Iraitz Mateo

Baliabide gutxiegi gero eta okerrago dagoen gazteen buru osasunarentzat

Gazteak eta buru osasuna izan dira hizketagai Agifes elkartearen eskutik astearte arratsaldean Donostian. Pazienteek, psikologoek eta psikiatrek beren egoeraren berri eman dute, eta guztiek egin dute bat aldarriarekin: ez dago behar adina baliabide, inbertsio ekonomiko eta humanoa behar da.

Nekane Azuabarrena, Mikel Sarmiento, Eider Zuaitz Iztueta eta Jaione Mujika hizlariak Agifesek antolatutako hitzaldian.
Nekane Azuabarrena, Mikel Sarmiento, Eider Zuaitz Iztueta eta Jaione Mujika hizlariak Agifesek antolatutako hitzaldian. (Jon Urbe | FOKU)

Agifes elkarteak Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren aitzakian ‘Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka’ hitzaldia antolatu du astearte arratsaldean Donostian, nahiz eta aitzakiarik edo egun seinalaturik ez den behar parte hartu dutenen iritziz, «premiazko» gaia baita. Lehen pertsonan hitz egin dute paziente eta psikologo zein psikiatrek, eta ondorio partekatu bat azpimarratu dute hitzaldiaren hasieran: baliabideak falta dira, baliabide humanoak eta ekonomikoak. Solasaldiaren amaieran ere, ondorioak berdina izaten jarraitzen zuen.

Mikel Sarmientok eta Jaione Mujikak lehen pertsonan hitz egin dute, beraien gaixotasunetik abiatuta, eta aldamenean izan dituzte Nekane Azuabarrena psikologoa eta Eider Zuaitz Iztueta psikiatra. Bertan izan dira Nerea Melgosa Lakuako sailburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Txaro Rodrigo eta Donostiako Udaleko Mariaje Idoeta ere.

Gaiari hasiera emateko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken datuak ekarri dituzte gogora: 15 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik batek dio antsietate edota depresio sintomak dituela;  2015etik 2020ra bitartean, 29 urtetik beherako 76 pertsona hil ziren beren buruaz beste egina edo euren buruari eragindako lesioengatik, garai horretan gertatutako suizidio guztien %7,5a da gazteena.

Psikofarmakoak hartzen ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen herenak. Eta generoari erreparatuz, antsietate edota depresioagatik disgnostikatutako neskak, mutilen bikoitzak dira. Adituen arabera, egungo gizarteak eta «bizi ereduak» zuzeneko eragina du, eta bi kanpo faktore aipatu dituzte: gazteengan jartzen den presioa, «zerbaitetan onenak izateko», eta sare sozialak.

«Entzute aktibo bat falta da, norberaren testuingurura egokituko den lanketa bat, denei berdina esaten digute: ‘joan psikologoarenera’»



Sarmientok berak bizitakoa kontatu du, nondik eta nola iritsi zen Agifes elkartera: «Ni beti izan naiz gizarteak ‘arraro’ gisa kalifikatzen duena, eta uste nuen hori zela guztia». Baina duela bi urte Agifesek antolaturiko hitzaldi batera iritsi zen «kasualitatez» eta kontatu du bertako hizlariek esaten zutenarekin identifikatuta sentitzen hasi zela. Azaldu du hor ohartu zela arazoa ez zela «arraroa» izatea, eta informazioa zein erramientak eskuratu zituela elkartearen eskutik; orain, tutoretzapeko etxebizitza batean dago. Hala ere, prozesu guzti horretan, «informazio pertsonalizatua» sumatu duela faltan aitortu du: «Entzute aktibo bat falta da, norberaren testuingurura egokituko den lanketa bat, denei berdina esaten digute: ‘joan psikologoarenera’».

Azken hari horri tiraka bota du galdera airera Mujikak (berak depresioa du diagnostikatuta, eta bere alabak elikadura jokabidearen nahasmendua, egun Bartzelonako ospitale espezializatu batean dago ingresatuta): «Benetan uste dugu buru gaixotasun bat terapiarekin sendatuko dugula? Espainian autonomia erkidego bakarra dago elikadura nahasmendurako unitate bat ez duena, eta hori gurea da, baliabide gehiago behar dira».

