NAIZ

«Itzultzeko datarik ez duen geldialdia» iragarri du Willis Drummondek

Jurgi Ekizak Whatsapp bidez zabaldutako mezu batean, Willis Drummond «itzulera datarik ez duen geldialdia» abiatzera doala iragarri du. Azken hiru kontzertuak abenduak 14ean Bilbon, 30ean Hernanin eta urtarrilaren 5ean Donostian eskainiko dituzte.

Audio_placeholder

«Itzultzeko datarik ez duen geldialdia» iragarri du Willis Drummondek

Loading player...
Aurtengo ekainean, BBK Music Legends festibalean aritu zen Willis Drummond.
Aurtengo ekainean, BBK Music Legends festibalean aritu zen Willis Drummond. (Aritz Loiola | FOKU)

Willis Drummond talde lapurtarrak «itzultzeko datarik ez duen geldialdia» egingo duela iragarri du Jurgi Ekizak, Whatsapp mezu baten bidez hedabideei zabaldutako oharrean.

Ekizak berak NAIZ irratian zehaztu zuen uda aurretik hartu zutela «arrazoi pertsonalengatik deskantsu bat» hartzeko erabakia, eta ondoren pentsatu zutela hobe zela atseden horren ostean noiz bueltatu ez pentsatzea. Duela hamar urteko erabakia ekarri zuen gogora: «Bi urteko geldialdia egin genuen duela hamar urte, eta  gero bueltatu egin ginen. Orain adina ere hor dago, eta ez dakigu bi urteren buruan zer izango garen», aitortu zuen irri artean.

Taldeko kantari eta gitarra jotzaileak ez du geldialdiaren arrazoia aipatu, baina aurretik sare sozialetan zabaldua zuten biraren ondoren atseden hartzeko tarte bat hartuko zutela, honen luzeraren gaineko xehetasunik zehaztu gabe. Jakinarazitakoaren arabera, momentuz ez diote datarik jarriko itzulerari.

Etenaldia abiatu aurretik hiru kontzertu eskainiko ditu Willis Drummondek. Lehenengoa ostegun honetan bertan, abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian. Abenduaren 30ean Hernaniko Biteri kultur etxean ariko dira. Eta Donostian egingo dute orain arteko azken kontzertua, 2024ko urtarrilaren 5ean, Intxaurrondo kultur etxean.

Begirada osteguneko kontzertuan dute jada: «Gu ere saiatu gara kontzertu hauek normal ikusten, beste bat bezala. Baina oso berezia da imajinatzea izan daitekeela gure azken Kafe Antzokia. Izan da areto bat hastapenetik bisitatu duguna, bira bakoitzean egon gara. Gure bigarren etxea da, eta bitxi da pentsatzea azkena izango dela». Berezia izateko osagaiak bildu dituzte, gainera: «Kontzertua berezia izango da, lehenik telonero bezala Joseba Irazoki gonbidatu dugulako, eta prestatu dugu kontzertu luzeago bat, ordu eta erdikoa gutxienez, gure disko guztietatik kantuak hautatuz». 

Willis Drummond 2004. urtean sortu zen Baionan. Hasieratik bereganatu zuten toki bat momentuko hard rock eszenan, eta laster argitaratu zuten lehen diskoa, ‘Anthology’ (autoekoizpena, 2007). Diskotik diskora hazten joan den taldea da lapurtarra, eta arrakasta nabariena bosgarren diskoarekin ‘A ala B’ (Bidehuts, 2012) erdietsi zuen. Lan berri horrekin Europan barrena bira luzea egin zuen taldeak, berrehun kontzertu inguru ematera iristeraino. Ondotik atsedenaldia hartuko zutela iragarri zuten.

Hiru urte geroago batu ziren berriro. Herri Urratserako kantua egin zuten urte berean, eta segidan etorri zen hurrengo diskoa ere, ‘Tabula Rasa’ (Tabula Rasa Records, 2016), hau ere arrakastatsua, ‘Joan ikustera’ bezalako kantu ezagunak eman zituena. Iaz argitaratu zuten taldearen estudioko zazpigarren diskoa, ‘Hala ere’ (Tabula Rasa Records, 2022).

Egun, Jurgi Ekiza, Felix ‘Rüdiger’ Buff (bateria), Xan Bidegain (baxua) eta Vincent Bestaven ‘Boitol’-ek (gitarra) osatzen dute Willis Drummond. Taldekideak beste proiektu paralelo batzuetan ere ibili ohi dira. Ekiza EraBatera musika taldean ere badabil eta bere ibilbidean bakarkako hainbat lan argitaratu ditu. Rüdigerrek bere bakarkako bigarren diskoa, ‘The Dancing King’, argitaratu berri du.