NAIZ

Zergatik egiten dute «dantza» kakahueteek garagardoan?

Kakahueteek garagardoak baino gehiago pisatzen dute, beraz, hondora erortzen dira. Baina berehala igotzen dira, eta gero kulunkatzen hasten dira. Fenomeno honek garagardoak bere gasa galdu arte iraun dezake.

Kakahueteak, garagardoan «dantzan».
Kakahueteak, garagardoan «dantzan». (Markus SCHMID | AFP)

Garagardo baso baten barruan kakahuete bat botatzen denean, lekale hori hondora erortzen da, baina gero berriz igotzen da eta «dantza» bati ekiten dio. Orain arte zientzialariek ez dute zergatia zehazten asmatu. Misterio horri Buenos Airestik igarotzen zen zientzialari brasildar batek egindako ahaleginari esker argitu da.

Bere ikerketak, asteazken honetan argitaratu denak, eragina izan dezake mineral erauzketa batzuetan, edo lurreko magmaren portaera ulertzeko orduan. Luiz Pereira ikertzaile brasildarrak, ikerketaren egile nagusiak, AFP agentziari azaldu dionez, harritu egin zen Buenos Aireseko zerbitzariek kakahuete batzuk garagardoan uzten zituztela jakitean.

Kakahueteek garagardoak baino gehiago pisatzen dute, beraz, hondora erortzen dira. Baina berehala igotzen dira eta gero kulunkatzen hasten dira. Fenomeno hau garagardoak bere gasa galdu arte iraun dezake.

Ikerketak argitu duenez, kakahueteak garagardoa gasifikatzen duen karbono dioxidoaren burbuila ñimiñoak erakartzen eta atxikitzen ditu. Burbuila horiek lekalearen igoera eragiten dute. Airearekin kontaktuan sartzean, lehertu egiten dira, eta prozesua berriro hasten da. «Burbuilak hobeto sortzen dira kakahuetearen inguruan basoaren hormetan baino», azaldu du Pereirak, Municheko Ludwig Maximilian unibertsitateko ikertzaileak.

Bere nazioarteko fisikari taldeak (Alemania, Britainia Handia eta frantziar Estatuko adituekin) aurkitu zuen kakahuetearen azaleraren eta burbuilaren arteko angelua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta azkarrago sortzen dela. Baina gakoa da burbuilak ez duela handiegia izan behar, gehienez 1,3 mm-koa.

Esperientziak aurrera egin ahala, eta bezeroak garagardoa edaten ez badu edo kakahueteak jaten baditu, gasifikazioak irauten duen bitartean prozesua errepikatzen ari dela egiaztatu ahal izango da.

Royal Societyren ‘Open Science’ aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, antzeko prozesua gertatzen da burdina eta minerala bereizteko eta harrapatzeko airea injektatzen denean. «Burdina errazago lotzen zaie burbuilei, gainerako mineralak hondora erortzen diren bitartean», azaltzen du testuak.

Eta gauza bera gertatzen da magnetitarekin, lurrazaleko magmaren goiko geruzetara igotzea lortzen baitu, trinkoagoa izan arren. Gas burbuilak ukipen angelua dela eta, ikertzaileen ustetan, mineralak «rebotatu» egiten du eta berriro igo.

Pereirak azaldu duenez, zientziaren onerako, zientzialariek «kakahuete eta garagardo ezberdinen ezaugarriekin esperimentatzen» jarraituko dute.