SPONSORED CONTENT

Sanjoanetan murgiltzeko prest dira Gipuzkoako zenbait herri

Ostirala iristearekin batera, Gipuzkoako herri batzuk San Joan jaietan murgilduko dira. Andoain, Arrasate, Eibar, Hernani, Tolosa… dira nagusiak, baina beste hainbat herri txiki eta auzoetan ere piztuko dituzte urteko gaurik motzenari ongietorria emateko suak.

Ostiral iluntzean, herri eta auzo askotan, San Joan sua piztuko dute. Irudian, Andoain.
Ostiral iluntzean, herri eta auzo askotan, San Joan sua piztuko dute. Irudian, Andoain. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jai hasierako txupinazoa ostiralean botako duten herrien artean dago Andoain. Aurten, mendeurrena bete duen S.D. Euskalduna kirol klubeko ordezkariek botako dute, ehun urte luze horietan herriko kirol eta kultura bizitzan etengabe parte hartu izanagatik.

Datorren astearte bitartean (ekainak 27), andoaindarrek ez dute aspertzeko denborarik izango. Ekitaldi tradizionalak mantenduko dira, hala nola Lebiton erraldoi eta buruhaundien konpartsaren emanaldiak, korporazio berriaren sokadantza eta salbea, axeridantza edo haurren danborrada.

Kirola ere oso presente egongo da, honako ekitaldiekin: pala jaialdia, herri kirolak, pilota eta zesta punta, kros mistoa eta txirrindularitza.

Musika arloari dagokionez, aurreko urteetan bezala, talde ezagunek alaituko dituzte Andoaingo gauak. Besteak beste, ETS eta Korrontzi (ostirala 23), Zea Mays (larunbata 24), Burrunba eta Bulego (igandea 25) edo Michael Jackson-i tributua (astelehena 26).

Andoaingo erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Xixori Belardenda, Autoescuela Vallina, Mapfre, Ormaki, Elizondo Taberna.

Arrasaten makala jasoko dute San Joan bezperan.


Arrasaten ere egitarau zabala prestatu dute udal jai batzordeak eta txosna batzordeak urteko gaurik laburrenari ongietorria emateko. San Joan sua gaueko 22.30ean piztuko badute ere, aurretik zenbait ekitaldi iragarrita dago.

Txosna batzordea izango da goiztiarrena, eguerdiko 12.30ean txupinazoa botako baitu, oraingoan Arrasateko Bilgune Feministaren eskutik. Ondoren trikipoteoa eta herri bazkaria izango dira. Arratsaldean, makala jasotzea egingo da eta, suaren aurretik, Errementari dantza.

Egitaraua astelehen arte luzatuko da (ekainak 26) eta lau egun horietan ez dira faltako ohiko entzierroak eta errekortadoreak, erraldoi eta kilikien konpartsen kalejirak, "Zeuk iñ zeuk jan" bazkari herrikoia edo bertso jaialdia, besteak beste. Igande arratsaldean, bestalde, presoen aldeko manifestazioa egingo dute, Sarek antolatuta.

Musika arloari dagokionez, artista ezagunak hurbilduko dira aurten Arrasatera: Chambao eta Oxabi (larunbata 24) Goxua'n Salsa (igandea 25) eta Mikel Erentxun (astelehena 26). Txosnagunean ere talde askok parte hartuko du: Kontralde, Larru Beltzak eta Youth United (ostirala 23), Assata eta Loreontzi Sound System (larunbata 24); eta La Furia, J Martina eta Huntza (igandea 25).

Arrasateko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Agirre-etxe Coviran, EreindaJan, Ferreteria Aldedi, JMA, IFAM, Larrinetxe jatetxea, Leo motorrak, Takolo autoak, Taupa taberna.

Umeen danborrada, iaz, Eibarren. Endika PORTILLO (FOKU)


Eibarren ere ostiral eguerdian (ekainak 23) egingo diete ongietorria San Joan jaiei, urtero bezala Lizarrako dultzaineroen kalejirarekin, Estaziño kaletik Untzaga plazaraino. Han txupinazoa botako dute eguerdiko 13.30ean.

Datorren ostegun arte, zazpi eguneko egitaraua prestatu du udal jai batzordeak, herriko zenbait kirol, gizarte eta kultura arloko taldeen partaidetzarekin.

Horrela, egitarauan ez dira faltako danborradak, erraldoi eta buruhaundien kalejirak, antzerki talde ibiltariak, piroteknia ikuskizunak, lehiaketa gastronomikoak edo kuadrilen arteko jolasak.

Musika arloan, joan zen asteburuan izan ziren bi kontzertu nagusiak (Fangoria eta Su Ta Gar), eta asteburu honetarako iragarrita daude, besteak beste, Lisker (ostirala 23), Jainaga eta Narbaiza trikitilariak eta Nueva Alaska (larunbata 24); eta Afrika Bibang (igandea 25).

Eibarko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Acitain gasolinera, LAB Eibar, Ateun harategia.


Hernaniko sanjoanetako ekitaldiak asteazken iluntzean hasiko dira (ekainak 21) Chillida Lekun egingo den ohiko Udako Solstizioarekin, baina egitarau ofiziala ostiral eguerdian zabalduko da, Udaletxeko balkoiean erraldoi eta buruhaundien konpartsako ordezkariek egingo duten bandera igoerarekin. Arratsaldez, ohiko ekitaldiak iragarrita daude: San Joan erronda, akelarrea, txosnen irekiera eta San Joan sua. [Hernaniko jaietako informazio zabala ostegunean, hilak 22, argitaratuko dugu Naiz-en].

Tolosako eskopetari konpainia bat, erraldoien aurretik desfilatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)


Tolosan, azkenik, ostiral arratsaldean ekingo diote aurtengo jai egitarauari. Lehenago, hala ere, joan den larunbatean kuadrilla eguna ospatu zuten herriko gazteek eta igandean Haurren Hiria ekitaldia eta Euskal Herriko txistularien emanaldia egin ziren, kasu honetan Alex Sardui kantariaren laguntzarekin.

Ostegunerako (ekainak 22) helduen eguna iragarri dute, baita Et Incarnatus orkestraren solstizio kontzertua Urkizun, eta ostiralean (ekainak 23) jaien hasiera iragartzeko txupinazoa egingo da Udaletxeko balkoitik. Ondoren, haurrentzako San Joan su txikia piztuko da eta gauean, su handia.

San Joan eguna (ekainak 24), ohikoa den bezala, eskopetarien eguna izango da. Alarde honen bitartez, ehunka gaztek Gipuzkoako antzinako foru-miliziak gogoratuko dituzte beren eskopeten deskargak eginez.   

Igandean (ekainak 25) bertso jaialdia dago eta arratsaldez, Tolosa C.F. klubaren ehungarren urteurreneko kontzertu berezia Oria ibaiaren ondoan.

Kontzertuei dagokionez, ostiralean (ekainak 23) Eire, J Martina eta La Jodedera taldeen emanaldiak izango dira; eta larunbatean (ekainak 24), Joxe Mendizabal eta Muxutruk.

Tolosako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Industrias Borobil, AMA Taberna, Iurre Taberna, Melemele, Neder Kafetegia, Ikatza Taberna.