Zarauzko San Pelaio egitaraua herriko eragile askorekin elkarlanean osatu dute eta publiko guztientzako pentsatuta dago, festaz gozatzeko aukera mordoa izango delarik: danborradak, buruhandi eta erraldoiak, kontzertuak, dj-ak, dantza emanaldiak, txistulariak...
San Juan bezpera eta sua ospatu ondoren, igandean bota zuten jaiei hasiera emateko txupina (San Pelaio bezpera) eta astelehen honetan (ekainak 26) izango da jaietako eguna handia, San Pelaio eguna ospatuko baita; eta goizean goizetik ez dira jarduerak faltako: diana, goiz eresia, erraldoi txikien kalejira, musika bandaren kontzertua, Larrain dantza herrikoia... eta gauean dantzaldia, Izar eta Alabierrekin.
Hurrengo eguna (asteartea 27), San Pelaio bigarrena, haur eta gazteen eguna izango da eta jolasak izango dira nagusi, baita apar festa handia ere. Gauean, Musika plazan, Oihan Vega dj-a arduratuko da musikaz, eta Iñurritza zelaian, aldiz, bertso jaialdia izango dute.
Ekainaren 28an bukatuko dira jaiak, eta egun horretan ere denentzako ekitaldiak izango dira: meza eta jubilatuentzako hamaiketakoa, haur jolasak, gibel-jana, herri kirolak, eta, nola ez, gauean, kontzertuak (Goma-2, Amiltzen eta Soinuz Blai).
Prebentzioak izango du bere tokia San Pelaio jaietan. Igande gauean, Munoan, arriskuen murrizketarako, drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua eskaini ondoren, astelehen gauean, aldiz, 23:00etatik 2:30era, alkoholemia proben gunea jarriko dute Malekoian. Bukatzeko, puntu Morea izango da Musika Plazan, 21:00etatik 2:00etara, eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko eta laguntza edo informazioa behar duen edozein pertsonari laguntzeko.
Zarauzko establezimendu laguntzaileak: Borda Ardoak, Arrano Pola, Eguzki Taberna, Euskalduna taberna, Fruteria Jesusa.
Txupinazo koloretsua Orion
Ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko dituzte San Pedro jaiak Orion. Hiru festa-batzorde egin dituzte azken hilabeteetan, eta herritarrengandik jasotako proposamenen bidez, adin, nahi eta gustu guztientzako egitaraua atondu dute, aisialdi, kirol, musika, dantza eta gozamenerako jarduerekin.
Ekainaren 28ko Harrotasunaren Egunak San Pedro festen txupinazoarekin bat egiten du aurten ere. Horregatik, txupinazo koloretsua egingo dute, herriko LGTBIQ+ kolektiboak orain arte ezkutuan egindako aldarrikapenak bistaratzeko. Horrekin lotuta 'Kontuz, armairutik kanpo gabiltza' izango dute aurtengo leloa. Udalak txosnan banatuko dituen edalontzi berrerabilgarrietan jarriko dute lelo hori, eta aurtengo festen izaera bistaratzeko asmoz.
Egitarauaren aurkezpenean, uztailaren 1eko Arrantzale Eguna ere nabarmendu dute, eragile talde txiki batek antolatutako ospakizunak talde handia mobilizatzea lortu duelako.
Bestalde, Orioko Udalak emakumeen aurkako indarkeria kasuetan jarduteko I. Udal Protokoloa prestatu du azken hilabeteetan. Horretarako, udaleko sail askotako teknikariek eta herriko eragile batzuek zenbait lan-saio egin zituzten, eta emaitza datozen asteetan kaleratuko dute. Horren aurretik, festei begira, protokoloaren gida moduko bat osatu dute, eraso matxisten aurrean jokatzeko jarraibideak emanez. Gainera, Emagin elkartearen bidez, eraso matxistarik gabeko gunea jarriko dute turismo-bulegoaren parean uztailaren 28an, 29an eta 30ean, gauez.
Orioko establezimendu laguntzaileak: Kolon Txiki.
