Amagoia Bilbao

Bakailao eta eskalibada milorria

GETTY IMAGES
GETTY IMAGES (GETTY IMAGES)

Osagaiak 4 lagunentzat
400 g-ko bakailao puska, 250 g tomate. Eskalibada: tipula bat, baratxuri ale bat, alberjinia bat, pipermorro bat, olioa, gatza. Saltsa: 4 koilarakada olio, koilarakada ozpin, gatza.

Zailtasuna                                  3               

Bakailaoa:
1. Bakailaoari gatza kentzeko, 36 orduz ur hotzetan beratu.
2. Tarte horretan ura lau aldiz aldatu behar dugu. Lehenengo bi aldaketak zortzi ordutik izango dira, eta beste biak hamar ordutik. Atera, eta ondo lehortu.
3. Bakailao puska olio beroan sartu. Bakailaoa egosi, su eztitan, 60 gradutan, 5 minutuz alde bakoitzetik.
4. Bakailaoari xaflak atera eta leku beroan mantendu.
Eskalibada:
1. Piperra, tipula eta alberjinia garbitu eta azpil batean jarri. Labe beroan sartu, 180 gradutan, barazkiak gorritu arte. Atera eta tapatu.
2. Piperra zuritu eta haziak kendu. Tipula zuritu. Hiru barazkiak zerrendatan moztu.
3. Zartagin batean txikitutako baratxuria olio zurrusta batekin erregosi. Baratxuria igotzen hasten denean, barazkiak gehitu eta erregosi. Epela mantendu.
Bukatzeko:
1. Tomateari azala eta haziak kendu eta txikitu. Zartagin batean olio pixka batekin minutu batez arin erregosi. Gatza bota.  
2. Hurrenez hurren lau arotan barazkiak, bakailaoa, barazkiak, bakailaoa eta tomatea jarri.
3. Gainetik irabiatutako saltsa bota. Aroa kendu.