NAIZ

Thitid Tassanakajohn Basque Culinary Center-en Nazioarteko Kontseiluko kide izendatu dute

Thitid Tassanakajohn, ‘Ton chef’ bezala ere ezaguna, Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko kide berria da. Bangkok-en duen Le Du jatetxeak lehen postua eskuratu zuen ‘Asia 's 50 Best Restaurant 2023’ zerrendan.

Thitid Tassanakajohn sukaldaria.
Thitid Tassanakajohn sukaldaria. (BASQUE CULINARY CENTER)

Basque Culinary Center-ek Thitid Tassanakajohn, ‘Ton chef’ izenez ezaguna den sukaldari tailandiarra, Nazioarteko Kontseiluko kide izendatu du. Kontseilu hori sektoreko chef garrantzitsuenetako batzuek osatzen dute, erakundearen ikuspegi holistikoa indartzeko eta munduko gastronomiari bere esperientziatik begirada berri bat emateko, eta zeregin nagusia BCCri aholkularitza ematea da.

Chef Ton Asiako sukaldaritzako erreferentziazko pertsonaietako bat da eta Bangkok-en duen Le Du jatetxeak lehen postua eskuratu zuen ‘Asia 's 50 Best Restaurant 2023’ zerrendan. Zerrenda berean hirugarren postua eskuratu du Nusara jatetxearekin.

BCCtik azaldu dutenez, «etxeko janari goxoz inguratuta hazi ondoren, Thitiden amaren eta amonaren zaporeek lagundu dute, neurri handi batean, sukaldaritzarekiko bere pasioan».

Chulalongkorn Unibertsitatean Ekonomiako lizentziatura amaitu zuenean, Estatu Batuetara abiatu zen sukaldaritzako ikasketak Culinary Institute of America (CIA) ospetsuan gauzatzeko.

New Yorken egin duen egonaldian, Thitidek Michelin izarrak dituzten hainbat jatetxetan lan egin zuen, besteak beste, Eleven Madison Park, The Modern eta Jean Georges jatetxeetan.

Gaineratu dutenez, «janariarekiko duen grina ikaragarria izateaz gain, ardoarekiko zuen berotasunak Sommelier Ziurtatua (CS) izatera eraman zuen», Sommelier Maisuen Gorte errespetatuaren eskutik. «Thailandiako sukaldaritza goratzeko eta munduko sukalde nagusien artean leku bat emateko esperientziak eta ikuspegia ekarri ditu etxera», nabarmendu dute.

Orain, chefa Bangkokeko «sukalderik zirraragarrienetako bat» zuzentzen ari da, Le Du (Michelin izar bat eta #1 Asia's 50 Best Restaurants 2023) eta Nusara (#3 Asia's 50 Best Restaurants 2023).

Ahokularitza taldeari dagokionez, Joan Roca buru dutela, Kontseiluko kideak dira Gaston Acurio, Massimo Bottura, Enrique Olvera, Trine Hahnemann, Dominique Crenn, Yoshihiro Narisawa, Manu Buffara, Mauro Colagreco, Pia Leon, Josh Niland, Narda Lepes, Elena Reygadas eta Michel Bras.