Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Itxaro Borda
Idazlea

«Milia Lastur nire itzalean edo ni bere itzalean, aitzinatu gara emazte bidean»

Itxaro Bordaren ‘Milia Lastur on the road’ olerkia Iruñeko Ganbera Abesbatzako kideen ahotsetan entzungo da larunbat honetan, David Galvezen zuzendaritzapean. Idazle baionarra pozarren dago Yolanda Camposek egin duen sorkuntzarekin. Bizi berria hartu du XV. mendeko Milia Lasturkoren auhen kantak.

Itxaro Borda, Yolanda Campos eta David Galvezen artean.
Itxaro Borda, Yolanda Campos eta David Galvezen artean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

‘Hilotzen karrasiak josirik ahoan/ Nola aurkituko dun hire sokorria?/ Maiteko haut Milia, ez hadila joan,/ Hator, edan dezagun ardao gorria./

Baratz aberatsetan ebatsi sagarrak/ Gordeko ditinagu bide bazterretan:/ Ahantz otoi Milia sarraski zaharrak/ Eta suaren kantak bizihats erretan/

Beda bustiek egin maitasun ohantzan/ Etzanen gaitun gero, bi-biak bihotza./ Gauero zazpi itzal ikusteko dantzan./

Non dago harria? Non dago lur hotza?/ Eresi hark ziona jartzeko zalantzan,/ Maiteko haut Milia, ez hadila lotsa./’

Hala dio Itxaro Bordaren ‘Milia Lastur on the road’ poemak. 2007. urtea zen. Aurretik, 1985ean, argitaratua zuen ‘Milia Lastur revisited’. Susa argitaletxearen lehen lanetakoan izan zen, ‘Krokodiloa daukat bihotzaren ordez’ bilduman.

XV. mendeko testu anonimoan aurkitu zuen inspirazioa idazleak: ‘Milia Lasturkoren eresia’, emakumearenganako tratu txarrak salatzen zituen auhen-kanta.

Itxaro Bordak (Baiona, 1959) gogoan du nola hunkitu zen eresiaren berri izatean. «1980ko hamarkadaren hasieran irakurri nuen. Euskarazko testuak doi-doi iristen zitzaizkigun garai hartan. Nire inguruan, familia zabalean, herrian, gaizki tratatuak ikusten nituen emazteen irudia zekarrela iruditu zitzaidan. Orduan ez zen genero biolentzia aipatzen. Kolektiboki formulatzera heltzen ez ginen zerbait zekarren eresiak: genero biolentzia, euskal jendartearen baitakoa; eta ez dut biolentzia politikoa aipatzen    –nahiz biolentzia guztiak politikoak diren–. Adin guztietako emakumeak, haurrak barne, gaizki tratatuak zirela aipatzen zuen. Hunkitu egin ninduen», adierazi dio NAIZri.

Poemari berriro heldu zion 22 urte geroago. «2007an Frantzian erabaki zen ez zela legerik onartuko ezkontza homosexualen alde, eta beste poema bat idatzi nuen, Milia Lastur berriz bidean sartuz».
«Bi erranaldi birziklatu nituen. Milia Lastur bere zoritxarretik ateratzera eta maitasunaren eta libertatearen eremura sartzera gomitatu nuen. Beti lotu izan dut emakumeenganako bortizkeriarekin, emakumeak gaizki tratatzearekin, lesbianismoarekin. Politikoki egin ez den zerbaiten oihartzuna dauka. Hor ere libertatearen eta nork berak nahi duen bezala bizitzearen aldeko aldarria egiten du», jarraitu du idazleak.

Publikoaren erantzuna nolakoa izan zen? «Eako Poesia Egunetan irakurri nuen, bi musikariz lagunduta. Han eskainia izateko idatzi nuen justuki, Bizkaiko kostaldean kokatuta. Hainbat pertsona hurbildu zitzaidan emozioz beteta; eragin fisikoa eta mentala ukan du ‘Milia Lastur on the road’ poemak», aitortu du Bordak. «Nahiz XV. mendeko pertsonaiaren inguruan idatzia den testua behin eta berriz, betikotasuna badu. Eta emazte, eta urrunago joanez, gaizki tratatu, baztertu edo preso eramandako pertsona guztiak irudikatzen ditu Milia Lasturrek», esan du.

Orioko gertakizuna hizpide du. «Gaur egun ere gertatzen da. Ez dira errealitateak aldatu. Baina bada aldaketa bat: salatu egiten ditugu eta ikusi egiten ditugu. Begiak ireki ditugu genero biolentzien gainean». 

