NAIZ

Jonan Ordorikari omenaldia egin diote lagun musikariek Badok atarian

Jonan Ordorika soinu teknikari eta ekoizleari omenaldia egin diote lagun musikariek, Badok atariaren bidez. Berarekin lan egindako hainbat musikarik kantu bana hautatu eta oroimenezko hitzak ere eskaini dizkiote.

Jonan Ordorika, Fernando Saunders eta Lou Reed-ekin azken honen omenezko diskorako egindako irudian.
Jonan Ordorika, Fernando Saunders eta Lou Reed-ekin azken honen omenezko diskorako egindako irudian. (NAIZ)

Jonan Ordorika soinu teknikari eta musika ekoizlearen heriotzak tristura nabarmena sortu zuen euskal musikagintzan, iragan den abuztuaren 7an. Ordorikak hiru hamarkadatik gora eman zituen musikagintzan lanean eta bere eskuek ondutakoak dira hainbat euskal bakarlari eta talderen disko.

Bere heriotzatik hilabete pasa denean, berarekin lan egindako hainbat lagun musikarik omenaldia egin nahi izan diote, Badok atariaren bidez: bakoitzak kantu bat hautatu eta oroimenezko hitzak eskaini dizkiote.

Zerrenda, haren anai Ruper Ordorikak hautatutako hiru kantuk irekitzen dute: ‘Hargiñenean’, ‘Lagunaren heriotza’ eta ‘Zatoz’. «Jonanen irudiarekin bat berehala datozkit hiru kantu burura. ‘Hargiñenean’ da lehena. Gure lehengusuek bere hiletan jarri zuten, zuzeneko bertsioan, Kafe Antzokian grabaturikoan. Bizipozari egindako kantua da, eta Jonan bera azaltzen da: ‘... anaia eta biok festara joango gara...’», oroitzen du Ruper Ordorikak.

Anaia eta biek bakarkako bigarren lana amaitua zutela ere azaltzen du: «Aldika Azkaratera joan eta grabatu genituen kantuak. Urrian argitaratzekoak ginen, baina udaberrira arte atzeratuko dugu».

Omenaldian parte hartu dute, Ruper Ordorikaz gainera, Maddi Oihenart, Jabier Muguruza, Petti, Iban Urizar (Amorante), Eñaut Elorrieta, Imanol Ubeda (Don Inorrez), Morau, Mikel Anestesia, Miren Narbaiza (MICE), Txuma Murugarren, Rafa Rueda eta Joseba Irazokik.