Nagore BELASTEGI J.C. RUIZ / G.GARAIALDE / J. MANTEROLA FOKU

Plaiaundi, mugarteko hegaztien babeslekua

Hegazti migratzaileentzat oasi bat da Irunen dagoen Plaiaundi parke ekologikoa. Han atseden hartu dezakete, eta marea jaisten denean agertzen diren hezeguneetan janaria topatu. 300 txori espezie baino gehiago ikusi izan dira Txingudi inguruko padura horietan, benetan berezia den alderdia bilakatuz.

Hondarribiko metalezko txoriak gainetik pasatzen diren bitartean, lumak dituzten hegaztiak lasai daude Irungo Plaiaundiko parke ekologikoan. Txingudiko alderdi horretan, lurrak eta itsasoak bat egiten duten lekuan, Bidasoa ibaiaren bokalean, padurak daude, ekosistema aberats ugariren etxe. Eta Lapurdirekin mugaren alboan gaudela, irudika ditzakegu hegaztiek egiten dituzten migrazio bidaiak, eta horiek bertatik bertara ikusi eta euren jarrerak aztertu. Zerra ertaina, aliota handia, mokozabal zuria, txirritxo txikia, txirri iluna, txirri lodia, txirri zuria, antxeta burubeltza, kaio beltza, benarriz nabarra, ipar-ahatea, txilinporta txikia eta belatz handia dira espezierik adierazgarrienak, beste asko ikus daitezken arren, denboraldiaren arabera. Izan ere, orotara 312 hegazti espezie ikusiak izan dira paduretan atseden hartzen edo elikatzen.

 

Foku

Irungo erdigunetik oinez erraz irits daiteke Plaiaundira, eta Irunera garraio publikoz joan liteke, trenez edo autobusez. Udaberri-udan 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara zabalik dago informazio zentroa. Udazken-neguan, aldiz, 10.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 17.30era. Behin 24 hektarea dituen parkean sartuta, bi kilometroko ibilbidea egin daiteke paduren ertzean. Hegaztiak begiratzeko etxolak eta dorreak ere badaude. Ibilbidea gure kabuz egin badezakegu ere -panelak daude ingurua ondo ulertu dezagun-, Ekoetxea informazio zentroan bisita gidatuak eskaintzen dituzte (aldez aurretik hitzartzea komeni da). Parkearen barruan, gainera, bi urmael daude, itsasaldien erritmoari lotutakoak, eta baita ere marearteko hondartza bat eta ur gezako aintzira bat.

 

Foku

Ibilbidea oso motel egin behar da animaliak ez uxatzeko, ingurura begiratuz, paisaia, flora eta faunari buruz ikasiz. Ekoetxean ur gezako aintzirara begiratzen duen behatoki bat dago, eta han Plaiaundiri eta badiari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, prismatikoak utziko dizkigute. Badiaren maketa, ikus-entzunezkoa eta beste zenbait elementu ere badaude, esperientzia ahalik eta osatuena izan dadin. Ibilbideak 8 baten forma du, eta bisitariak nahi duen noranzkoan egin dezake. Plaiaunditik ikusten dira inguruko mendiak, Jaizkibel, Aiako Harria, Larhun eta Txoldokogain, behatoki natural bat izango balitz bezala. Ibilbidea laburra den arren, nahi bestetan egin dezakegu. Komeni da urteko une desberdinetan bisitatzea, paisaiaren aldaketak antzemateko eta urtaro bakoitzeko txoriak ikusteko.

Ibilbidea osatu ondoren, hobeto ulertuko dugu kanpoan parke ekologikotik gertu dagoen institutuko sarrerako grafitia, Nextor Otaño ‘Nexgraff’ artistak egindakoa. Artelanak Txingudiko badiako biodibertsitatea irudikatzen du, bereziki Bidasoaldeko parkearen hegaztien populazioa. Horma-irudian neska gazte baten profila ikusten da, Plaiaundin ohikoak diren txoriez inguratuta. Artistak ikuslea gogoetara gonbidatu nahi du bere lanarekin.