NAIZ

Flamenko doinuez jantzita dator Anne Etchegoyen single berrian, ‘Maria, gure ama’

Anne Etchegoyen abeslariak ‘Maria, gure ama’ kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu Iruñean, bere disko berria izango den ‘Festa’ lanaren aurrerapena. Kantua Alma Loca taldearekin batera ondu du eta datorren astelehenean, uztailak 10, entzun ahalko da zuzenean Iruñean.

Anne Etchegoyen kantariak Iruñeko Kasino Berrian aurkeztu du astelehen goiz honetan bere kantu berria, ‘Maria, gure ama’, Alma Loca musika taldearekin batera ondu duena. Singlea Etchegoyen-en ‘Festa’ disko berriaren aurrerapen abestia da eta, iragarri duenez, datorren astelehenean aurkeztuko du zuzenean Iruñean, Sanfermin jaien testuinguruan: kontzertua Zezen Plazan izango da, 19.15ean, eta Donapaleuko abeslariak lagun izango ditu Alma Loca-ko kideak.

Alma Loca gipsy-latindar taldea da, Jose Jimenez, Isidro Echeverria eta Antonio Jimenez Lachok osatzen dutena, eta ‘Maria, gure ama’ kantuari flamenko kutsua eman diote, Etchegoyen-en ahots leunari ukitu berezia emanez. Aurkezpenean iragarri duenez, oholtza gainean Jimenez gitarra jolea lagun izango du Donapaleuko kantariak bere kontzertuetan.

Aurkezpenean kantuaren bideoklipa ere aurkeztu dute. Navarra 601 ekoiztetxeko Ignacio Maquirriain-en sinadura darama eta, bertan, Etchegoyen bera eta Alma Loca-ko partaideak ikus daitezke Iruñeko kaleetan, taldekideen sorterria hain zuzen ere.

Etchegoyen-en disko berriak, ‘Festa’, uda ostean ikusiko du argia eta kantari baxenabartarrak ospakizunen alderdi gizatiarrenari egingo dio omenaldia bertan. Aurreratu duenez, abesti herrikoiak izango dira lan berriaren oinarri, Etchegoyen-ek lagun dituen hainbat artistaren eskutik azalberrituta. Besteren artean, Niko Etxartekin batera ‘Eperra’, Erramun Martikorenarekin ‘Xalbadorren Heriotzean’ edota Pier-Pol Berzaitzekin ‘Baratze Bat’ entzun ahalko direla aurreratu du. Cali bikotearekin kantu bat grabatu duela ere iragarri du.

‘Festa’ diskoaren aurkezpen ofiziala abenduaren 16an izango da, Iruñeko Gayarre antzokian.