Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Gari
Abeslaria

«Beti nabil zerbaiten bila, baina finean, nire helburua zein da? Pertsona normal bat izatea»

Ikusleak popatik hartzera bidaltzen zituen Gari haren (Ibon Garitaonandia, 1963) eta gaur egungo musikari zintzoaren artean jauzi handia dago. Horren adibidea, hemen.

Gari, elkarrizketaren une batean.
Gari, elkarrizketaren une batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ekainean eta uztailean zehar, gitarra akustikoa hartu eta bakarkako kontzertuak ematen ibiliko da Gari han eta hemen: Garazi, Burgi... Oraindik data guztiak lotzeke ditu. Kontzertu intimoagoak izango dira, «komite txikian», arnasa hartzeko, azken urtebete hau nahiko intentsua izan zaiolako: bukatu berri du, Maldanbera taldearekin, “Gari&Maldanbera: Zuzenean 2022” (Elkar), bere zuzeneko lehen albuma eta bakarkako ibilbidearen errepasoaren bira, eta, ia modu paraleloan, 2022an Hertzainak taldearen agur kontzertuak egin zituzten, zauriak eta oroitzapenak ixteko kontzertu terapeutiko haiek. Ortzi-mugan, 2024an, disko berria du.

Oholtza gainean egoteko manera propioa duzu, oso zurea dena. Deigarria egiten da, ez dituzulako kantak aurkezten, bata bestearen atzetik jotzen dituzu... Bitxia egin izan zait, eta galdera sortu zait: horren atzean badago istoriorik?

Bada, tara psikologikoak, beldurrak eta gero, dohain hori ez dudala ere bai. Hori landu egin behar da. Eta gero eszenan egotea niri pilo bat kostatzen zait. Zergatik? Elkarrizketak egitea ere kostatzen zait, oso urduri jartzen naiz. Honelakoak badira hobe, baina zuzenekoak badira... bat-batean kolapsatu egiten naiz. Eta badut horrelako arrasto bat non argi ikusten den zein bizimodu izan dudan hainbat urtetan: ni politoxikomanoa izan naiz hamabost urtez, eta horrek ondorioak ditu. Nahiz eta fisikoki ondo nagoen, eta nahiz eta buruarekin ere normalean nahiko ondo defendatzen naizen, izaten ditut boladak non ideiak ditudan hemen [burua seinalatu du keinu batekin] baina ezin ditudan ahoskatu. Eta oso urduri jartzen naiz.

Orain bakarkako zuzenekoetan “terapia” moduan hasten naiz hitz egiten eta kontatzen. Lehenengo kantarekin izaten da normalean, zeren eta oso terapeutikoa izaten baita “Amets” kanta; horrekin hasten naiz. Bakoitzak egingo dio bere irakurketa propioa, baina nik kanta hori egoera oso latz batean idatzi nuen. Oso harrapatuta nengoen, jonki total, jota nengoen eta oihu bat egiteko kanta izan zen hura: «Baten batek lagundu beharko dit hemendik ateratzen ni ez bainaiz gai». Eta amets hori amestu nuen, laguntza oihu bat izan zelako. Oraingo bakarkako zuzeneko emanaldietan “Amets” lo-kanta bezala jotzen hasten naiz, gitarra akustikoarekin, eta iruzur egiten diot nire buruari: hau da lo-kanta bat [irribarrea].

Duela gutxi Athleticek, Osasunaren aurkako derbiaren bezperan, erabili berri du sare sozialetan. Bitxia da zenbat irakurketa izan dezakeen kanta batek.

Horretan datza-eta musikaren magia: zertarako balio dute kantek, nork daki? Bat-batean sortzen dira horrelako testuinguruan eta begira zein ondo geratzen den esaldi hau edo lelo hau edo doinu hau... Zenbat kantarekin pasatu izan da hori? Adibidez, Bruce Springsteen-en “Born in the USA” kantarekin: entzun genuenean «alegatu nazionalista bat da» esan genuen, baina beste istorio bat kontatzen du. Bakoitzaren irakurketa propioa da... Magia hor dago.

Zure ibilbidean ez duzu sekula musika utzi; zure bizitzaren une guztietan, baita gorabeheratsuenetan ere, beti izan duzu lagun. Musika terapia legez sentitzen duzu?

