Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: Ishara S. KODIKARA

Yazd-eko haize-dorreak, klimatizazio-sistemen arbaso ekologikoa

Iranen bihotzean, termometroa 40 gradutik gorakoa izaten da askotan. Alabaina, muturreko tenperatura horiek errazago jasaten dira haize-dorreei esker. Klimatizazio-sistemen arbaso ekologikoak omen dira, eta egungo arkitektoek gero eta gehiago izaten dituzte kontuan euren diseinu modernoetan.

Yadz da adibide argia. Zetaren Bidetik gertu kokatuta, munduko hiririk beroenetakoa da. Inguruan bi basamortu dituenez, udak benetan sutsuak dira, eta euria, aldiz, oso urria. Beraz, bertakoek derrigorrez ikasi behar izan dute egokitzen, eta, egoera klimatikoaren ondorioei aurre egiteko, duela 2.500 urte asmatutako metodoa erabiltzen dute; hau da, persiar inperioa Ekialde Ertainean nagusi zen garaikoa.

Unescoren esanetan, Yazd «basamortuan bizirauteko beharrezkoak diren baliabide mugatuen erabilera adimendunaren lekuko bizia da». Horrexegatik sartu zuen herri hori Munduko Ondarearen zerrendan, 2017an.

530.000 biztanlerekin, Yazd «etorkizuneko arkitekturaren inspirazio-iturri da egun, jasangarritasunaren erronkei egoki aurre egiten baitie», gaineratu du NBEak.

Yazd bereziki ezaguna da 700 “badguir” (haize-kaptadore) inguru dituelako, hots, hirigune historikoko teilatu lauen artetik irteten diren 700 dorre dotore.

«Badguir-ek funtsezko papera jokatu zuten hiriaren oparotasunean. Mendeetan zehar, elektrizitatea asmatu aurretik, etxebizitzak freskatzeko erabiltzen ziren. Haiei esker, jendea eroso bizi zen». Yazd-eko Ondare Ministerioko arduradun Abdolmajid Shakeriren hitzak dira.

Dorre horiek, lau aldetako tximinia luzeen antzekoak, arraildura bertikal handiak dituzte, eta barnealdean, hodi batzuk. Etxebizitza barruan aire freskoa sartzen uzten dute, baina aire beroa, presiopean, behartuta dago irtetera.

Gainera, lorategiko arduradun Majid Oloumi Dowlat-Abad-en esanetan, hozte-metodo hori «erabat garbia da, ez baitu ez elektrizitaterik ez material kutsagarririk erabiltzen». Bertan, 33 metroko bavariar bat dago, munduko altuena.

“SINPLETASUNA”

Munduko hamaika arkitekto ospetsuk dorre horietan aurkitu omen dute inspirazio-iturria; tartean da Roland Dehghan Kamaraji frantziar-irandarra, bere funtzionamendua sakon aztertu duena.

Parisen bizi den arkitektoaren arabera, elementu horiek erakusten dute sinpletasuna jasangarritasunaren funtsezko ezaugarria izan daitekeela, eta oker gaudela pentsatzen dugunean, irtenbide iraunkorrak nahitaez konplexuak edo goi-teknologiakoak izan behar direla.

Proiekturik adierazgarrienen artean, Masdar Cityrena (Arabiar Emirerri Batuak) aipatzen du, hozteko aireztapen naturalari etekina ateratzeko diseinatuta dauden eraikinak (tartean badguir-ak) dituena.

Melbournen, Australian, Council House 2-k ere hozte-sistema pasibo bat du, eta Harareko (Zimbabwe) Eastgate Centre ere «termitategietan inspiratuta dago, badguir-en antzeko metodo batean».

Yazd-en, dorreak eta etxebizitza tradizionalak adobez eginak daude, buztinez eta basaz, bi isolatzaile termiko eraginkorrez. Alde zaharra oso ondo kontserbatuta dago, kalexka estuez eta sabats-ez osatuta; azkenok, eguzkitik babesten duten pasarte erdi estaliak dira. Zalantzarik gabe, hirigintza hori ez dator bat hiri modernoarekin, egungo etorbide luze eta zuzenekin.

«Zoritxarrez, gure arbasoek helarazitako ondarea galtzen joan zen», batez ere klimatizatzaileak agertu zirenetik, dio, kezkati, Majid Oloumik. «Egungo etxeen arkitektura, beste herrialdeetatik iritsitakoa, eta zementuan oinarritutako eraikuntza-metodoak ez datoz bat Yazd-eko klimarekin».

Gainera, Dehghan Kmarajik berak beste herrialde batzuetan egiaztatu ahal izan du arkitektura bioklimatikoan oinarritutako proiektu asko gelditu egiten direla industriak ezarritako eskakizun ekonomikoen eta arauen ondorioz, eta energia fosilen kontsumo handia eskatzen duten materialen erabilera lehenesten jarraitzen dutela.

UR GUTXIAGO

Yazd-ek duen sistemaren beste berezitasun baten inguruan ere interesa erakutsi dute adituek: lurpeko galeria estu batzuk dira, “qanats” izenekoak, mendietako urak edo lurpeko geruzek hornitzen dituztenak. Batzuk duela 2.000 urte baino gehiago eraiki ziren. Lurpeko akueduktu horiek ur-hornidurarako iturri dira; etxebizitzak freskatzeko eta elikagaiak tenperatura ezin hobean kontserbatzeko aukera paregabea eskaintzen dute», azaldu du Zohreh Montazer adituak.

Kalkuluen arabera, Iranen 33.000 qanats inguru daude; XX. mendearen erdialdean, 50.000 zeuden. Beherakada, neurri batean, gehiegizko kontsumoak eragindako lurpeko uren murrizketaren ondorio da, UNESCOren arabera.

Irango Estatuak herrialdeko qanat luzeena (70 kilometro baino gehiagokoa) eta zaharrena birgaitu zuen, Zarch-en. Galeriaren zati bat jendearentzat zabalik dago, batez ere herritarrengan kontzientzia eragiteko, datozen erronken inguruan. «Energia fosilak agortzen diren egunean, Yazd-en erabilitako metodoetara itzuli beharko dugu», ohartarazi du Montazerrek.