ‘Psicobono’ web plataformaren bidez jarriko ditu salgai bonuak, www.durango.eus webgunean. 14 eta 16 bitarteko gazteei dagozkien eskaerak gurasoek edo legezko tutoreek egin beharko dituzte.

Gero, eskatzaileek eskura izango dute programa gauzatzeko Udalarekin hitzartutako psikologia kliniko eta sanitarioko profesionalen zerrenda. Gazteek aukeratu ahal izango dute zein profesionalengana jo. Profesional horrek, lehen ebaluazio diagnostikoa egin ondoren, esku-hartzearen iraupena adieraziko du, baina Udalak diruz lagundutako 10 saioen kopurua gainditu gabe.

Maider del Rio psikologoak aurkezpenean adierazi duenez, «pandemia ostean ikusi dugu, besteak beste, antsietatearekin edo depresioarekin lotutako kasuek gora egin dutela gure gizarteko sektore gazteenaren artean. Gai horri dagokion garrantzia eman behar zaio, eta, horregatik, Udalak durangar gazteei alternatiba berri hau eskaini nahi die, betiere hala eskatzen badute. Gure gazteen osasun mentala sustatzea, babestea eta zaintzea izango da gure helburua».