SPONSORED CONTENT

Udako jaien zerrenda azken txanpan sartu da

Udako jaiak ez dira abuztuarekin amaitu, iraileko lehen egunak jaiez beteta baitatoz hainbat herri eta auzotan. Lekeition eta Plentzian, esaterako, sanantolinak ospatuko dituzte, Elorrion Ferixa Nausikoak eta Santurtzin, Mamariga auzoko jaiak. Gipuzkoan ere Zestoa jaietan murgilduko da.

Lekeitioko Antzar Egun famatua irailaren 5ean ospatuko dute arratsaldeko 16.00etan hasita.
Lekeitioko Antzar Egun famatua irailaren 5ean ospatuko dute arratsaldeko 16.00etan hasita. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lekeition, ohikoa den moduan, kuadrillen jaitsierak ematen die hasiera San Antolin jaiei eta ekitaldi hori ostiralean izango da, irailak 1, arratsaldeko 19.30ean. Hortik aurrera, zortzi egun izango dituzte lekeitiarrek eta bisitariek ondo pasatzeko, jai egitaraua irailaren 8a arte luzatuko baita.

Aurten ahalegin berezia egin dute herrian antolatzen diren ekimen guztiak saretzeko eta horretarako, egitarauan gune ezberdinetako egitarauak elkartu dituzte (Jai Batzordearena, Txosna Gunekoa zein Parkeko Gunekoa).

Beste ekitaldi askoren artean, irailaren 3an (domeka) paella txapelketa egingo da eta ondoren herri bazkaria. Eta irailaren 5ean (martitzena), Antzar Egun famatua ospatuko dute 16.00etan hasita. Eguerdian, zozketa egingo dute antzar jaian parte hartuko duten txalupei zenbakia emateko.

Musika arloari dagokionez, aipatzekoak dira honako kontzertuak: Zirkinik Bez erromeria (barikua 1), Liher eta Su Ta Gar (zapatua 2), Gozategi (domeka 3) edota Dj Bull eta Oxabi erromeria (martitzena 5).

Lekeitioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Cartonajes Erabil, Axa aseguroak Marai Teresa Elkoro, Seijo Margoak, Kakor dastalekua, Patxon taberna, Plaza okindegia, Arbaza tailerrak.

Elorrion ere ostiral honetan hasiko dira bertako Ferixa Nausikoak, baina kasu honetan hamar egunez luzatuko dira. Horrela, irailaren 1ean txosnagunearen irekiera egingo da eta jaien hasiera ofiziala, larunbatean (irailak 2) izango da arratsaldeko 20.00etan. Txupinazoa eta pregoiaren ardura Erdella Mendizale Taldea eta Berriotxoa Abesbatzarena izango da, biek 50 urteko ibilbidea bete baitute aurten.  

Abere, nekazaritza eta artisau azoka famatua igandean izango da (irailak 3), kuadrillen eguna astelehenean (irailak 4), sukalki eguna datorren larunbatean (irailak 9) eta herri kirol jaialdia eta bertso emanaldia, datorren igandean (irailak 10).

Musika arloari dagokionez, honako kontzertuak daude iragarrita: Iskanbila eta Skabidean (ostirala 1), Gauargi erromeria (larunbata 2), Xabi Aburruzaga (igandea 3), Kai Nakai (osteguna 7), Esne Beltza (ostirala 8) edo Golden Apple Quartet (larunbata 9).

Elorrioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Elorrioko udala, Bikale taberna, Zubiertz taberna, Parra taberna, Portalekua taberna, Xelai taberna.

Lekeition bezala, Plentzian ere San Antolin jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, nahiz eta jai egitaraua pasa den martitzenean hasi zen, Antolintxu eta Madalentxuri egindako harrerarekin. Ekitaldiak domekara arte luzatuko dira (irailak 3).

Bariku honetan (irailak 1), eskualdeko nekazaritza azoka egingo da eta iluntzean bertso saioa Sustrai Colina, Andoni Egaña, Nerea Ibartzabal eta Maialen Lujanbiorekin. San Antolin eguna zapatuan ospatuko da (irailak 2) txupinazo eta txistularien kalejirarekin. Ondoren, Antolintxu, Madalentxu eta Udalbatza Astilleron elkartuko dira elizara igotzeko.

Domekan (irailak 3), Marmitako Lehiaketa ospatuko da goiz guztian zehar eta sari banaketa arratsaldeko 17.00etan egingo da. Ordubete beranduago olinpiadak hasiko dira eta agurreko kalejiraren ondoren, amaiera emango zaie jaiei zezen suzkoen entzierroarekin.

Santurtziko Mamariga auzoan ostiral honetan hasiko dituzte jaiak (irailak 1) eta hamar egunez luzatuko dira, irailaren 10era arte, haur, gazte eta helduei zuzendutako ekitaldiekin. Jaien hasierako jaitsiera arratsaldeko 19.00etan egingo dute Kultur Etxetik abiatuta eta ordubete beranduago pregoia irakurriko dute.

Aurten ere gastronomia arloak garrantzi berezia izango du Mamarigako jaietan: larunbatean (irailak 2) tortilla lehiaketa egingo da, igandean (irailak 3) marmitako lehiaketa eta hurrengo igandean (irailak 10), plater libre lehiaketa.

Kirolak ere leku berezia izango du eta ez dira faltako pala eta futbito txapelketak. Pala txapelketa abuztuaren 28tik irailaren 10era arte jokatuko da bi mailatan, herrikoia eta lehenengo maila. Futbito txapelketa, bestalde, abuztuaren 28tik irailaren 7ra arte jokatuko da eta gehienez zortzi taldek jokatu ahal izango dute, beti ere herriko jokalariekin.

Aurtengo jaiak irailaren 10ean bukatuko dira (igandea) kuadrillen sari banaketa eta txapeloren agurrarekin, Kultur Etxetik egingo den azken jaitsierarekin, eta sardinoren ehorzketa eta azken trakarekin.

Mamarigako establezimendu laguntzaileak: Antolin joyeros, Taxka 3 taberna

Zestoako Foruen plaza jaiaren erdigune bilakatuko da beste behin ere. (Gorka RUBIO | FOKU)


Zestoan, bi asteburu

Gipuzkoako hainbat herritan ere jaiak ospatuko dituzte iraila hasiera honetan. Zestoan, esaterako, bi asteburutan banatu dituzte aurtengo jaiak. Larunbat honetan (irailak 2) Gazte Eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako herri bazkaria, bertso saioa, elektrotxaranga eta kontzertuak. Gaztetxearen desalojoaren aurkako manifestazioa ere egingo dute eguerdi aldera.

Igandean (irailak 3) adinekoen eguna ospatuko dute bainuetxean egingo den bazkariarekin. Horretaz gain, eguerdian nesken harrijasotzaile erakustaldia egingo da eta arratsaldean trikitilari gazteen txapelketa.

Datorren asteburuko ekitaldiak ostegunean hasiko dira (irailak 7), pilotako euskal selekzioaren izenean Naroa Agirrek botako duen txupinazoarekin. Ostiralean Amabirjinaren eguna ospatuko dute musika banda, dultzainero eta txistularien emanaldiekin, zekorketarekin eta pilota partidekin. Zezenketen aurkako kontzertuak ere antolatu dituzte ordu berean.

Larunbatean (irailak 9) paella lehiaketa, herri bazkaria eta kuadrillen arteko jolasak egingo dira, eta igandean (irailak 10) umeen eguna ospatuko da, buruhaundi, dantzari, herri bazkari eta apar festarekin.

Zestoako erakunde laguntzaileak: Zestoako udala.