NAIZ

AEBetako 40 estatu baino gehiago Metaren aurka, bere sareak haurrentzat kaltegarriak direlakoan

AEBetako 41 estatuk eta Columbiako Barrutiak Facebook, Instagram eta WhatsAppen atzean dagoen Meta enpresa auzitara eraman dute astearte honetan, sare sozialek haurrengan adikzioa eta bestelako kalte batzuk eragiten dituztela argudiatuta.

Sare sozial desberdinak, sakelako batean ikusgai.
Sare sozial desberdinak, sakelako batean ikusgai. (Christoph DERNBACH | DPA | EUROPA PRESS)

Ameriketako Estatu Batuetako 41 estatuk eta Columbiako Barrutiak Metaren aurka egindako ekimen bateratu hau herrialdeko estatu-agintariek sare sozialen eragina geldiarazteko eta haien ezaugarriak aldatzera behartzeko orain arte egindako ahaleginik esanguratsuena da, erabiltzaile gazteenentzat arriskutsuak direla iritzita.

33 estatuk, tartean Coloradok eta Kaliforniak, demanda bateratua aurkeztu dute Kaliforniako Iparraldeko Barrutiko auzitegi federal batean. Aldi berean, Washington D.C.ko beste fiskal batzuk eta 8 estatuk, berriz, salaketa bananduak aurkeztu dituzte auzitegi federaletan, estatukoetan edo tokikoetan.

«Arazo nazionala»

Elkarrekin egindako prentsaurreko birtual batean, fiskal nagusi batzuek nabarmendu dute sare sozialekiko menpekotasuna «arazo nazionala» dela, eta, errepublikanoen eta demokraten arteko banaketa politikoa gorabehera, gai horretan elkarrekin lan egiteko gai izan direla. 

Gainera, agerian utzi dute TikTok sare sozial txinatarraren aurkako antzeko salaketa bat espero dutela, baina ez dute datu gehiagorik eman.

Jonathan Skrmetti Tennesseeko fiskal nagusiak adierazi duenez, Instagramek nerabeei eta haurrei zuzendu die aplikazioa, «ahulenak direlako eta manipulazio mota hori jasan dezaketelako».

Gazteen osasun mentala

Salaketa hauek 2021eko ikerketa batean dute jatorria. Ikerketa horrek neurtu nahi zuen sare sozialek gazteen osasun mentaleko arazoengan duten eragina. 2021ean, ‘The Wall Street Journal’ egunkariak barne-informazioarekin egindako erreportaje batean azaldu zuen nola Instagramek kaltetu egiten zuen erabiltzaileek –batez ere neskek eta nerabeek– beren gorputzei buruz zuten pertzepzioa, eta adierazi zuen konpainia arazo horren jakitun zela.

«(Metak) bazekien osasun mentaleko arazo horiek zeudela eta Instagramekin larriagotu egiten zirela. Aldaketak egin beharrean, enpresak gero eta umeen parte-hartze handiagoa bilatu zuen», adierazi du Skrmettik.

Rob Bonta Kaliforniako fiskal nagusiak adierazi duenez, ikerketa bateratuak «Metak bere erabiltzaileak engainatu dituela eta haurrak arriskuan jartzen ari dela baieztatu du».

«Frogek erakusten dute haurrek sare sozialetan denbora gehiago ematen badute horrek depresioarekin, antsietatearekin eta gorputzaren irudi-arazoekin erlazionatzeko joera duela», nabarmendu du Bontak, eta adierazi du Mark Zuckerbergek, konpainiako zuzendari exekutiboak, AEBetako Kongresuan agerraldia egin zuenean, gezurra esan zuela Metak bere produktuak ez zituela adiktiboak izateko diseinatzen adierazi zuenean.

Bestalde, Metaren bozeramaile Nkechi Nnejik hedabideei igorritako ohar batean esan du erraldoi teknologikoak online esperientzia segurua eta positiboa eman nahi diela nerabeei.

«Etsita gaude fiskal nagusiek bide hau aukeratu dutelako industria osoko enpresekin produktiboki lan egin beharrean, nerabeek erabiltzen dituzten aplikazio askotan adinerako estandar argiak eta egokiak sortzeko», esan du Nnejik.

2021eko ikerketa argitara eman zenetik, Arkansas eta Utah bezalako estatuek 13 urtetik beherako haurrak sare sozialetan sartzea debekatzen duten legeak onartu dituzte, eta 18 urtetik beherako nerabeek webguneetara sartzeko gurasoen baimena lortzea eskatzen dute. Kaliforniak teknologiek beren plataformak aztertzea eskatzen duten legeak onartu zituen, balizko arrisku eta arazoen bila.