Savannah, AEBetako Hegoaldean, historian geldi
Estatu Batuetako Hegoaldeko harribitxietako bat da Savannah. Etxeorratzen hiri handiek edo parke nazionalek erakartzeko dituzte bisitari gehienak herrialdera, baina badira historia, arkitektura ederra eta gastronomia are hobea uztartzen dituzten txokoak ere, Georgiako kostaldeko hiria, adibidez.
Milaka bisitarik eta dozenaka zinema zuzendarik aukeratu dute Savannah, joan zen garai bateko AEB Hegoalderako dekoratu ezin hobea aurkezten duelako. Parkeak, plazak, etxe koloretsuak eta dotoreak, Spanish moss edo sahatsetako goroldioa zintzilik duten zuhaitzek osatzen duten postaleko kaleak; denak dira ezinbesteko detaileak bisitaria AEBetako Hegoaldean kokatutako film batean paseoan dabilela irudikatzeko.
Gogorarazi ere egiten dute, “Forrest Gump” pelikulako eszenarik ezagunenetako bat Chippewa plazako banku batean filmatu baitzuten. Aulkia bera hiriko historia museoan dago, baina lekua hortxe dago, erraz antzeman daitekeen legez bertaraino doazen turistei jarraika.
Izan ere, oparo diseinatutako parkeek eta etxe eta etxalde dotoreek famatu dute Savannah hiri eder eta sofistikatu gisa. Ia hiru mendeko historia dauka, 1733an sortu baitzuten hiria izen bereko ibaiaren ertzean. James Oglethorpe fundatzaileak plaza txikiz jositako plano bat egin zuen, eta gaur egun ere orduko egiturari eusten dio Savannahk, AEBetako barruti historiko handienetako batekin. Iturriak eta monumentu ugari dituzten parke polit bezain atseginetatik zalgurdiz antolatzen diren txangoetan ibil daiteke. Savannah historikoa oinez esploratzea ere aukera paregabea da.
Esklabotzaren memoria
Hiriaren bihotz-bihotzean dago Oglethorpe plaza. Eraikin historiko ugari ditu inguruko kaleetan. Horietako ezagunena ziur aski Owens-Thomas House & Slave Quarters da. 200 urte baino gehiagoko etxea Estatu Batuetan dagoen erregentzia estiloko arkitekturako adibide bikainenetakoa da, eta Owens familia aberatsaren esku egon zen 121 urtez. Bisitan, etxe eta parterre lorategiak ikusteaz gain, etxe dotorearen benetako arduradunak nortzuk izan ziren ezagutzen da: urteetan familiaren ondasunen oinarrian ezinbestekoak izan ziren esklabotzan hartutako gizon-emakume zein haurrak.
Handik metro gutxira, Columbia eta Warren plazen artean Davenport etxea dago, AEBetako estilo federaleko eraikinik ezagunenetakoa. Mendebalderantz, Wright plazaren ostean, Telfair plaza dator, eta izen bereko akademia, hiriko alderdi historikotik irten gabe. Pintura inpresionisten eta dekorazio-arteen bilduma ederra biltzen da 1818ko Erregentzia estiloko jauregi baten barruan.
Ibaira bidea hartuta, etxe dotore eta koloretsu gehiago ikusiko ditugu. Haietako askok atariaren sabaia urdinez margotuta daukate (ekaileratara hurbildu eta gora begiratu behar da), pintura urdin argiz zehazki. Afrikatik esklabotzan ekarritako pertsonen ohiturarekin lotuta dago, gullah eta geeche herrien tradizioarekin zehazki. Horren arabera, kolore horrek izpiritu gaiztoak uxatu eta etxetik urrun uzten ditu. Eta argi dago etxejabe zuriek ere bere egin zutela sinesmen afrikarra.
