Nerea Lauzirika

Munduan bakarrak diren hamar gau

Gainontzeko asteak baino luzeagoa da Aste Nagusia Bilbon, baina aparteko lau gau horiekin ere labur geratzen zaie askori. Bakarra da munduan, ez bakarrik hartzen duen espazio fisikoagatik, jai herrikoien eredu bilakatu delako baizik.

Edonor aho zabalik uzteko moduan apaintzen dituzte txosnak.
Edonor aho zabalik uzteko moduan apaintzen dituzte txosnak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Askok ordurako parranda aspaldi abiatuta badute ere, gauaren hasiera markatzeko txupinazo funtzioa betetzen dute su artifizialek. 22.30etan puntual hasi eta ordu laurden batez, gutxi gora behera, txosnen jarduna eteten dute, ondoren indar gehiagoz jaiari berriz ekiteko. Hala moduzko adituz betetzen da Bilboko itsasadarraren ezker aldea, Nafarroa kaletik hasi eta Uribitarte pasealekura arte.

«Atzokoak ez al ziren hobeak?» edo «traka eskas xamar gelditu zaie» bezalako balorazio ezin profesionalagoak hunkituta txalo egiten dutenen zirrararekin nahasten dira. Badago donostiarrekin edozein antzekotasun izateari ihes egiten dionik ere, eta denbora tarte hori afaltzeko baliatzen duena. Eskaintza zabala dago txosnetan bertan eta baita jatetxe eta tabernetan ere, eta zuhurrenek etxetik ogitartekoa ekarrita itxaronaldi luzeak saihestuta betetzen dute sabela.

Izan ere, ezinbestekoa da indarrak hartu eta tripak datorrenerako prestatzea, gaua gorabeherarik gabe igaro ahal izateko. Gaueko parrandaz ari bagara ere, ilundu orduko hartzen du Bilbo jaiak. 20.00ak aldera hasten dira txosna batzuetako kontzertuak eta baita Plaza Biribileko orkestrak ere.

Apur bat urrutiago, Abandoibarran, gauerdirako ordu erdi falta denean hasten dira kontzertuak, aurten, Gatibu edo Esne Beltza taldeenak, besteak beste. Europa Parkean, aldiz, 0.00etan ekin diete emanaldiei Lola Indigok edo Zetak taldeak, esaterako.

Hemengo DJak eta hango erromeriak estilo guztietako taldeekin nahasten dira Arriaga atzetik eta Udaletxera arte hedatzen den txosnagunean

 

Konpartsetan askotarikoa da eskaintza, aspertzeko borondatea jarri beharra dago. Hemengo DJak eta hango erromeriak estilo guztietako taldeekin nahasten dira Arriaga atzetik hasi eta Udaletxera arte hedatzen den txosnagunean. Gaztetxoenek, eta baita lurretik altxatzeko komeriak izaten hasi diren batzuk ere, Arriaga aurrean eta Areatzako kioskoaren bueltan jarrita edaten dute txosnetako jaira batu orduko. Boteiloi zaleentzat ere badaude aukerak, beraz.

Guneka antolatuta daude konpartsen txosnak, baina ez dago inongo maparen beharrik giroak desberdintzeko. Adinaren arabera, gustu musikalen arabera edo beste mila faktoreren arabera aukeratzen dute parrandazaleek haien txokoa. Badaude, eskarmentua lagun, nora joan nahi duten badakitenak eta osteratxoa ez egitea nahiago dutenak. Badaude, halaber, Bilboko jaietan inoiz izan ez direnak, eta, munduan hamar gau dituen aste bakarra izanik, txundituta eta galduta sentitzen direnak aldi berean. Horiek bai, buelta dezente egin behar izaten dituzte sarritan, gustuko tokia aurkitu baino lehen.

Ez da edonon ikusten Bilboko Aste Nagusian Konpartsek muntatzen duten zalaparta. Ez da ohikoa, ezta Euskal Herrian ere, nahiz eta herri guztietako jaiak jendearen borondatezko lanak sostengatzen dituen. Horren espazio handia txosnaz betetzeko lan handia egiten dute konpartsakideek, bakoitzaren txokoa txukundu eta apainduz, besteak beste.

