NAIZ

Irribarrez eta musikarekin gozaraziz jaso du Zea Mays taldeak Adarra Saria

Aiora Renteria, kantuan, saioa jaso ondorengo emanaldian.
Aiora Renteria, kantuan, saioa jaso ondorengo emanaldian. (Jon URBE | FOKU)

Zea Mays talde bizkaitarrak 2023. urteko Adarra Saria jaso du asteazken honetan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin den ekitaldian. Laukoteak kontzertua eskaini du ondoren.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatu duten hamargarren Adarra Saria izan da aurtengoa, eta Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako aholku batzordeak erabaki du Zea Mays taldeari ematea.

Asier Basabek, Ruben Gonzalezek, Iñaki Imaz ‘Piti’-k eta Aiora Renteriak osaturiko taldeak Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra jaso du Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskaini du hainbat lagunen kolaborazioarekin.

Saria emateaz arduratu den aholku batzordearen arabera, 26 urteko musika ibilbidean, Zea Mays taldeak «oso maila altuari eutsi dio kalitateari eta arrakastari dagokienez». «Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diote eman duten guztia eta jarri duten bihotza», adierazi du.

Halaber, diskoetan zein zuzenekoetan hainbeste lankide izatea nabarmendu du, hala Euskal Herriko artistekin nola nazioartekoekin. «Euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea da eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako 11 diskoak dira horren erakusgarri», ziurtatu du.

«Beti irribarre handi batekin»

Adarra Saria jaso izanaren harira, talde bizkaitarrak ekitaldiaren aurretik esan du sariak «beti irribarre handi batekin» hartzen dituztela, «eta oraingoan baita malkoekin ere, gure izena Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozioaz».

«Guretzako musika beti izan da beharrizan bat eta gure ibilbidean zehar barrutik eta bihotzez sortzen saiatu gara. Maite duguna egiteagatik sarituak izateak oso harro sentiarazten gaitu. Harro gaude baita bidean izan ditugun lagunez, ereindakoaz eta bildutakoaz ere. Sari hau gu guztiona da. Ematen diguzuen maitasunarekin baietz beste 26! Eskerrik asko», adierazi du laukoteak.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikagintzan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko urtero. Orain arte, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria eta Joseba Tapia izan dira sarituak.