Estreinakoz Iruñeko Ganbera Abesbatzak Baluarten estreinatuko du larunbat honetan ‘Milia Lastur on the road’. Yolanda Campos Bergua konpositoreak enkarguz egindako lana da, emakumeen abesbatzarentzat eta ensemblearentzat. Sei mende geroago, kantariek ahotsa emango diote historian isildutako hainbeste emakumeri.

Bingen Amadozek ekarri du gaztelaniara Bordaren obra, eta David Galvez Pintadoren zuzendaritzapean arituko dira kantariak. Sergio Eslava (saxo altua), Ainara Moreno (harpa eta salterioa), David Johnstone (txeloa), Javi Pelegrin eta Santi Pizana (txalaparta eta perkusioa) izango dituzte lagun. Hitzordua Baluarteko Auditorioan da, 19.30ean.

Molde berria 2018tik ari dira proiektua ontzen, bi urteko izurria tartean. «Plazera da ikustea egingo dela, eta ze molde berrian, gainera! Enetzat garrantzitsuak dira bi poemak. Ene poeta bizitzan behin baino gehiagotan hartu dut Milia Lasturren irudia, eresitik hasita; birmoldatu eta ene itzalean edo ni Miliaren itzalean, aitzinatu gara gure emazte –eta ene kasuan lesbiana– bidean. Horrela izan da beti. Beste batzuentzat ere horrela izatea asko gustatu zait. Milia Lasturren figura, nik hartu bezala, Yolandak hartzeak hunkitu ninduen».

Ikerketa prozesu betean zela aurkitu zuen Camposek Bordaren poesia «ausart eta konprometitua».

Ahozko eta herri literaturako beste adierazpen batzuekin batera jaso zen auhen kanta. Erdi Aroko hileta kantak, Euskal Herrian, emakumeek inprobisazio gisa konposatu eta interpretatzen zituztenak. Eresiak debekatuak izan ziren salaketa eta kritikengatik, eta haien sortzaileak, bertsolarien aurrekoak, isilduak.

Debekuari erreferentzia eginez, «justuki isildua zen hura ekarri nuen poema horietan. 80ko hamarkada oso urrun geratu da, gauza askoz ez genuen hitz egiten. Bazen omerta moduko bat, eta ‘Milia Lastur revisited’ hori gainditzen saiatzea zen».

Orainik ez da iraganik gabe. «Bai, gaur egun guztiek iragan guztiak biltzen dituzte», dio.

1985-2007-2023. Zikloak ez du etenik. Eta kontakizunaren azken kapituluan ere Borda bertan da. Galvezekin eta Camposekin batera aurkezpena egin zuen Iruñeko Civican aretoan, duela egun batzuk. «Genero biolentzia, libertatea, norbera izateko eskubidea... aipatu genituen. Horretarako baliabide bilakatu da musika; eta garrantzitsua da». «Emozioz beteriko arratsaldea ukan genuen hirurok elkarrekin. Abesbatzako zenbait kide ezagutzea plazer handia izan zen. Eta bihotza pil-pil ari zait, estreinaldian pentsatzen dudalarik», esan du Bordak.

Tradizioaren eta sorkuntza garaikidearen artean dago sorkuntza. Egileak modalitate klasikoa hartzen du abiapuntutzat, Erdi Aroko musika-aldian agertzen dena, modalitate mikrotonalarekin lotzen dena; lengoaia horrek erronka oso korapilatsua planteatu dio abesbatzari, mikrotonalismoa ez baita ahots musikan erregulartasunez integratutako hizkuntza.

Garaikidea

«Musika garaikidea eta iraganean garaikidea izan dena ere elkartu ditu. Aldi oro garaikideak dira, irakurtzen eta berrirakurtzen eta eskaintzen ditugun bitartean. Yolandak biziki ongi uztartu ditu», adierazi du.

Txeloa, perkusioa, txalaparta –Hutsun Txalaparta Taldeak propio sortu du­– eta saxoa bezalako instrumentu gaurkotuagoak entzungo dira larunbat honetan.

«Azken hau Itoiz eta Hertzainak taldeen omenez, XX. mendeko euskal musika panoramako talderik adierazgarrienetako eta abangoardistenetako bi, eta Itxaro Bordaren eta konpositorearen beraren bizitzan oso esanguratsuak zirenak», diote Abesbatzakoek.

«Biziki maite dut musika garaikidea, oso zalea naiz –aitortu du Bordak–. Musika mikrotonalari zenbait tresna gehitu, eta ororen gainetik, ahotsak. Ederra izango da».