San Pedro jaiak eta Sorgin Jai herrikoia Lasarten
Lasarte-Orian bi egitarauak prest eta aurkeztuak dituzte, San Pedro jaiak eta Sorgin Jai herrikoiak ospatzeko. Zehazki, hilaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dituzte herriko festak eta asteazken arratsaldean botako du txupinazoa Txema Valles herriko kronikagile ohiak. Horren ondotik, danborradak, dantzak, haurrentzako jarduerak, herri kirolak, sagardo dastatzea, txarangak, erromeriak, bertsolariak, zezen suzkoak... ez da ezer faltako festetan.
Sorgin jaiak ere ez dira faltako eta parte hartzera deia egin diete herritarrei, festetako blusak eta zapiak jantzita. Jai alternatiboei hasiera Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emango diete, ekainaren27an: "Urte hauetan guztietan zehar Lasarte-Oriako euskalgintza, herrigintza eta irrigintzaren ikur zein eredu. Haur ginenetik gazte bihurtzeraino gure buru, bihotz eta eskuak martxan jartzeagatik, eskerrik asko", aipatu zuten aurkezpenean sorginek.
Ekainak 29, osteguna, izango da Sorgin eguna. Horrela bada, 12:00etan Bizipozaren akelarrea egingo dute, eta, ondoren, sorgin bazkaria. Arratsaldean ere jaiak jarraituko du Okendo plazan, Elektropottotterekin eta musika gehiagorekin.
Uztailaren 1era arte egitarau herrikoia osatu dute Sorgin jaien barnean, eta gazteak jarri dituzte protagonista, baina adin guztietarako egitaraua prestatu dute eta herriko sorgin guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Txosna gunearen muntaketan hilaren 26an, astelehena, egingo dute, eta kentzea, berriz, uztailaren 2an, igandea.
Lasarteko establezimendu laguntzaileak: Aduriz de Lasarte, Avenida Taberna, Artizar taberna, O¨Hara taberna, Optika Irigoien.
Atama eskolaren lana omenduko dute Eskoriatzan
San Pedro jaiak ospatuko dituzte Eskoriatzan, betiko egutegia errespetatuz, hau da, ekainaren 28tik uztailaren 1era. Izan ere, iaz, pandemia osteko lehenengo urtea izan zen eta egoera hartan bost eguneko egitaraua osatu zuten.
Horrela bada, santuaren bezperan botako dute txupinazoa (asteazkena 28), herriko plazan. Atama Arte Martzialen eta Borroka Kirolen eskolaren esku joango dira txupinazoa eta pregoia. Rafa Carrietek 2000. urtean sortu zuen Atama, eta bertan hainbat borroka-modalitate praktikatzen dituzte: Kenpo, Kickboxing, MMA, Jiu jitsu eta Sambo Combat. Hogeita hiru urte horietan, estatuko zein munduko txapelketetan lehiatu da kluba, domina ugari lortuz.
Edonola, jaiei irteera ofiziala eman aurretik ere jarduerak izango dituzte: marrazki lehiaketa, buruhandiak, azken urtean jaiotakoei ongietorria eta kuadrillen arteko jolasak. Egun horretan, gainera, Oihan Vega Dja arduratuko da musikaz giroa berotzeaz.
San Pedro egunean, ekainaren 29an, 8:00etan, sokamuturra bueltan izango da, aspaldiko partez. Plaza inguruko kaleetarako irteerak hesiz itxiko dituzte eta plaza inguruan egingo dute, beti ere, 16 urtetik gorakoentzat.
Bueltan izango dute, gainera, haurren danborrada, 2019. urtean azkenezkoz egin ostean. Iaz ez zen jenderik batu antolaketa lanetan aritzeko eta bertan behera geratu zen, baina aurten guraso talde batek ardura hartu eta antolatu du. Ekainaren 29an izango da hori ere (ekainaren 30ean egiten zuten lehen).
Uztailaren 1ean ez da faltako herri bazkaria, baina eszenatoki berria izango du; Santa Marina plaza eta Zaldibar aparkalekuaren bitartean dagoen plazatxoan egingo baitute. Toldo berriak erosi dituzte gerizpea emateko eta bazkalosteko dantzaldia ere bertan egingo dute, Kittu taldearekin.
Bestalde, musika emanaldiak askotarikoak izango dira: Rock con Ñ (ekainak 29), Los Tenampas mariatxi hirukotea (ekainak 30), eta Oxabi (uztailak 1).
Eskoriatzako establezimendu laguntzaileak: Fruteria Martin, Hemen garbiketak, Ixkur ileapaindegia, Leniz garajea, Ribeloga motors.