Bere alabaren kasuan, Bartzelonara lekualdatu behar izan dute, eta nabarmendu du herrialdez aldatzeak asko dakarrela bidaiaz gain, «familia puskatzen da, eta gastu ekonomiko ikaragarria da. Ez dut ulertzen Osakidetza horren ona bada, unitate berezirik bertan ez egotea». Mujika bera Donostiako ospitale publikoan ingresatuta egon zen zenbait hilabetez, eta bertako egoera «penagarria» ere salatu du: «Arratoiak zeuden patioan, gela txiki eta partekatuak genituen, neguan ez genuen nahikoa ile lehorgailurik denentzat… Zaila da gizarteko estigmak desagerraztea ospitala ere estigmatizatuta dagonean».

Eguneko ospitalearen eskaria

Iztuetak Andoaingo anbulategian egiten du lan, psikiatrian eta arazo argi bat nabarmendu du: «Eskari asko dago eta denbora gutxi dugu». Kontatu du bi astetik behin edo hilabetean behin ikusi ahal izaten dituela pazienteak, eta hori ez dela aski: «Larrialdietara geroz eta gehiago jotzen dute pazienteek, ekonomikoki ahal dutenak pribatura doaz, eta hauek ere goia jo dute jada». Azaldu du pandemiaren ostean, gazte eta haurren kasuek gora egin dutela, eta bere pazienteengan bi joera sumatzen dituela: mutilengan jokabide-nahasmenduak dira nagusi, eta neskengan, elikadura nahasmenduak eta depresioa.

Eskakizun zehatz bat ere azpimarratu du behin baino gehiagotan: eguneko ospitale baten beharra, «Gipuzkoan ez dago eguneko ospitalerik, eta anbulategietatik iristen ez garenean egitura batek egon behar du gaixoek bertara jo dezaten». Mujika bere pazientea izan da urteetan zehar, eta psikiatraren eskakizunaren beharrezkotasuna berretsi du.

Bartzelonako adibidea jarri du Iztuetak ere, izan ere eredu «askoz komunitarioagoa» dela nabarmendu du. «Hemen ez dago epe ertainera- hilabete baino gehiago- ingresatzeko baliabiderik eta beste herrialde batera bideratu behar izaten ditugu gaixoak, horrek suposatzen duen guztiarekin». Eta kanpoko ereduak kontutan hartu eta elkarlenean bestelako irtenbideak pentsatu daitezkeela sinetsita dago, hori bai, horretarako inbertsioak egin beharko direla azpimarratu du.

 

«Ez gara eskaintza espezifiko eta integral bat ematen ari, eta hori da arazoa»


Hezkuntzan ere inbertitu beharra

Azuabarrena psikologoa da ikasketaz, eta Agifes elkartearekin batera ikastetxez ikastetxe ibiltzen da  prebentzioarako informazioa zabaldu nahian. «Bisitatzen dudan gela bakoitzean alarma batek jotzen du: bat negarrez ateratzen da, beste batek kontatzen du gurasoek ez diotela entzuten…». Eta aitortu du horrelako egoeren aurrean irakasleak «galduta» daudela: «Irakasleei ardura handia jartzen diegu, hamarnaka orrialdeko protokoloak ematen dizkiegu, baina ez dizkiegu tresnak ematen. Protokoloak jarraitzea ongi dago, baina momentu horretan ez da garrantzitsuena paper hau edo bestea betetzea, garrantzitsuena nola jokatu jakitea da, eta horretarako ez daude prest».

Formakuntza izan daiteke indartu beharreko beste eremu bat adituen arabera, bai hezkuntzan, bai gurasoengan eta oro har, gizarte osoan. Eta Azuabarrenak horrekin batera, eta Iztuetarekin bat eginik eguneko ospitalearen beharra azpimarratu du. «Ez gara eskaintza espezifiko eta integral bat ematen ari, eta hori da arazoa. Norbanakoarengan oinarritutako arreta eman behar dugu, eta batez ere, arreta integrala».

Sare sozialen bi aldeak ere izan dira hizketagai. Batetik, aipatu dute konparaziorako, zein kanon batzuen baitan sartzeko presio iturri izaten direla, eta hori kalterako dela. Baina ikuspegi baikorrari ere begiratu nahi izan dio Azuabarrenak eta esan du geroz eta «errefente» gehiago ari direla kontatzen sare sozialen bidez beren buru gaixotasunaren berri, eta hori gazteengana zuzenean iristen dela. Iztuetak gehitu du, profesionalak oraindik ez daudela behar adina prestatuta «fenomeno horrek ekar dezakeen guztia» haintzat hartzeko, eta gehiago landu beharreko eremua dela esan du.