NAIZ

Iritsi da «zarataren aurka borrokatu behar dugun eguna»

«Egunen batean, gizateriak zarataren aurka borrokatu beharko du, koleraren eta izurriaren aurka bezain sutsu», ohartarazi zuen, duela ehun urte baino gehiago, Robert Koch mediku, mikrobiologo eta Nobel sariaren irabazleak. Egun hori iritsi dela azaldu du Ane Arregi Otxotorena EHUko ikerlariak.

Esan ohi da zaratarik gabeko mundua ez dela mundu. Baina atsedenik eta osasunik gabeko mundua ere ez da.
Esan ohi da zaratarik gabeko mundua ez dela mundu. Baina atsedenik eta osasunik gabeko mundua ere ez da. (Wodthikorn PHUTTHASATCHATHUM | GETTY IMAGES)

Ingurumen zarata osasunerako ingurumen arriskuaren bigarren faktorea da, kutsadura atmosferikoaren ondotik. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dioenez, 22 milioi pertsonak jasaten dute zaratarekiko traba kronikoa Europar Batasunean eta, horren ondorioz, milioi bat bizi urte osasuntsu baino gehiago galtzen dira, 12.000 heriotza goiztiar eta 48.000 gaixotasun koronario urtean.

Inguruneko zarata definitzerakoan, esan ohi da giza jardueraren ondorioz sortutako nahi gabeko edozein soinu kaltegarri dela. Hainbat iturritatik erator daiteke, hala nola ibilgailuen trafikoak, industria jarduerak, eraikuntzak edo musika oso altuak eraginda.

Ane Arregi Otxotorena EHUko ikerlariak gaiaren inguruko artikulu bat argitaratu du ‘Campusa’ unibertsitatearen aldizkarian. Basque Environmental Health Research Group (B-EHRG) taldeko doktorego aurreko ikertzailea da Arregi, eta zaratak nola gaixotzen gaituen esplikatu du.

Noiz da osasunarentzat kaltegarri?

Zaratari buruzko Europako Zuzentarauaren arabera, urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan, elkarrizketa batek eragindako hotsaren pareko zarataren eraginpean egoteak ondorio kaltegarriak eragiten ditu osasunean. Harrigarria bada ere, Estatu espainiarrean 10.137.000 pertsona inguru daude muga horretatik gora ibilgailuen zirkulazioaren eraginpean.

Hori osasun publikoaren arazo bat dela azpimarratu du Ane Arregik. Lo egiteko arazoak ekartzen ditu zaratak, eta ongieza, ongiez handia. Hau da, badakigu zarata dagoela eta gogaitu egiten gaitu. Sentsazio hori denboran luzatzen bada, estresa eragin dezake.

Estres hori pertsona bakoitzaren araberakoa da. Uste da gure adimenak baduela mekanismo bat zaratak hainbeste ongiez eragin ez dakion: ohitzea. Mekanismo horren bidez, zarataren pertzepzioa kontzientziatik urruntzen da, eta aurrez aurreko azalaren aktibazio emozionala murrizten da. Horregatik, ingurune zaratatsuetan bizi diren pertsonak ohitu egiten dira horrekin bizitzera.

Ezin da erreakzio fisiologikoa ekidin

Gorputzaren erreakzio fisiologikoa saihestezina da, ordea. Zaratara ohitzen garela sentitu arren, erreakzio fisiologikoak bere horretan jarraitzen du. Zaratak ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenala (HPA) eta nerbio-sistema sinpatikoa aktibatzen ditu.

HPA ardatza ardatz neuroendokrinoa da eta, besteak beste, estresarekiko erantzuna eta immunitate sistema koordinatzen ditu. Bestalde, nerbio sistema sinpatikoa nerbio sistema autonomoaren parte da eta organismoa prestatzen du egoera estresagarrietarako edo larrialdietarako.

Ikerlariak azaldu duenez, bi sistema horiek aldi berean aktibatzearen ondorioz, gorputzak estreserako hormonak askatzen ditu: kortisola, estresaren hormona nagusia, eta katekolaminak, baita adrenalina edo noradrenalina ere.

Odolera iristen direnean, hormona horiek muskuluetara bultzatzen dute metatutako energia. Ondorioz, bihotz maiztasuna, odol presioa eta arnas maiztasuna igotzen dira. Aldi berean, prozesu metabolikoak desgaitzen dira, hala nola digestioa, hazkundea edo erantzun immunea.

Erreakzio multzo hori oso garrantzitsua da biziraupenerako eta, estres egoera akutuetan, gorputza gai da bere burua erregulatzeko eta oinarrizko hormona mailetara itzultzeko. Estresa kroniko bihurtzen denean, berriz, gorputzak errekuperatzeko gaitasuna galtzen du. Fenomeno horri gainkarga alostatikoa esaten zaio. Frogatua dago estres kronikoak hantura areagotzen duela, immunitatea ezabatzen duela eta sistema baskularreko arazoak dakartzala. Era berean, hori bihotzeko gaixotasunak, hipertentsioa, diabetesa eta gaixotasun neurologikoak izateko arriskuarekin lotzen da.

Isil dezagun zarata

«Esan ohi da zaratarik gabeko mundua ez dela mundu. Baina atsedenik eta osasunik gabeko mundua ere ez da», ohartarazi du Ane Arregik. Horregatik, ezinbestekotzat ditu zaratarekiko esposizioa murrizteko esku hartzeak.

Egin litezkeen esku hartze eraginkorrenen artean leudeke ikertzailearen ustez zoladura aldatzea, marruskadura murrizteko, hirietako erdiguneetan ibilgailuen gehieneko abiadura murriztea, emisio guneen denbora eta espazioa murriztea, zarata hesiak eraikitzea eta hirigintza plangintza eraginkorra egitea.

Hirietan har daitezkeen neurrien adibide on bat Bartzelonako super irlen proiektua da berarentzat. Bederatzi etxadiko multzoak dira. Trafikoa ertzeko kaleetara mugatzen da, ibilgailu motordunek eragindako kutsadura murrizteko eta oinezko eta txirrindulariei lehentasuna emateko.

Proiektu horretan, trafikoa murrizteaz gain, asfaltoa kendu eta berdeguneak handitzen dira. Jakina da berdeguneak zarata, ingurumen kutsadura, tenperatura altuak eta argi artifiziala arintzeko gai direla. Jarduera fisikoa eta elkarreragin soziala errazten dutela ahantzi gabe.

«Orduan, zeren zain gaude?», egin du dei Arregik. Aurreikuspenen arabera, 2050erako munduko biztanleriaren %68 hirietan biziko da, eta Europako populazioaren %75 hirietan bizi da gaur egun. «Zein hiri eredutan bizi nahi dugu? Nik argi daukat, eta zuk?».