NAIZ

‘Oilarrak oiloari’ kantuarekin eman die hasiera Korrontzik bere 20. urteurren ospakizunei

Korrontzik hogei urte beteko ditu 2024ean eta, urteurrenari begira, disko berria prestatzen ari da. Lanak udazkenean ikusiko du argia baina, iragarpen modura, lehen kantua eta honen bideoklipa sareratu dituzte: ‘Oilarrak oiloari’, Bihotx txalapartarien partehartzea duen abestia.

Ospakizun berezi batean sartzeko puntuan da Korrontzi. Agus Barandiaran eta Mikel Romerok sortutako folk taldeak hogei urte beteko ditu 2024an eta, urteurren borobil hori ospatzeko, disko berezia prestatzen dabiltza mungiarrak.

Ohar bidez azaldu dutenez, ‘20 urte – 20 abesti – 20 kolaboratzaile’ izenburua emango diote urteurren diskoari eta, aurreikuspenen arabera, udazkenean ikusiko du argia.

Une honetan taldea «ekoizpen lanetan buru belarri sartuta» dabilela azaltzeaz batera, proiektuaren ekoizpena Luis Peixoto portugaldarrak daramala azaldu eta, diskoak argia ikusi bitartean, «eta uda alaitze aldera», diskoan joango den lehen kantua aurkeztu dute.

‘Oilarrak oiloari’ du izena diskoaren aurrerapen kantuak eta jada jarri dute entzungai plataforma nagusietan. Kantua Bihotx, Lara Mitxelena eta Gema Ines txalapartari bikoteak osatzen duten taldearekin elkarlanean osatu dute.

Korrontzik ohikoa duen folk doinuak dira nagusi dantzarako gonbidapena egiten duen kantu honetan: bideoklipean bertan, bi taldeetako kideak ageri dira eremu natural baten erdian eta Oinkari dantza taldeko kideak ere ikus daitezke, Eneko Gil-en egindako koreografia dantzatzen.