Testua: Roge Blasco Argazkiak: Xavier Aldekoa eta Pau Coll
Interview
Xavier Aldekoa
Erreportaria eta abenturazalea

«Aitaren ipuinek eragin zuten Afrikarekiko dudan pasioaren hazia»

20 urte eman zituen Afrikan erreportari lanetan. Kongo ibaian barrena ibili aurretik. Johannesburgon “La Vanguardia” egunkariko korrespontsala izan zen 6 urte eta erdiz. Kontinenteko 50 herrialde inguru bisitatu ditu, gatazkei buruzko informazioa landu eta bertako kultura eta tradizioak ezagutu.

Aldekoa siesta lasaia egiten.
Aldekoa siesta lasaia egiten. (X. Aldekoa)

Xavier Aldekoaren erronka nagusia zen munduko ibairik sakonena zeharkatzea, 4.700 kilometro luzekoa. Arazo ugarietako bat informazio-hutsune geografikoa zen, ez baitago erreferentzia askorik bere iturrietatik Kisanganiraino. Lehenengo zatia, bi mila kilometro ingurukoa, terra ignota da. Gainera, itsasontziak hondatu egin zitezkeen; ez zen baztertu behar hondoratze bat jasateko aukera.

Horrez gain, berak egindako zenbait erreportajetan ikusitakoaren arabera, jakin bazekien talde errebeldeekin topatzeko posibilitatea ere bazuela. Zona batzuetan ez dago gobernurik eta armada ez da iristen. Ibaia eta ur-bazterrak talde armatuen kontrolpean zeuden. Hala eta guztiz ere, beldur eta ziurgabetasun horiek guztiak gainditu egiten zituen Xavierrek ilunabarretako distira laranjatua eta oihanaren zarata irudikatzen.

Kongoko hamaika historialari, geografo, idazle, artista eta filosoforekin harremanetan jarri zen, ibai-ibilbidean zehar haiekin hitzorduak egiteko. Eta, ekipajez arin joaten ohituta zegoenez (alpinismo zaletasunaren eragina, nonbait), zortzi kiloko motxila erabilerraz batean kargatu zuen behar-beharrezkoa zuena. Horrelaxe hasi zen bere abenturarik handiena, orain “Quijote en el Congo” (Penintsula) liburuan irakur daitekeena.

Kontinente guztien artean, zergatik aukeratu duzu Afrika erreportari eta pertsona gisa zure karrera garatzeko?

Batetik, kazetaritza-azalpena dago eta, bestetik, bizi-azalpena. Edozein kazetarirentzat kontinente hori altxor bat da; hango biztanleak komunitatean eta kalean bizitzen ohituta daude eta beti prest daude kanpotik datorrenari harrera egiteko eta harremana izateko. Kazetariok, funtsean, entzun egiten dugu, eta Afrikan milaka pertsona daude beren istorioak kontatzeko irrikaz.

Bizitza mailan, berriz, haurtzarotik datorkit, nire aitak “Agurea eta itsasoa”, “Tormesko itsumutila”, “On Kixote Mantxakoa”, Julio Verneren “15 urteko kapitaina” eta antzeko liburuetako ipuinak kontatzen zizkigunetik. Azken honetako protagonista Afrikako kostaldean lurreratu zen deskuiduz. Kontakizunarekin erabat liluratuta, ni palmondo batera igo eta bertatik jirafa bat ikusten nuela uste nuen; nire anaia Danik, berriz, lehoi bat entzuten omen zuen; nire arrebak, hipopotamo bat. Ipuin hau Afrikarekiko pasio horren hazia izan zen.

Kongon nabigatu aurretik, Nilo ibaian zehar ibili zinen, eta “Hijos del Nilo” (2016) liburua idatzi zenuen. Zein dira Afrikako bi ibai handien arteko desberdintasunak?

Ugandan jaiotzen den Nilo Zuria eta iturriak Etiopian dituen Nilo Urdina zeharkatu nituen. Beti mundura zabalik egon den ibaia da. Egiptoko zibilizazioa, nubiarra, greziarrak, erromatarrak, Platon eta Aristoteles bezalako filosofoak, Alexandro Handia eta Napoleon bezalako konkistatzaileak… denak egon dira interesatuta ibai horretan.

Kongo ibaia guztiz desberdina da. Ibaia dela ez dakien ibaia dela uste dut. Itsas arima du. Munduko sakonena da, 220 metrora iristen da zenbait tokitan. San Mames estadioa erabat urperatu genezake. Puntu batzuetan 23 kilometroko zabalera du, astakeria da; Gibraltarreko itsasarteak 14 kilometro ditu. Baina, horrez gain, argiaren eta iluntasunaren kontrapuntua ere badu. Nilo ibaia zibilizazioentzat irekita egon da, baina Kongo, aldiz, ibai ezkutua izan da mendeetan zehar. Portugalgo lehen esploratzaileak aurreratu zirenean, gaixotasunek eta bertako tribuek akabatu egin zituzten, eta ondorengo mendeetan inor ez zen berriro saiatu.