Konpartsa denak politak dira

ACAB akronimo aski ezaguna zaharberritu dute Bilboko Konpartsek aurten, beharrizanak derrigortuta agian. C zegoen lekuan K jarri eta All Konpartsak Are Beautiful (euskaraz, Konpartsa guztiak politak dira) leloa erabili dute beraiena den espazioarekiko errespetua exijitzeko. Egia absolutua da, gainera, konpartsek atontzen dituzten txosnak benetan ederrak direla.

ACAB akronimo aski ezaguna zaharberritu dute Bilboko Konpartsek aurten, C zegoen lekuan K jarriz: All Konpartsak Are Beautiful

 

Horrek, euskalkiak salatzen duen Bilbotik kanpoko jende asko aho zabalik uzten du, eta badago txanda egiten ari direnei ea ondo ordaintzen duten galdetu izan dionik ere. Bilboko jaiak urteroko zita lez daukatenek, ordea, naturaltzat daukate, hori ere badelako, behar bati erantzuteko erreakzio naturalaren fruitua.

Giro paregabea sortzen dute, emakumeentzat segurua dena, besteak beste. Baina, horrelakorik ulertzeko gaitasun izpirik ere ez daukanik ere izan da aurten Aste Nagusian, nahiz eta Konpartsek emandako erantzunak jai herrikoiak zapuzteko batek daki zenbatgarren saiakera horretan geratzea lortu duen, alferrikako beste saiakera batean.

Aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko parada ere izaten da Bilboko Aste Nagusia. Edonora begiratuta ikusi daitezke gabon garaian aireportuetan ematen direnak baino besarkada estuagoak. Izan ere, jende askok baliatzen du jai giroa sarri ikusten ez dituzten lagunekin elkartzeko, unibertsitateko kideekin, 2005ean udalekuetan ezagututakoekin eta baita Erasmusen izandakoan osatutako kuadrillatxoarekin ere.

Horrela, txosnak ez ezik, Zazpi Kaleak zein Bilboko beste edozein txoko betetzen dituzte era guztietako lagun taldeek, baita urtean behin soilik elkartzen direnek ere.

Afaldu, denbora galdu

Bilboko Konpartsek aurten egokitutakoa baino zaharragoa eta ezagunagoa da ‘Afaldu, denbora galdu’, edozein erlijiok nahiko lituzkeenak bezain jarraitzaile sutsuak dituena. Arestian aipatu bezala, afal orduan bapo asetzeko aukerak ugariak izanagatik ere, askok nahiago izaten dute bizi funtzio hori burutzearen beharrari ezikusiarena egitea.

Gosea, ordea, gauaren momenturen batean agertuko zaie horiei ere eta, batzuen fundamentu faltan negozio hobia ikusten dute besteek. Aski ezaguna da, besteak beste, Arriaga aurrean makarroiak saltzen ibiltzen den gizona, aukera paregabea eskaintzen diena konfiantzazko txosnatik gehiegi urrundu gabe eta ordu txikitan sabela bete nahi dutenei. Hori bai, norberaren urdailarekiko konfiantza ezin hobea eduki beharra dago horrelakorik irensteko.

Itxura zertxobait hobea dute Areatzako postuetako brotxetek, are gehiago gauak aurrera egiten duen neurrian. Hori gutxi ez eta gozozaleek Arriaga eta Areatzaren artean jartzen duten txurro-dendara jotzea daukate, saltzen dituzten patata frijitu bete edalontziek arrakasta handiagoa badaukate ere.

7.00ak iritsitakoan txosnek zerbitzatzeari uzten diote baina negazionistek ez dute hortik alde egin nahiko...

Goiza eta erlojua batera ez doazela dio Marijaiaren kantuak, argi eta garbi utziz letren egilea, bilbotarra ez bada ere, Aste Nagusian ibilitakoa dela. Izan ere, eguzkia ateratzen hasten denean, zenbaitek uko egiten diote parranda bukatzeari, nahiz eta 7.00ak iritsitakoan txosnek zerbitzatzeari uzten dioten. Orduaren negazionistek ez dute txosnagunetik alde egin nahi izaten Bilbogarbiko garbitzaileek bota arte.

Eguzkia erretzen hasita ere etxerako bidea gogoratzen ez dutenek, Bilbin edo ordutegi malguko antzeko tokiren batean jarraitzen dute parranda, gorputzak aski dela esaten dien arte. Gehienak, ordea, oinez, trenez edo autobusez, oherako bidea hartzen dute ordurako.