Testua: Roge Blasco - Argazkiak: YIARI eta Indonesiako Ingurumen eta Baso Ministerioa (MoEF).
Interview
Karmele Llano
Albaitaria eta orangutanen defendatzailea

«Atzerritarra izateak ez dizu mesederik egiten eta, are gehiago, emakumea eta gaztea bazara»

Karmele, orangutanekin.
Karmele, orangutanekin. (Ingurumen eta Baso Ministerioa (MoEF).)

‘Karmele Llano. Orangutanak eta ni’ liburuan honako hau irakur daiteke: «Borneo, bere kokapenagatik, leku oso berezia da, non eguzkia eta ilargia elkartzen diren. Batzuetan, ilargi beteko egunetan, eguzkia sartu baino lehen irteten da ilargia. Beraz, beti oso ikusgarriak diren ilunabarretan, biak ikus daitezke, alde banatan».

Karmelek Borneo uhartea maite du. 20 urte daramatza bertan. Baina ez soilik ilunabarrengatik, baizik eta, bereziki, orangutanak defendatzen eta babesten egiten duelako lan.

Llanok (Bilbo, 1978) Albaitaritza ikasketak hasi zituen animalia basatiak sendatu ahal izateko. 1998an, artean ikasle zela, Venezuelara joan zen boluntario gisa lan egitera. Gizakiak ez diren primateekin lan egin zuen lehen aldiz. Mota honetako animalien medikuntzan espezializatzeko asmoz, Herbehereetara joan zen eta, ondoren, 2003an, Javara (Indonesia), non primate basatiekin lan egin zuen euren habitatean.

Laster ezagutu zuen Argitoe Ranting, lankide eta bizitza-laguna, Borneokoa, dayak etniakoen ondorengoa. 2006an elkarrekin proiektu bat garatu zuten makakoak eta lorisak erreskatatzeko. International Animal Rescue erakundearekin harremanetan jarri ziren eta, harrezkero, haien laguntza ekonomikoa jasotzen dute.

2009an Borneoko gobernuz kanpoko erakunde batek eskatu zion Jojo artatzeko, gatibu eta kateatuta bizi zen orangutan bat. Animaliaren egoera oso larria zenez, Karmelek iradoki zuen orangutanak erreskatatzeko zentro batera eramatea, baina uhartearen alde horretan, Kalimantan probintzian (Indonesiari dagokion Borneoko lurraldean), zentrorik ez zegoela jakin zuen. Eta horregatik erabaki zuen zentro bat zabaltzea lehenbizi Ketapang-en eta gero Sungai Awan-en, 30 kilometrora. Hor sortu zituzten basoko eskolak. Leku hauetan erreskatatutako orangutanek basoko bizimodu basatira egokitzen ikasten dute, ondoren aske bizi daitezen Bukit Baka Bukit Raya parke nazionalean.

Gaur egun, 60 pertsona baino gehiago ari dira zeregin horretan, eta, gainera, tokiko herriak inplikatu dituzte, legez kanpoko baso-moztaile eta ezkutuko ehiztariei alternatibak eskainiz, nekazaritza-programa eta ikasketa-beken bidez.

Karmele Llanok Ketapangetik komunikatu da gurekin.

Bokazio handia izan behar duzu Indonesian 20 urte baino gehiago igarotzeko orangutanak eta beste primate batzuk kontserbatzen. Albaitaritza ikasketak amaitu zenituenean argi al zenuen animalia basatiekin lan egin nahi zenuela?

Karrera aukeratzeko unea iritsi zenean, ez nuen zalantza izpirik izan, ezta segundo batez ere; Albaitaritza aukeratu nuen. Nire hondar-alea jarri nahi nuen gure garaian sortzen diren hainbeste animalia-espezieren iraungipena geldiarazteko.

Oihan oparoko herrialde urrun eta exotikoetara joan nahi zenuen?

Txikitatik nuen hori buruan. Felix Rodriguez de la Fuentek eragin handia izan zuen nigan. Telebistaren aurrean gelditzen nintzen eta asko ikasten nuen Iberiar penintsulako faunari buruz. Horrela hasi nintzen natura hurbilena maitatzen eta, ondoren, animalia basatiak erreskatatzen eta biodibertsitatea kontserbatzen. Hainbat herrialdetan esperientzia hartzen hasi nintzen, Espainiatik abiatuta, Hego Amerikara salto eginez eta Indonesian amaituz.

Zer zirrara eragin zizun Kalimantanek?

Borneori buruz nuen irudia oihan birjinarena zen, eta asko goibeldu ninduen azken 40 urteetako baso-soiltze masiboa ikusteak. Palmondo olioa ekoizteko monolabore bihurtutako ekosistema bakar eta berezia suntsituta zegoela ere egiaztatu nuen. Eta pentsatu nuen gelditu nezakeela, orangutanen eta beste espezie batzuen habitata salbatzen laguntzeko.