Bai, eta adibide bezala, ni Gizakia Helburu-n sartu nintzenean, handik bost hilabetera, esango nuke, mahai gainean jarri nuen berriro ere musikara bueltatu behar nuela. Eta jaso nuen erantzuna hau izan zen: «Ahaztu ezak musika», dena lotu egiten zelako hor. Oso temati jarri nintzen eta, prozesuan nengoela, lortu nuen. Eta egia da musikak lotu egiten ninduela mundu beltz horrekin, baina badu beste alde bat, eta beste horri oso ondo heldu diot. Gainera, musikak horixe du: musikak magia sortzen du eta indartu egiten zaitu. Artistok, nahiz eta jota edo gaixorik igo oholtzara, bat-batean barneko indar hori sentitzen dugu eta ahaztu egiten zaigu bestea.

Ez dakit ohartu zaren, baina kuxkuxeatu egin dut sareetan eta Spotify-n jarraitzaile asko dituzu.

Ez dut ezer begiratzen.

Ez diezu kasurik egiten sare sozialei? Ohartu naiz facebook oinarrizko bat duzula, baina twitterrik ez.

Ez, ez, nik sare sozialik, ez. Ez daukat whatsapp-ik, ez dut ezer jakin nahi. Instagram eta facebook-a nire ilobak eramaten ditu, eta nik ez ditut ukitzen.

Zer egin dizute?

Ez dut jasotzen ezer positiborik hortik. Hertzainak taldearen itzulerarekin jaso dugu bat-batean jendea oso urduri jartzen zela sareen kontuekin [harridura keinua]. Bost axola niri; niri axola zait nirea ondo egitea, eta ni indarrez azaltzea, eta nik oso garbi izatea zer nahi dugun transmititu, zer esan nahi diogun publikoari eta nola egin bat publikoarekin. Gainerako guztia... Nik jakin nahi dut nire liturgia egokia ote den publikoarekin bat egiteko. Baina ez dut nahi apaiz bat bezala irten... Hori egiten baikenuen 80ko hamarkadan.

Nik hemen, une honetan, jotzen badut, esaterako, “Esperantzara kondenatua” bezalako kanta positibo bat, modu batera ateratzen da, baina parean pertsona bat edo bi edo 10.000 lagun egon, kantak beste dimentsio bat hartzen du, eta hori oso inportantea da. Nolabait, orduko gure planteamendua oso ondo zegoen, zeren eta guk hau adierazten baikenuen oso ondo: «Somos incorruptibles, tenemos muy claro hacia dónde vamos, qué buscamos... ¡Os queremos dar de hostias, hijos de puta!». Baina zer gertatzen zen? Feedbacka ematen zen, gure jarrera oso gogorra zelako eta publikoak hori bera nahi zuelako. Txistuka hartzen gintuzten eta «putasemeak» erantzuten zigutenean zera adierazi nahi zuten: «Popatik gizarte hau!». Beste komunio mota bat zen hura.

Gaur egun feedback hori gauzatzeko modua aldatu da.

Noski, orain, hainbat urte pasa tu ondoren, beste komunio bat behar duzu. Baina inportantea izan zen azterketa hori egitea, aldez aurretik jakiteko ere bai Hertzainak taldean gure onena ez zela bakarrik kanta horiek jotzea, baita kanten emozioak beste puntu batetik transmititzea ere. Ez gara 80ko hamarkadakoak, beste gauza bat gara. Eta gaur egungo egia nolabait jaso egin behar dugu kantetan adierazteko, eta nik uste dut oso lan dotorea egin genuela.

Ziper taldean abiatu zenuen ibilbidea, 1983. urtean. Gero Hertzainak mitikoan parte hartu zenuen hamarkada batez, ondoren luzaroan bakarkako lana egin zenuen eta berriz ere, Maldanberarekin, formatu horretara itzuli zara. Zein garrantzi dute taldeek zure ibilbidean?

Taldea gehienbat familia osatzea da. Aspalditik garbi dut musika, garai batean, familiarekin eta gizartearekin apurtzeko erantzun bat izan zela niretzat; nolabait, halako jarrera gogor edo suizida bat, deitu nahi duzun moduan, osatzeko. Zer gertatzen da? Gero bizitzak eta esperientziak nolabait hainbat “amets” apurtzen dizkizula: ametsak diluitu egiten dira eta zure printzipio horiek kili-kolo jartzen dizkizu, eta orduan hasten zara aztertzen guztia beste modu batera. Adibidez, nik 80ko hamarkadan Hertzainak taldearekin egiten nituen elkarrizketetan beti hasten nintzen titularrak ematen. Titularrak ematea oso erraza da, besteak kritikatzea oso erraza delako. Zer geratzen da? Rockaren izarraren estereotipo guztiak: sexua, drogak eta rock and roll-a. Aztertu nuen guztia eta esan nuen: «Banoa nire bizitza sortzera eta beste modu batean eraikitzera». Horretarako inportantea da drogak baztertzea.