Ibaiertzean, hiriko tokirik atseginenetakoa da River Street. Aisialdirako prestatutako oinezko barrutia da, hainbat jatetxe, denda txiki eta ordu txikietara arte zabalik (eta zaratatsu) egon ohi diren tabernez josia. Thanksgiving edo Esker Emateko Egun batez agertu ginen Savannah ibaiaren ertzean, jende gehiena familiarekin egongo zelakoan, afaltzerik izango ote genuen ez genekiela, eta itzelezko giro haren erdian jateko aukera izan genuen, gaua argituz igaro ohi zen Mississippi ibaikoen antzeko bapore-ontzia turistentzat ibaian gora eta behera zebilela.
Plazak eta maerkatuak
River Streetetik askorik urrundu gabe, City Market eraikin historikoetan kokatutako beste auzo bizi bat da. Bertan, barrutiaren mendebaldeko muturrean, Itsas Museoak forma eta tamaina guztietako ontzien maketak ditu 1819ko Scarborough etxe jauregiaren barruan.
Erlijio askatasunak ere rol garrantzitsua jokatu du eskualdean. Hala, Ipar Amerikako baptista beltzen lehen kongregazioak Savannahn du jatorria, 1850ean eraiki baitzuten tenplua. Mickve Israel, berriz, 1878ko sinagoga ederra da, Monterey plazaren ondoan dago. Inguruan etxalde dotorea eta oso kale ederrak daude, eta horien artean Jones Street da ikusgarrienetakoa: oso ondo zaindutako fatxada koloretsuak, eskailera eta atari bikainak, galtzadarrizko kaleak eta eskualdeko landaretzak goxotasun berezia ematen diote txokoari.
Savannahk etxe dotoreek inguratutako eta zuhaitz mardulek babestutako 22 plaza ditu, zein baino zein atseginagoak. Horiez gain, hiriko parkeak ere herritarren topaleku dira. St John Baptist katedral ikusgarriaren ondoko Colonial Park hilerria da horietako bat, hiriaren erdi-erdian. Gune historikotik hegoalderantz joanda, berriz, Forsyth parkea da Savannahko ezagunena bertakoentzat zein turistentzat, bai ibiltzeko, bai banku batean esertzeko zein inguruaz gozatzeko parada ematen baitu. Iturri handi eta ederra dauka parkearen erdian; sahatsetik zintzilik diren goroldioen artean bertaratzea bakarrik begien gozagarri da.
Eskualde ikusgarria
Hiria utz≈i aurretik, ondo jatea komeni da, eta foodie-ak, turismo gastronomikoaren zaleak, zorioneko ibili ohi dira AEBetako hego-ekialdean. Savannah da Hegoaldeko sukaldaritza sakon sustraituta dagoen lekuetako bat. Afrikako, Europako eta Ameriketako indigenen zapore eta osagaiak uztartuz. Esperientziak askotarikoak dira, Savannahn badira farm-to-table (baratzetik mahaira) platerak zerbitzatzen dituzten gourmet jatetxeak, baina ez da zaila bide bazterreko postuetan ateratzen dituzten barbakoekin gozatzea ere.
Savannah hiria oso atsegina da, eta bere inguruan dituen herri eta paisaiak ere ez dira gutxiago. Hala, Tybee uharteak eguzki bila doazen turista asko hartzen ditu; 80 errepidea jarrai daiteke ekialderantz, hara iristeko. Bidean, Bonaventure hilerri ezaguna bisitatzeko aukera dago. Itsas bazterrera iritsitakoan, berriz, Savannah ibaiak Atlantikoarekin bat egiten duen lekuan, Fort Pulanski monumentu nazionala altxatzen da bokalean harro.
Ibai, kanal, hareatza lur eta pareko uharteen eskualde honek Lowcountry izena hartzen du, eta Hego Carolinatik Florida iparralderaino hedatzen da, Georgiako kostaldean barrena. Historia luzea eta oso kultura aberatsa du Lowcountryk, oso bizirik dauden afrikar jatorriko tradizioekin, baita gullah edo geeche hizkera berezia ere, esklabotzan harturiko biztanleek ingelesarekin nahastean sorturiko kreolea.
Tybee uhartea eta, haren parean baina Hego Carolinako mugetan, Hilton Head irla, turismo guneak izateaz gain kultura ikusgarri hau ezagutzeko leku paregabeak dira, Savannahtik oso gertu.