NAIZ

Elektronikarako bidea hartu du Sara Azurzak ‘Hiri ilunen umea’ single berrian

Sara Azurza abeslari donostiarrak 2024. urtean argitaratuko du lan berria eta, iragarpen gisa, ‘Hiri ilunen umea’ aurrerapen kantua sareratu berri du. Eletronikarako bidea hartuta, «bide berri bat» irekiko duela aurreratu du.

‘Hiri ilunen umeak’ kantua eta honen bideoklipa sareratu berri ditu Sara Azurzak. Abestia 2024. urtean argitaratuko duen disko berriaren aurrerapen kantua da eta, bertan, elektronikarako bidea arakatu du abeslari donostiarrak, iragarri duenez, «EP berriaren estilo aldaketa aurreratuz».

Bideoklipak jolas parke batean igarotako gau bateko eszena ezberdinak ditu ardatz, «kontenplaziozko begirada batetik», eta Azurzak «une dibertigarri horietara bidaiatzeko gonbidapena» egin nahi izan du, Zart! Kolektibotik adierazi dutenez.

Singlea Jon Aguirrezabalagak ekoiztu du eta Azurzak orain arte landutako estiloan «aldaketa txiki bat» islatzen du. «Bide berri bat irekitzen du, 2024an hurrengo EP batean lehorreratuko dena», zehaztu dute.

Bideoklipa Alejandro Parillik zuzendu du,  Amura Films eta Azurza beraren ekoizpenarekin, eta ikusgari dago abeslari donostiarraren Youtubeko kanalean. Singlea, aldiz, musika-plataforma ezberdinetan entzun daiteke.

Abeslari eta konpositore donostiarrak urte hasieran argitaratu zuen ‘Hemen berriro’, bere lehen lan luzea. Bertan, bizitzaren ziklo emozionala du hizpide eta pop eta soul musika oinarri baditu ere, beste zenbait estilo tartekatzen ditu, funkya eta elektronika tartean.