J.S.

Babarrun-irinarekin egindako hanburgesak

Leartiker zentro teknologikoak bultzatu duen «Lekaleak» proiektuak euskal elikadura-kateko hainbat eragile inplikatu ditu nutrizio-propietate handiak dituen lehen euskal lekale-irina lortzeko. Irekitako bideak animalia-jatorria ez duten proteinekin zenbait elikagai garatzeko balioko du.

Lehen frogak Arabako babarrun pintoarekin egin dituzte eta emaitza onak lortu dira.
Lehen frogak Arabako babarrun pintoarekin egin dituzte eta emaitza onak lortu dira. (NAIZ)

Lekale osagaiak dituzten produktuen eskaria gora egiten ari da urtez urte elikagaien industrian. Izan ere, gero eta gehiago dira animalien ordezko proteinak kontsumitzea aukeratzen duten pertsonak.

Eskariaren igoera horri erantzuteko, Leartiker zentro teknologikoak, UAGA nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuarekin lankidetzan, Lekaleak proiektua jarri du abian, Arabako nekazariek lekadunen ekoizpena dibertsifikatzeko aukera izan dezaten.

Leartiker zentro teknologikoko ikerlaria eta Lekaleak proiektuko arduraduna den Naia Andonegiren hitzetan, «orain arte hainbat froga egin dira garbantzu eta ilarrekin, baina inoiz ez babarrunekin. Eta Araban dagoen babarrun produkzio handiarekin, interesgarria iruditu zitzaigun lekale mota horrekin frogak egiten hastea».

Izan ere, proiektuak glutenik gabeko irinekin egindako «plant-based» produktu-sorta bat merkaturatzeko aukera eskaintzen du, animalia-jatorrikoak ez diren zuntz eta proteina asko dituena.

Produktu-sorta hori oso zabala izan daiteke, baina momentuz Leartiker-eko ikerlariek hanburgesak egiteari ekin diote. «Hiru prototipo prestatu ditugu, bat babarrun-irinarekin, eta beste biak barazki-osagaiekin: brokoli, zerba eta azanarioarekin, eta txanpinoia eta tipula karamelizatuarekin».

Andonegik gaineratu duenez, ikerketak emandako lehen emaitzekin «oso pozik» daude eta abendu honetan kontsumitzaileei emango diete dastatzera, Donostian eta Bilbon osatu dituzten bi kontsumitzaile talderi hain zuzen.

Erantzuna ona baldin bada, datorren urtean produktu berri hauek merkaturatzeko moduan egongo lirateke, baldin eta elkagai-industria animatuko balitzake.

Lekaleak proiektuan parte hartzen dute, Leartiker eta UAGArekin batera, Elikadura Katearen Euskal Elkarteak (Basque Food Cluster), elikagaien industria eraldatzaileak (Delicass), Alternativa de Cultivos Alaveses SL nekazaritza-produktuak ekoizteko eta eraldatzeko zentroak eta Neiker zentro teknologikoak.

Lekale-irinekin egindako hanburgesek animalien ordezko proteinak dituzte.


Nutrizio-balio handia
Nutrizionistek dotenez, lekale-irinek balio nutrizional handia dute, lekaleek bezala, eta gure elikaduran lekaleak sartzeko aukera bikaina dira, hainbat abantaila eskaintzen baitute. Ez dira aurrez uretan jarri behar, eta ez dute egoste-denbora luzerik behar; beraz, aukera ezin hobea dira gure despentsan edukitzeko eta denbora gutxi dugunean erabiltzeko.

Gainera, glutenik ez dutenez, gariarekin egindako janariak ordezkatzeko erabil daitezke, hala nola, fajitak, «cracker»ak, «hot cake»ak eta glutenik gabeko eta proteina-eduki handiko ogiak egiteko.

Ekoizpena dibertsifikatu
Eta nekazariei begira, ekoizpena dibertsifikatzeko aukera ezin hobea dira. UAGA elkarteak emandako datuen arabera, Arabako 400 nekazaritza-ustiategi inguruk lekadunak edo proteaginosoak landatzen dituzte ale lehorra ekoizteko. Horrek esan nahi du Arabako belarki-laboreen ustiategien ia %40k hiru edo lau urtean behin ale lehorreko lekadunak edo proteaginosak landatzen dituztela.

Beraz, laborantza finkatua dela esan daiteke, baina garatzeko duen muga nagusia da gaur egun uzta merkaturatzeko modu bakarra duela: ale lehorrean, eta kalitate-baldintza zorrotzei lotuta. Hortaz, labore horiek garatzeko ekoizpen-orientazio berriak zabaltzea interesgarria ikusten du UAGA elkarteak, hau da, uzta hori beste merkatu batzuetara eraldatzea, horrek nekazariei etekin hobeak eskaintzea ahalbidetuko luke eta.