SPONSORED CONTENT

Txantxikuaren jaitsierari itxaron gabe hasi dituzte jaiak oñatiarrek

Oñatiko jaiei hasiera ematen dien Txantxikuaren jaitsiera ostegun honetarako iragarrita badago ere, joan zen ostiraleko bertso saioak eman zion hasiera bi asteburuko egitarau luzeari. Udala eta herriko eragileak izan dira egitaraua osatzeko elkarlanean aritu direnak, baita Txosna Batzordea ere.

Txantxikua, iazko argazkian, kanpai-dorretik jeitsi ondoren jai giroaz gozatzen.
Txantxikua, iazko argazkian, kanpai-dorretik jeitsi ondoren jai giroaz gozatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oñatiko Udaleko arduradunek azaldu dutenez, jaietako izaera ez da aldatu, baina egutegiak baldintzatuta aurten zortzi egunez luzatuko da jaietako egitaraua, irailaren 22tik urriaren 2ra. Aldaketen artean, aipatzekoak dira bertso saioaren aurrerapena, piroteknia ikuskizuna desagertzea eta sokamuturra egun batera mugatzea (urriaren 2an) goiz eta arratsaldez Arno ganadutegiko zezenekin.

Guztira 60 ekintzatik gora biltzen dituen egitaraua elkarlanean osatu dute herriko eragileek eta Oñatiko udalak. Joan zen larunbatean, adibidez, haur eta gaztetxoen eguna ospatu zen eta igandean, aire libreko margo-lehiaketa, nazioarteko artzain txakurren lehiaketa eta herriko bolajoko txapelketa, beste batzuren artean.

Hasiera ofiziala, beraz, ostegun honetan (irailak 28) izango da, arratsaldeko 8etan herriko plazan egingo den Txantxikuaren jaitsierarekin. Ondoren, danborrada nagusia eta dantzaldia daude iragarrita.

Ostiralean (irailak 29) San Migel eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako berakatz-zopa lehiaketa, haurrentzako ekitaldiak, musika bandaren kontzertua eta ETS taldearen emanaldia.

Larunbatean (irailak 30) azoka berezia egingo da goiz guztian zehar herriko baserrietako behi, ardi, asto, behor eta txerrien erakusketarekin, baita gazta, fruitu eta barazki txapelketekin ere. Horretaz gain, lore eta landare zein artisau erakusketak izango dira. Eguerdian sagardo dastaketa haundia izango da, Gipuzkoa eta Arabako 27 sagardotegik parte hartuko dutelarik, eta herri bazkariaren ondoren, herri kirolen txanda izango da.

Igandean (urriak 1) Errosarixo eguna ospatuko da eta astelehenan, ohiko Errosarixo bixamona.

Egitarau parte-hartzailea txosnetan

Txosna Batzordeak ere egitarau zabala prestatu du egun hauetarako eta aurtengoa «parte-hartzailea, belaunaldi ezberdinak batuko dituena, feminista eta herritik herriarendako egindakoa» izango dela iragarri dute.

Ostegun honetan (irailak 28), Txantxikuaren jaitsieraren ostean, Andoni Ollokiegi musikariaren kontzertua izango da, eta ondoren karaokea. Ostiralean (irailak 29) ohiko gaupaseroen argazkia egingo dute eta arratsaldez Rukula eta Sua taldeen emanaldiak izango dira. Larunbatean (irailak 30) bazkaria egingo da Antixena gaztetxean eta ondoren elektrotxarangaren kalejira gaztetxetik txosnagunera. Gaueko kontzertuetako taldeak, aldiz, hauexek: Lehen Lerroa, Añube, Bad Sound eta Lizartxo.

Igandean (urriak 1) haurrentzako tailerrak eta Tapia eta Leturia Band taldearen emanaldia izango dira arratsaldez txosnagunean, eta astelehenean (urriak 2) bazkaria eta dibertsioak, biak txosnagunean.

Oñatiko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arkauz optika, Arrano taberna, Bidebarrieta fisioterapia, Cartonajes Arregui, Lizar Etxe jatetxea, Talleres Errebakarren, Ulma, Zurich aseguruak Oñati.