Joseba Salbador Goikoetxea
Villabona
Interview
Maider Lopetegi
Fruitel elkarteko lehendakaria

«Sagar ekoizleen zailtasun handiena errentagarritasuna lortzea da»

Sagar ekoizleena ezkutuan dagoen sektorea da, nahiz eta beren lana ezinbestekoa izan sagardogileek kalitatezko lehengaia izan dezaten. Gipuzkoan, Fruitel elkartean antolatuta daude eta Maider Lopetegi itziartarra da lehendakaria. Sagastietan egiten den lana errekonozitzea da bere helburu nagusia.

Maider Lopetegi.
Maider Lopetegi.

Zenbat sagar ekoizle dago momentu honetan Fruitel elkartean eta zenbat sagasti hektarearekin?

Denera 245 bazkide gara, batzuek jan-sagarra egiten dute, beste batzuek sagardo-sagarra eta gutxi batzuek kiwia. Horietatik 141 bazkide Euskal Sagardoa jatorri deituran daude alta emanda. Azalerari dagokionez, denera 575 hektarea ditugu landatuta, nahiz eta horietako batzuk oraindik berriak izan eta produkzioa ematen hasi gabe dauden. Esan beharra dago ere hektarea horietako batzuk produkzio ekologikoan daudela eta beste batzuk konbentzionalean.

Zein da sagar ekoizlearen profila?

Orokorrean, betidanik sagastiak izan dituzten baserritarrak dira, baina beste produkzio batzuen lagungarri gisa, tradizionalki baserri gehienetan izan den bezala. Sagastien batez besteko azalera 2,5 hektareakoa da; beraz, ez dira sagarra egitetik bizi. Gutxi batzuk bakarrik daude profesionalki horretatik bizi direnak, baina horiek sei edo zazpi hektarea dituzte. Eta adinari dagokionez, belaunaldien arteko erreleboa gertatzen ari dela esan daiteke. Beraz, gero eta gazte gehiago dago, batez ere ofizioa gurasoengandik jaso dutenak. Oso gutxi dira beste langintza batzuetatik sagargintzara etorri direnak.

Zure kasuan, sagargintza familiatik jaso duzula esan daiteke, ezta?

Bai, ni ere ekoizle txiki horietako bat naiz. Gure baserrian, Itziarren, betidanik izan da sagastia eta orain dela urte gutxi batzuk sagastia berritu eta bi hektarea jarri genituen, etxeko tradizioari eusteagatik edo nostalgia puntu batengatik, baina ez hortik bizitzeko.

Azken urteetan, sagasti kopurua handitzen ari dela esan daiteke?

Bai, poliki-poliki hazten ari da, erakunde publikoek emandako laguntzei esker. Baina argi dago hazkunde hori bazkide berriei esker izan dela; betidanik sagastia dutenek askotan ez dute erraza izaten sagasti gehiago jartzea, terrenorik ez dutelako. Gipuzkoako orografia ikusita, ez da erraza sagastientzako terreno berriak bilatzea.

«Betidanik sagastia dutenek askotan ez dute erraza izaten sagasti gehiago jartzea, terrenorik ez dutelako. Gipuzkoako orografia ikusita, ez da erraza sagastientzako terreno berriak bilatzea»

Jatorri Deituraren barruan ehun sagar mota baino gehiago daude. Zein dira lantzen dituzuen mota nagusiak?

Sagardotarako, hamar bat mota lantzen ditugu batez ere: gezamina, mozoloa, txalaka, moko, goikoetxe, urtebi haundi, urtebi txiki, potzolua, berde-argia eta errezila. Horiek dira sagardogileek erabiltzen dituzten mota nagusiak. Gainera, gaur egun, landatzeko garaian, gero eta gehiago bereizten dira mota desberdinak, horrek aukera ematen diolako sagardogileari produktu bereziak egiteko; adibidez, sagar mota bakarreko sagardoak. Garai batean agian ez zitzaion hainbeste begiratzen horri, zenbat eta mota gehiago nahastu hobea izaten zelako, baina gaur egun desberdina da.

Zer nolako uzta izan da 2023koa? Kopuru aldetik handia izan da, baina biltzeko garaian arazo batzuk izan dira.

Aurten sagar urtea tokatzen zen eta oso uzta handia espero genuen, baina azkenean ez zen hainbesterako izan. Iraila beroa eta bustia izan zen, aldi berean, eta horrek arazoak sortu zituen: sagarra lehenago heldu zen eta usteldu ere azkarrago egin zen. Eta usteldu ez zen sagarrari, ur horren eraginez, kosta egin zitzaion behar adina azukre hartzea.

Klima aldaketarekin lotutako arazoak direla esan daiteke?

Sagar uzta klimari lotuta dago zuzen-zuzenean eta, bai, ikusten ari gara urtetik urtera uzta aurreratzen ari dela. Lehen irail bukaeran hasten ginen sagarra biltzen eta orain, irail hasieran prest egon behar dugu.

«Sagar uzta klimari lotuta dago zuzen-zuzenean eta, bai, ikusten ari gara urtetik urtera uzta aurreratzen ari dela»

Aurten hainbat proiektu estrategiko jarri duzue martxan sagar ekoizpena hobetzeko, horien artean urte batetik bestera hainbesteko alderik egon ez dadin. Zein dira kasu horretarako erabiltzen diren teknikak?

Nagusiki bi teknika mota erabiltzen dira: kimikoa eta mekanikoa. Bien helburua sagar urtea egokitzen denean hainbesteko produkzioa ez izatea da, eta horretarako loreen zati bat kendu egin behar da. Teknika horiek oso zabalduta daude Katalunian, adibidez, baina han jateko sagarra lantzen dute, eta gure sagardotarako sagarrondoek ez dute berdin erantzuten. Gure teknikariek hainbat proba egin dituzte eta une honetan emaitzen zain gaude. Gero, ikusi beharko da teknika horiek nola aplikatu gure sagastietan, zenbateraino diren errentagarriak…

Nola ikusten duzu sagar ekoizleen etorkizuna? Zein dira erronka nagusiak?

Sagar ekoizleen handicap handiena errentagarritasuna lortzea da, sagastia ez delako epe motzerako egiten den inbertsioa. Sagasti berriak zortzi edo hamar urtera ematen hasten dira fruitua, eta une honetan ikerketak egiten ari gara patroi mota berri batekin, produkzioa bi edo hiru urtera hasteko. Beste erronka bat dirulaguntzak sagar-ekoizle guztiei zabaltzea da. Momentu honetan, sagastia jartzeko laguntzak denek jaso ditzakete, baserritik bizi direnek eta bizi ez direnek, baina makineria erosteko, lehenbizikoek bakarrik eskura ditzakete. Gipuzkoan oso gutxi dira, eta horregatik gure helburua da baserritar mistoek ere laguntzak lortu ahal izatea; azken finean, baserritar mistoei bultzada ematea. Eta, hirugarrenik, sagar-biltzaileen arazoa konpontzea da beste erronka nagusietako bat. Jende gutxi dago lan hori egiteko, eta denok momentu berean behar ditugu langile horiek. Gainera, gero eta burokrazia gehiago eskatzen da langile horiek legez lanean hasteko, eta baserritarrentzat gero eta zailagoa da hori guztia kudeatzea. Jatorri Deituran arazo hori aztertzen ari gara, erantzun bateratua eman ahal izateko.