Nerea Lauzirika
Bilbo

Herri musika jazzarekin eta inprobisazioarekin nahasi ditu Amorantek lan berrian

Iban Urizar ‘Amorantek’ disko berria kaleratu du: «Harri Herri Har». Zortzi kantaz osatutako bilduman herri musika jazzarekin eta inprobisazioarekin uztartu dituela azaldu zuen elgoibartarrak. Gaur bertan eskainiko du lehen zuzenekoa, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean, 20.30ean.

Amorante, lan berria eskuetan duela.
Amorante, lan berria eskuetan duela. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Harri Herri Har’ diskoa plazaratu berri du ‘Amorante’ izen artistikoa darabilen Iban Urizar musikariak. Azken lanean egin zuen bezala, Forbidden Colours diskoetxearen eskutik argitaratu du hau ere. Diskoa aurkezteko lehen emanaldia Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean eskainiko du gaur.

Urizarrek adierazi du lanari izena ematen dioten kontzeptuak direla, hain zuzen ere, diskoaren hiru zutabe nagusiak. Aitortu duenez, hitz jolasa da, gogoko baititu. Azaldu du herri musika dela egiten duena, baina jazza eta inprobisazioa bezalako estiloak ere gustuko dituen heinean, joera duela sortzen duen musika haiekin nahasteko.

Harriak iradokitzen diona azaldu du: «Disko bat ateratzea harri bat itsasora botatzea bezalakoa da, ez dakizu uhinak eragina izango duen edo dena berdin geratuko den».
Herri kontzeptuari helduta, aipatu du bera herri batekoa dela eta lan honi herri usaina dariola: «Nire herriaren usaina». Kontzeptu kontraesankorra izan daiteke, Urizarren ustez: batzuetan ihes egitera bultzatzen gaitu eta beste batzuetan etxe sentitzen dugu.

Hirugarren eta azken zutabea da Har. Ingeleseko ‘earworm’ kontzeptuarekin lotu du musikariak, burutik kendu ezin izaten diren melodia itsaskorrei erreferentzia egiteko erabiltzen dena.

Urizarrek Aitor Etxebarria musikari eta ekoizlearekin batera grabatu du diskoa, Bilboko Mala Estrata estudioan, eta artista ugariren kolaborazioa izan du. Letra batzuk berak idatzitakoak dira, beste batzuk Bilintx olerkariari hartutakoak eta, horrez gain, Harkaitz Canok ‘Erreka’ kantuarena prestatu du eta Odei Barrosok ‘Ez dira’ abestikoak. Hain zuzen ere, Barrosok, hots, Ødeik, kantu horretan bertan parte hartu du rapero gisa.

Felix Buff eta Hasier Oleaga bateria jotzaileek, Idoia Hernandez ‘Hatxe’ pianistak, Xabier Zeberiok, Los Sara Fontan bikoak eta Amaia Mirandar gitarristak ere parte hartu dute, besteak beste, diskoaren sortze prozesuan. La Caja de Tipos estudioak prestatu dizkio azalaren eta diskoaren diseinua.

‘Agurea’ kantuak abiatzen du diskoa. Musikariak berak esan zuenez, Elgoibarko elizako kanpaiek gauean ere jotzen zuten, eta sortutako kexen eta adinekoen kanpaien aldeko jarrerak inspiratuta sortutako abestia da.

‘Habanera’ kantuari bideoklipa ere egin dio Arriguri sortzaile taldeak. Abestian, Urizarrek gabardina batekin, bizar luzearekin eta zapata zahar batzuekin zubi batean dantzan ari den protagonista irudikatzen du, aspaldi galdutako norbaitekin dantzan dabilena.

Horiez gain, ‘Erreka’, ‘Kale erdian’, ‘Gorde dezakegu’, ‘Ez dira’, ‘Pobriaren suertia’ eta ‘Arrels’ kantuak ere entzungai dira. Bakoitzak narratiba propioa du eta istorio desberdina da kontatzen dutena, denak ala denak diskoari izena ematen dioten Harri, Herri eta Har kontzeptuen bueltakoak.

Zuzenekoak

Lehen zuzenekoa gaur bertan eskainiko du, 20.30ean Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa beltzean. Ostiralean 22.00etan Hendaiako Borderline Fabrikan arituko da eta hilaren 25ean, 19.30ean, Donostiako Victoria Eugenia Cluben.