Prozesu hori oso latza izan zen, baina oso inportantea eta baikorra ere bai, zeren eta hor bat-batean ikasi bainuen erabiltzen hainbat baliabide bizitzari beste ikuspuntu bat emateko eta norberaren bizitza eta norberaren askatasun pertsonal hori eraikitzeko. Inportantea izan zen, adibidez, nahiz eta garai hartan nire burua beste planeta batean zegoen, Bernardo Atxagak esan zidana. Hertzainak desagertu ondoren, ni kalean nengoen, Gasteizen, Lou Reedek esan zuen bezala, «nire dealer-ren zain», eta Atxagak hain gaizki ikusi ninduen ezen kafe batera gonbidatu ninduen. Aritu ginen mintzatzen, eta gerora ere mintzatu gara hainbat gairi buruz: mintzatu gara drogaz, askatasun pertsonalaz, libreak izan behar dugula... Baina askatasun horren bila, rock and roll-etik, sexutik eta drogetatik paso egiten dut. Alegia, nik neure kantak kantatzen ditut eta banoa.

Oholtza gainean duzun jarrera hori «postureo» bezala irakur zitekeen, bada.

Ez, ni ezkutu horren barnean sartuta nago oraindik, «ez nazazue jo» jarrera horretan. Eta prozesu horiek ez dira errazak izaten. Drogekin gertatzen den bezala: «Bi hilabete eman ditut zentro batean, gurasoek 200.000 euro ordaindu dituzte eta garbi nago», esaten dutenak bezala. Hori saltzen da. Prozesu horiek oso gogorrak dira, ordea, baina prozesu emozional guztiak izaten dira oso gogorrak eta luzeak. Niretzat libre izatea eta bide bat eraikitzea oso inportantea izan da, eta beti esaten dut gauza bera: nik sentitzen dut nire bizitza beti irteera marran dagoela, beti zerotik hasten naizelako. Beti nabil zerbaiten bila, eta zertarako? Nolabaiteko pertsonalitate normal bat eraikitzeko. Izan ere, finean, nire helburua zein da? Pertsona normal bat izatea [barreak].

Hara! Horrekin jota utzi nauzu... Nork nahi du normala izan?

Atzo esan nion emazteari: orain dena da zarata, hauteskundeetan gaudelako, eta kolore guztietako politikariek zer egiten dute? Zarata. Baina kulturan ere, oro har, berdin. Ez bazara gauza zarata ateratzeko, jai. Eta horretarako, titularrak behar dira,. Eta zer gertatzen da? Sartzen zara Google-eko albisteetan eta kulturan dena dira titularrak, kakaztutako titularrak.

Algoritmoen mende gaude, hori argi dago. Algoritmoek bideratzen gaituzte mota finko bateko musikara edo gaietara. Baina hain zaila da beste merkatuetan muturra sartzea? Gogoan dut nola atera zenuen diskoa gaztelaniaz, beste merkatu batzuetara zabaltzeko edo.

Nik hori egin nuenean oso gaizki nengoen. Oso-oso gaizki. Norbera gaizki dagoenean edozer gauza egiten du, baina egia da gaur egun, atzo, lehen eta gaur, dena oso konplikatua dela. Zergatik?

Hizkuntza minorizatuekiko edo beste musika ez estandarrekiko interesik ez dago?

Espainian, eta Euskal Herrian ere bai, kultura musikala oso eskasa da. Uste dut are eskasagoa izan dela, baina oraindik ere oso eskasa da. Espainian bide bakarra dagoela nabaria da. Jazz mundukoak nola dabiltza? Ez dago zirkuiturik, eta zirkuiturik ez baduzu oso konplikatua suertatzen da.

Pandemiaren ostean kontzertuen susperraldi bat izan zen, baina ez dirudi zirkuitua bere horretara itzuli denik. Nola bizi duzu zuk musikaren egungo egoera?

Eta hemen, zer gertatu da? Hemen izan dugu horrelako formula bat bere oihartzuna izan duena eta bere bidea izan duena: gaztetxeak. Gaztetxeek sortu zuten halako sare bat, oso oinarrizkoa -eta zenbait gairekin bat ez nator; esaterako, sarrera guztiak 5 eurotan jartzearekin-, baina hainbat gauza oso ondo egin dira.

