NAIZ
Bartzelona

Bruce Springsteen zinezkotasunez blai Bartzelonan, Europako biraren hasieran

Bruce Springsteen & The E Street Band taldeak bere indarra eta zinezkotasuna erakutsi zuen ostiral gauean Bartzelonako Estadi Olímpic-en 60.000 entzuleen aurrean eman zuen lehen kontzertuan. Sarrerak agortuta zeuden aspaldi, iganderako jarritako bigarren hitzordurako legez. The Boss handia baita.

The Boss, ostiralean Estadi Olímpic-en oholtza gainean.
The Boss, ostiralean Estadi Olímpic-en oholtza gainean. (Pau VENTEO | EUROPA PRESS)

«Kaixo, Bartzelona, kaixo Katalunia! Bat, bi, hiru, lau!» ohiarekin igo zen eszenatokira ‘No surrender’ lehen akordeekin batera Bruce Springsteen ostiral gaudean. Txalo-zaparrada handia, ikuslegoa gozatzen eta hiru ordu iraun zuen kontzertuan musiko mitiko honek oholtza gainean ohikoa duen indarra agerian gelditu zen.

Kataluniako hiriburuan eskainiko dituen bi kontzertuetatik lehena izan zen ostiralekoa, esaten dutenez The Boss-ek eskainiko duen azken biraren Europako biraren lehena izan zena. Igandean, hilak 30, berriz joko du Bartzelonan –sarrerak agortuta daude aspaldi–, eta lehenengo hitzordurako izen handiko gonbidatuak erakarri zituen Bartzelonara: Estatu Batuetako presidente ohi Barack Obama, haren emazte Michelle Obama –koroak egitera ausartu zen– eta Steven Spielberg zinemagileak.

Beste kantu arrakastatsuenak jo zituen, hiru ordutan, nekatu gabe, indartsu. Oholtzan hiru pantaila handi, argi joko ikusgarria, koroak eta atzean duen taldearen indarraz babestu da, babesik behar ez duen musikariak. «Catalunya, Bartzelona! Us estimem, us estimem, us estimem!» (Maite zaituztegu, maite zaituztegu) aipatu zuen behin baino gehiagotan .

Kontzertu hauekin, egun 73 urte dituen musikoa Bartzelonara itzuli da zazpi urteren buruan. ’The River’ biraren barruan Camp Noun kantatu  zuen orduan. Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan da, era berean.

Bartzelonako hitzordu bikoitzaren ondoren, bir honetan Dublinen (Irlanda), Parisen (Estatu frantsesean), Ferraran eta Erroman (Italia), Amsterdamen eta Landgraafen (Herbehereak), Zurichen (Suitza) eta Gotemburgon (Suedia) joko du, besteak beste, uztailaren 25ean Monzan (Italia) itxi baino lehen.