Erabiltzaileek Google Maps katalanez konfiguratzeko aukera eskuragarri dago jada. Orain arte hizkuntza horretan testua baino ez zuen eskaintzen, baina hemendik aurrera ahots bidezko jarraibideak ere katalanez entzuteko aukera izango dute erabiltzaileek. Katalan hiztunentzako berri ona izan da ostegun honetan nabigatzaileak jakinarazi duena. Euskal hiztunek, berriz, oraindik itxaron beharko dute, nabigatzaileak ez baitu aplikazioa euskarara ekartzeari buruzko berririk eman.
Kataluniako Enpresa eta Lan sailburu Roger Torrentek adierazi du berria «aurrerapauso handia» suposatzen duela katalan hiztun guztientzat. Bere hizkuntza mundu digitalean txertatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du, azken finean, mundu digitala etorkizuna da eta garrantzitsua da katalan hiztunen eskubideak bertan ere defendatzea.
Administrazioentzako zein jendearentzako alaitzeko moduko berria dela esan du Torrentek. Horretaz gain, Gina Tostek, Kataluniako Politika Digitalen idazkariak, jakinarazi du Gobernuak ahalegin handia egingo duela mota honetako gainerako aplikazioak katalanez erabiltzeko aukera ahalbidetzeko. Horren ildotik, espero du halako «berri onak» jasotzen jarraitzea.
Google Maps-ek ez du, baina, euskara erabiltzeko aukera ahalbidetu oraindik. Azkenaldian, gero eta aplikazio gehiago eguneratzen ari dira hizkuntza gehiagotan erabiltzeko aukera izateko; hala ere, oraindik bide luzea geratzen da.
Momentuz, Spotify, Facebook edota Tinder bezalako aplikazioak euskaraz erabiltzeko aukera dute erabiltzaileek, baina gehiagoren zain jarraiko beharko dute euskal hiztunek.