Baina, zer gertatu da? Orain arte kulturak, Euskal Herrian eta beste herrialde batzuetan, halako ukitu ideologiko berezi bat izan du, orain ez dagoena: orain belaunaldi aldaketa honekin, “nos crujen por todas partes”. Nik ikusten dudanean artista bat Louis Vouitton jantziekin, Prada markako zapatilekin eta abarrekin, harritzen naiz, guk kontra egin baitiogu horri guztiari. Badakigu horrek zer esan nahi duen: ez da marka soil bat, baizik eta marka horren atzean dagoena. Diskurtsoa hauxe da: «Nik hau erabiltzen dut hemen sartu ahal izateko». Nahi duzuna esan dezakezu, baina sartu zara dinamika horretan eta dinamika berri horietan ideologia diluitu egin da.

Noski, ni ez naiz ibiltzen neure kantetan aldarrikatzen. Nik emozioei buruz hitz egiten dut eta normalean nire gai erabilienak zeintzuk izaten dira? Mina, esperientzia pertsonalak, ibilbideari begirada bat ematea gehienbat berriro ere indarra hartzeko eta gauzak aldatzeko... Baina, batez ere, nire helburua zein da? Bakoitzak ikustea posible dela aske sentitzea eta askatasun pertsonal horretan nork bere burua eraikitzea. Gaur egun Euskal Herrian ere ikusten da, ordea, talde inportanteenek zein itxura duten, zer saltzen duten beren irudiarekin, gaur egun dena baita twitterra, sare sozialak, bideoak... Orain kanta bat ez da bakarrik ateratzen audioan, baizik eta audioan eta bideoan. Eta bideo horiek zer nolako ukitua duten argi eta garbi ikusten da.

Ikusi zintudan facebooken Benito Lertxundiren kanta bat bertsionatzen. Pista bat izan daiteke 2024rako prestatzen ari zaren proiekturako?

Maldanberaren bira kontzertuetan hainbat musikariren bertsioak egin nahi nituen, zeren eta uste baitut inportantea dela, eta oso gutxitan egiten baita hemen beste adiskide musikal batzuen kanta bat hartu eta bertsioa egitea. Diskorako kanta berriak eta zelako giroa sortzea bilatzen ari gara.

Nola sortzen duzu? Letrek garrantzi berezia izaten dute zure lanetan, esaterako. Kontalari aparta zara. Zuk idatzi dituzu hainbat kanta, beste batzuenak ere erabili dituzu, ezta?

Orain, adibidez, Karmele Jaio, Iñigo Astiz eta Txuma Murugarrenekin ari naiz. Idatzi ditut kanta batzuk, oso politak, baina bakoitzaren prozesua oso desberdina da. Iñigorekin, Bilbon bizi baikara biok, gertutasun bat dago eta hainbat proiektu elkarrekin egindakoak gara; beraz, berak badaki norantz noan zentzu horretan.

Karmele Jaiori deitu nion eta esan nion: «Begira, nahi nuke zeozer ikustea, ia aukera dagoen...». Bidali zizkidan hainbat testu eta ez nuen tonua hartzen, eta bat-batean beste bat bidali zidan: «Elurretan etzan nahi nuke besoak zabalik, etzan». Hortik aurrera, ostia, irakurrita bakarrik doinua hor dago. Osatua dago, oso kanta polita.

Txuma betidanik maite izan dut, eta gainera, badakit garai txarra pasatzen ari dela. Berarekin elkartu nintzen Mutrikun. Eraman nuen gitarra eta portuan ginela, gitarra hartu eta, berak oraindik ez daki, baina geratu nintzen horrelako doinu batekin. Momentu hartan erabilitako doinua kanta berri horren oinarria da.

Ni neu ere ari naiz idazten, baina gero eta gehiago kostatzen zait: lehen ez nuen astirik; gorputza drogarekin asetzeko zen denbora. Esaterako, lehenengo diskoko “Zaharra zara Bilbo”, “Amets”... disko horretako kanta guztiak bi minututan eginda daude, di-da... Ez bainuen astirik, esan bezala. Eta horrela eginda daude. Orain, pufff.

Denboraren kudeaketa desberdina da orain, agian?

Adin kontua izango da. Musikalki baliabide gehiago ditut, eta lehenengo bulkada aprobetxatzen dut: hartzen dut gitarra, grabatu eta hor gelditzen da. Niretzat inportantea da gero hori erabiltzea, gero osatuko dut puzzlea ala ez, baina sortu den lehenengo inpresio hori mantentzen dut. Ez dago formula jakinik, baina mantentzen ari naiz hori, beste modu batera sentitzen naizelako, zeren eta aprobetxatu nahi baititut momentu horiek. Yogurinha Borovak eskatu zidan kanta bat, eta esan nuen: «Nola kanta bat? Etor zaitez etxera eta bi ordu libre ditut». Bi ordutan, di-da, zirriborroa egina dago, kanta egina dago.