NAIZ

Luca Unione CIC bioGUNEko Ikerbasque ikertzaileak ERC Starting Grant laguntza europarra jaso du

Luca Unione CIC bioGUNEko Ikerbasque ikertzaileari ERC Starting Grant laguntza eman dio Europako Ikerketa Kontseiluak. Ikerketa ibilbidearen hasieran dauden eta ikerketaburu izateko ahalmena duten ikertzaileak finantzatzeko ematen den 1,5 milioi euroko laguntza da.

Luca Unione CIC bioGUNEko Ikerbasque ikertzailea.
Luca Unione CIC bioGUNEko Ikerbasque ikertzailea. (CIC bioGUNE)

Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council, ERC) ERC Starting Grant laguntza eman dio Luca Unione ikertzaileari. CIC bioGUNEko Glikobiologia Kimikoko laborategiko Ikerbasque ikertzailea da eta Basque Research & Technology Alliance taldeko kidea. ERC Starting Grant deialdia beren ikerketa-ibilbidearen hasieran dauden ikerlariei zuzendua dago.

Hautagai izateko gainbegiratuta bikain lan egin beharra dago, baita modu independentean aritzeko prestakuntza izan eta ikerketaburu izateko gaitasuna izan ere. Halaber, ezinbestekoa da doktoretza amaitu ondoren bi eta zazpi urte bitarteko ikerketa eskarmentua izatea.

Luca Unionek aurkeztutako proiektuak ‘Glyco13Cell’ du izenburu, eta birusen eta gure zelulen arteko funtsezko interakzioak ahalik eta bereizmen handienarekin deskribatzea du helburu. Xede hori lortzeko, Unione doktoreak ikuspegi murriztailea diseinatu du, eta bertan isotopikoki markatutako zundak (karbono-13 isotopo egonkorren patroiekin) zelula apopiloak estaltzen dituzten glizanoetan txertatuko dira. Horrela, azaleko proteinekiko lotura detektatzeko erabiliko dira, hala nola A giza influenzarena (gripe arrunta) eta koronabirusarena.

Ikerketa taldeak biologia zelularreko, kimika sintetikoko eta teknika biofisikoko metodoak (bereziki Erresonantzia Magnetiko Nuklearra, RMN) konbinatuko ditu, horrela, birus nfekzioen mekanismoak ebazpen atomikoan delineatzeko.

«Birusak gure zeluletara atxikitzeko mekanismoak termino kimikoetan zehaztea; hau da, inplikatutako atomoak, horien arteko distantziak, interakzioak eta tartean sartutako energiak zehatz definitzea lagungarria izango da birus infekzioen aurkako etorkizuneko farmakoak garatzeko oinarriak ezartzeko, baita etorkizuneko pandemiak iragartzeko ereduen garapena errazteko ere», azaldu du Unionek.

Europako Ikerketa Kontseiluak kontuan hartu ditu ikertzailearen bikaintasun zientifikoa eta aurkeztutako ikerketa-proposamena, datozen bost urteetan zehar proiektu horri 1,5 milioi euroko dirulaguntza emateko.