Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dute ostiral honetan; 500 ekintza baino gehiago antolatuko dituzte abuztuaren 19tik 27ra bitartean, Jai Batzorde Mistoaren ekitaldiez gain. Gainera, 1983ko uholdeen osteko elkarlana oroitzeko ekitaldia eta txupineren abestia nabarmentzen dira hitzordu nagusien artean.
Aurtengo programazioan ere badira urteroko ezinbesteko hitzordu «potoloak», Lehiaketa Gastronomikoa eta aurten 25 urte beteko dituen Hiri Krosa kasu. Eta bada lehiaketa berririk ere; horien artean skate eta rap7hip-hop lehiaketak izango dira, orain arte antolatu izan diren basket, bloodbowl, goitibera, igel-toka, open magic, waterpolo eta xake lehikaketak, mus txapelketa eta piraguen igoera ahaztu gabe.
Horrez gain, haurrentzako programazio berezia izango da, eta antzerkia, gastrotxikia, igel-toka, puzgarriak eta beste hainbat ekitaldi bilduko ditu. Ekintza horiei guztiei buruzko informazioa eta izen emateak zabalik daude bilbokokonpartsak.eus webgunean.
Programazio musikala ere nabarmentzekoa da. Kristonak, J Martina, Zirkinik bez, Xiberoots, Tribade, Malakias, Goxua'n Salsa, Las Fellini, eta beste talde askok girotuko dituzte Areatza eta inguruak, baita zenbait elektrotxarangak, erromeriak eta DJak ere. Horren berri emateko aurten 15.000 liburuxka atera dituzte, baita klartelak eta sakelakoetarako APP bat ere.
1983ko triskantza -eta elkarlana– gogoan
Aurten, aipatu bezala, 40 urte beteko dira uholdeek Bilbo hondatu zutenetik. Horren harira, Bilboko Konpartsak federazioak, Elkarlan Uholdea kanpaina egin du, konpartsek bertan izan zuten «rol garrantzitsua» nabarmendu eta elkarlanaren balioa azpimarratzeko. Hori dela eta, aurten tirada laburreko edalontzi berrerabilgarri berezia atera dute, uholdeen irudiekn apaindua, uholdeak hasi ziren egun beraren urtemugan saltzekoak.
Beste hitzordu garrantzitsu bat Xabi Aburruzagak egindako txupineren abestiaren aurkezpena izango da txupineren egunean, Aste Nagusiko ostegunean. Txupinera guztien gorazarre abestia izango da, baina batez ere, aurten zendutako eta konpartsen federazioko lehendakari eta txupinera izandako Lurdes Luqueren omenezkoa.
Amaitzeko, Bilboko Konpartsek gogorarazi egin dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta deia egin dute txupina garbia izan dadin, denontzako atsegina izan dadin.