2003an Indonesiara iritsi zinenean, zaila izan al zen zu aintzat hartzea?

Beste edozein herrialdetan bezala, atzerritarra izateak ez dizu mesederik egiten, eta, are gehiago, emakumea eta gaztea izanda. Borroka eta ahalegin handiz lortu dugu.

Era berean, ez da erraza munstro horien kontra lan egitea; izan ere, eskrupulurik gabeko konpainia multinazionalak dira, eta bost axola zaie ingurumena eta tokiko komunitateak suntsitzea. Interesatzen zaien gauza bakarra da etekin ekonomikorik handiena ateratzea; zenbat eta gehiago, hobeto. Ondorioak denok ordaintzen ditugu, adibidez, egunero ikusten eta sentitzen dugun klima-aldaketarekin.

Zure lan eta bizitza-kidea, Argitoe Ranting, dayak etniakoa da. Nola egokitu zara haien ohituretara eta Borneoko oihanera?

Argi dago hainbeste urteren ondoren oso integratuta nagoela. Dayakak naturarekin oso lotuta bizi izan dira betidanik. Oraindik badira ehizatik eta arrantzatik bizirauten dutenak, baina gero eta gutxiago dira baliabide naturalak, eta tradizioa, ondorioz, galdu egiten da. Dayaken bizimodua asko modernizatu da. Niri gustatzen zaidana da oihanera joatea, nire bikotekidearekin egotea, gure proiektuekin.

Planetako uharte handienetakoa da Borneo. Nolakoa da?

Biodibertsitateari dagokionez, munduko punturik beroenetakoa da. Beti izan da oso aberatsa baliabide naturaletan. Orangutana ez ezik, beste espezie endemiko asko daude. Arazoa da jasaten ari den garapen ekonomikoa ez dela iraunkorra. Deforestazioa dago, suteak lehortearen ondorioz, eta aluminio-meatzaritzako enpresak oso indartsu sartzen ari dira. Automobilgintzak asko eskatzen du material hori auto elektrikoek pisu gutxiago izan dezaten.

Orangutana animalia enblematikoa da dayakentzat?

Orangutana bertako hizkuntzan “basoko gizakia” da. Istorio asko daude, baina gehien errepikatzen denetako bat da orangutana sendabelar bila basora joan zen emakume batetik datorrela. Ez joateko aholkatu bazioten ere, basoan barneratu zen eta ez zen inoiz itzuli. Handik gutxira senarra eta familia bere bila joan ziren eta emakumea orangutan bihurtu zela egiaztatu zuten. Oso kontakizun polita iruditzen zait, bertakoentzat horrek esan nahi duelako gizaki batetik sortu zela eta, gainera, emakume batetik.

Nondik datoz erreskatatzen dituzuen orangutanak?

Suteen ondorioz galdu diren lurraldeetatik. Beste batzuk dira habitat naturalean espazio faltagatik laboreetara sartu ondoren gizakiekin gatazkak izan dituztenak. Halaber, ezkutuko ehizaren biktimak ere badira, legez kanpoko trafikoan erabiltzen diren kumeak euren amak hil ondoren. Orain arte 260 baino gehiago erreskatatu ditugu.

Nola eta noiz askatzen dituzue oihanean?

Errehabilitazio-aldi bat behar dute, animalia oso adimentsuak direlako eta ohituta daudelako amengandik ikastera, eta, umezurtz direnean, euren artean. Ikasketa honi basoko eskola deitzen diogu. Oso prozesu luze eta konplikatua da. Berreskuratu ditugun orangutan asko naturara itzuli dira, eta, bizirik irauteaz gain, ugaldu ere egin dira. Zirkulua betetzean eta beste belaunaldi batzuei bide ematean argi gelditzen da proiektua arrakastatsua dela.

Hainbeste urte orangutanen artean eman ondoren, zer erakutsi dizute?

Pazientzia, batez ere; oso pazienteak dira. Asko behatzen dute eta xehetasunekin ere geratzen dira. Oso animalia interesgarriak dira haiekin albaitari gisa lan egiteko ere, medikamentuek errekuperatzeko aukera ematen dietela konturatzen direlako eta, ondorioz, gustura onartzen dutelako. Esan ohi dudan bezala, «orangutanak gizakiak bezalakoak dira, baina askoz hobeak».

Nolakoa da Bukit Baka Bukit Raya parke nazionala?

200.000 hektarea ditu, gehienak baso primariokoak. Gure probintzian dago, baina leku ezkutuan eta sarbide zailarekin. Leku ezin hobea da gure orangutanak askatzeko.

Zenbat gelditzen dira mundu osoan?

50.000 inguru daude Borneo eta Sumatrako iparraldean. Javan desagertu egin ziren.