Bestalde, kasik ezin da hara iritsi, ertzak oihan zerratuez estalita daudelako. Konexioak oso txarrak dira. Gaur egun ez dago ekialdea eta mendebaldea lotzen dituen errepiderik; ibaia da komunikatzen dituen arteria likido bakarra, baina oraindik, esan bezala, esploratu gabe dago.

Nola konpontzen zinen nabigagarriak ez diren eremuetan?

Iturrietatik Kisanganira bitarteko lehen 2.000 kilometroetan, ibilgua utzi eta oinez edo motozikletaz egin behar duzu bidea, ur-laster izugarriak daudelako. Baina arazorik handiena da Katanga estatuan meatze-ustiapen handia dagoela. Kongolo ingurua matxino armatuek kontrolatzen dute eta haiekin negoziatu behar duzu. Erasoa edo bahitua izan zaitezke, edo zerbait okerragoa gerta liteke…

Zein ontzi mota erabili dituzu Kongo ibaian zehar eta zein baldintzatan nabigatu duzu?

Bertakoek bezala bidaiatu nahi nuen, txalupa azkarrak eta hegazkinak saihestuz. Beraz, kanoetan nabigatzen nuen, batzuetan arraunean eta beste batzuetan, berriz, motor txiki batek mugituta. Zenbait alditan bi solairuko egurrezko gabarrak erabili nituen, “La reina de África” pelikulan agertzen direnak bezalakoa, baina egoera tamalgarrian zeudenak. Hiri flotagarrien antzeko plataformak ere badaude, atoiontziei lotuta mugitzen direnak. Adibidez, Kisangani eta Kinshasa arteko tarte nabigagarri luzeena (1.750 kilometro inguru) “Mampeza” ontzian egin nuen. Hirurogei metro luze inguruko plataforma zen. 300 bidaiari baino gehiago geunden pilatuta, edukiontzi, zaku eta merkantzien artean mugitu ezinik. Zorionez, hozkailu baten gainean atseden hartzea lortu nuen.

Oso ontzi ezegonkorrak dira eta hondoratze asko gertatzen dira. Gainera, asteak edo hilabeteak iraun dezaketen bidaia horietan garbitasuna oso kontuan hartzeko modukoa da. 300 lagunentzako konketa bakarra genuen. Gauean eltxo-sarea jarri behar izaten nuen, eltxo-hodeiek gogor erasotzen zigutelako; beraz, hozkailu hura bost izarreko hotel bihurtu zen niretzat, horizontalean etzateko aukera nuelako.

Nola sar daiteke Kongo ibaiaren iturrietara?

Zambiaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko mugan daude. Kilela Balanda herrira joan behar da, eta han erabat txikituta dagoen errepide bat amaitzen da; motozikleta bat ere nekez pasatzen da handik. Ondoko Munema herrixkara iristen zara eta Kongo ibaia ernatzen den lekurantz jarraitzen duzu. Hori bai, bisitatu ahal izateko bertako sorgin edo xamanarekin negoziatu behar duzu arbasoen baimena lortzeko. Bedeinkaziorik ez baduzu, oihanak betiko harrapatuko zaitu, eta iturriak eta ubidea lehortu egin daitezke.

Zortea izan zenuen xamanak baimena eman zizulako eta, gainera, bidaia ona iragarri zizulako. Baina une delikatuak ere izan ziren, esaterako, “Kixote” irakurtzeagatik sorgintzat hartu zintuztenean.

“Kixote” eraman nuen irakurtzeko, jakin banekielako bidaian zehar ez nuela izango ez elektrizitaterik ez internetik eta, beraz, entretenituta edukiko ninduen liburu luze bat aukeratu nuen. Ontzietako batean jendea modu bitxian begiratzen hasi zitzaidan, sorgina nintzela uste zuten, haiek bakarrik irakurtzen zituztelako liburu mardulak. Ezbeharren bat izan balitz -norbait kareletik erori, motorra hondatu edo tximista batek ontzia jo-, errua nirea litzateke, nire ustezko sorginkeriagatik. Konbentzitu behar izan nituen kazetaria nintzela eta liburu bat idazten ari nintzela Kongo ibaian zehar egindako bidaiaz.

Ziurgabetasuna lagun etengabea da bidaian. Inoiz ez dakizu zer gertatuko den. Gerta daitezkeen milaka egoera daude; adibidez, naturaz gaindiko ekaitzak sor daitezke ibai basati batean. Zure buru gainean borrokan dauden bi dragoiren antza dute. Beldurgarria da, baita hipnotikoa ere. Ezin duzu ezer egin, naturak eskaintzen dizun ikuskizuna miretsi besterik ez.

Hala eta guztiz ere, liburuan aitortzen duzu Kongo ibaia maite duzula...

Zalantzarik gabe, nire bizitzako bidaiarik biziena izan da. Ezingo nukeen egin, Afrikan kazetari lanetan 21 urte eman izan ez banitu. Askotan alde egiteko zorian egon nintzen; izan ere, zenbait egoera eskutik joan zitzaizkidan, baina erabat libre ere sentitu nintzen, eta, egia esan, sentsazio hori ez da askotan gertatzen. Aspaldiko ametsa nire indar guztiekin bizitzen saiatu nintzen, azkenera arte. Bizitza osoan lagun izango dudan askatasun eta zorion sentsazioa utzi dit.