Amalur Artola

‘Su festak’, musikaren folklorizaziotik festibalen gentrifikaziorako ibilbidea

XXI. mendeko musika festibalen inguruko gogoeta sustatu eta egun indarrean diren kultur politikak zalantzan jartzea da Jon Urzelairen ‘Su festak’ (Susa) saiakeraren muina. Bost ataletan banatuta, festibalen garapena eta pandemia osteko egoera aztertu ditu egileak.

Jon Urzelai Urbieta, Donostiako aurkezpenean.
Jon Urzelai Urbieta, Donostiako aurkezpenean. (Andoni Canellada | FOKU)

Musika festibalen inguruko gogoeta zabala bildu du Jon Urzelai Urbietak ‘Su festak. XXI. mendeko Euskal Herriko musika festibalei buruzko saiakera bat’ (Susa) liburuan. Egungo jaialdiei erreparatu eta azterketa kritikoa egin nahi izan du egileak, indarrean dauden kultur politiken eraginkortasuna zalantzan jarri eta begia egiteko bestelako moldeetan jarriz.

«Musika jaialdiez ari da, bai, baina ez modu deskriptibo edo justifikatibo batean. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen ditu gaur egungo musika jaialdiak eta marko handiago batean kokatzen. Jaialdiei begiratzen die, gauza konkretu bati, eta hortik abiatuta argazkia zabaltzen du Euskal Herriko azken urteetako kultur politiketan arreta jartzeko eta musika jaialdiek gaur egungo Euskal Herrian ze esangura duten aztertzeko», azaldu du liburuaren aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak.

Liburu bost ataletan banatua dagoela ere zehaztu du: ‘Koba’, ‘Basoa’, ‘Herria’, ‘Hiria’ eta ‘Berriro ere koba’. Lehena sarrera moduan darabil eta kobazuloak, akelarreak eta festibalak lotzen ditu, Mairuelegorretako kobako euskal jaialdia, Crystal Fighters-ek Zugarramurdin eskainitako kontzertua eta 1971n Larraitzen egindako jaialdia erreferentziatzat hartuz. Tarteko hiru ataletan egungo jaialdien ingurukoak xehatzen ditu eta azken atalean pandemiaren ostean musika festibalek bizi duten errealitatearen gaineko azterketa egiten du, krisi klimatikoaren testuingurua eta mundu digitala present izan beharko dituzten festibalen gaineko hausnarketa egiteko.

«Hau guztia ez zen hasi liburua idazteko asmoz –azaldu du egileak–. Abiapuntua harridura zintzo bat izan zen, fenomeno bat modu sakonagoan ulertzeko bulkada bat. Nola zen posible ia edozein gairen inguruko gogoeta mamitsuak irakurri daitezkeen honetan geroz eta modu erabatekoagoan inguratzen gaituzten festibalen gainean taxuzko analisirik ezin topatu ahal izatea?», galdegin du aurkezpenean. 

Gaiak «bestelako irakurketa bat» merezi zuela eta materiala biltzen hasi zen, harik eta liburu batean biltzeko moduko informazioa zuela ebatzi zuen arte. Liburuan, musikaz beraz baino festibalen beraien egituraketaz eta duten eragin sozialaz mintzatu nahi izan du, bere iritziz «musika jaialdiez aritzea gure gizartea deskribatzea» ere badelako.

«Festibalak asmo utopikoen gordailu izan dira eta identitate zapalduen aldarrikapenerako zita. Transzendentziarako balio izan dute jairako bezainbat. Egun ekitaldion inguruan solasteko beste hiztegi bat behar dugula deritzot, hau da, uste dut ezinbestekoa dela hiri eta nazio markez hitz egitea, turistifikazioaz, folklorizazioaz, baita gentrifikazioaz ere. Egoera geroz eta monopolistikoagoaz eta festaren pribatizazioaz», egin du aldarria, eta honekin guztiarekin batera musikaren inguruko langileen egoera ere aztertzea beharrezkotzat jo du.

Liburuaren ildoetako bat «kulturak berak gurean zer esan nahi zuen» argitzen saiatzea ere badela azaldu du Urzelaik, «salgai huts den, inbertsioak erakartzeko kaskabilo magiko, askapenerako bide, garapen urbanistikorako erregai, komunitatea trinkotzeko erraminta...». Liburuan aipatzen diren hamaika festibalak eta hauek aztertzen laguntzeko erabili dituen askotariko erreferentziak «aipatu auziaz jarduteko bitarteko» ere badirela uste du egileak.

«Liburu hau egungo kultur politikak zalantzan jarri eta gogoeta eta eztabaida sustatzeko gai bada, bere egitekoa beteko du», amaitu du.