NAIZ

Sylvain Luc jazz musikari baionarra hil da

Sylvain Luc, Euskal Herriko jazz musikari garrantzitsuenetakoa, 58 urterekin hil da, sare sozialen bidez bere emazteak jakinarazi duenez. Baionan jaioa, jazz gitarra-jole gisa ibilbide luzea zuen Lucek eta, besteren artean, Donostiako Jazzaldian saria bat jaso zuen 1982an.

Euskal Herriko jazz musikari nabarmenenetakoa den Sylvain Luc baionarra asteazken gauean hil zen, 58 urte zituela, sare sozialen bidez bere emazteak jakinarazi duenez.

Jazz munduan erreferentziazko gitarra-jolea zen Luc, ia jaiotzetik musika tresna hori eskuartean izan zuena. Izan ere, bost urte eskas zituela hasi zen gitarra jotzen eta, beranduago bibolina eta hamar urtez Baionako musika kontserbatorioan biolontxelo ikasketak egin bazituen ere, gitarra ez zuen sekula baztertu eta bere intrumentu kuttun bilakatu zen.

Jazzera hamabost urte zituela hurbildu zen eta garai hartan sortu zuen Bulle Quintet taldea, Nicolas Filiatreau (bateria), Mario Vilas (teklatuak), Jean-Claude Driollet (baxua) eta Pierre Olivierrekin (bibrafonoa, perkusioa) batera. Talde honekin Donostiako Jazzaldian izan zen eta sari bat ere eman zieten. Euskal musika eta folklorearekin harreman estua izan zuen garai hartan, hainbat talderekin aritu baitzen gitarra eta baxua jotzen, eta besteren artean 1981ean Peio eta Pantxoaren ‘Bakezko besarkada batean’ diskoan hartu zuen parte.

Urte batzuk beranduago, 1988an, artean hogei urte zituela, Parisa lekualdatu eta hainbat artistentzat (Catherine Lara, Michel Jonas, Charles Aznavour...) musikagile eta moldatzaile lanetan jardun zen eta  industriako izen handiekin ere egin zituen kolaborazioak, Dee Dee Bridgewater, Didier Lockwood eta Larry Coryell tartean.

1993an argitaratu zuen bere lehen diskoa, ‘Piaia’, arrakasta itzela izan zuena, eta atzetik etorri ziren beste hainbat disko eta kolaborazio: ‘Petits Déjà...’ (1994, Louis Winsbergekin), ‘Ameskeri’ (1999, Stephane Belmondorekin), ‘Piaia Naia’ (1998, Francis Lassusekin), ‘Duet’ (1999, Bireli Lagrenerekin; 2009an berriro elkartuko ziren ‘Summertime’ diskorako), ‘Nahia’ (1999, Serge eta Gerard bere anaiekin, biak musikariak; 1978an jada, 12 urterekin, anai batekin ‘Oinak arin’ diskoan parte hartu zuen) eta ‘Sud’ (1999) eta ‘Trio Sud’ (2001), Trio Sud hirukoarekin, besteak beste.

Haren azken diskoak, ‘Simple Song’ (Space Time Records), 2023ko apirilaren 28an ikusi zuen argia.

Euskal Herriko jazz zirkuituan aski ezaguna zen Luc. Donostiako Jazzaldiaz gainera, besteren artean 2004an Gasteizko Jazzaldian kontzertua eskaini zuen David Binney saxofoi-jole estatubatuarrarekin batera eta 2006an Baionako La Ruee au Jazzen ere aritu zen. 2005ean, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) Batekmila programaren barruan Luhuson aritu zen Maddi Oihenart eta Kepa Junkera lagun zituela.

Urte berean, 2005ean, Arteen eta Letren Ordenako Zaldun izendatu zuen Kultura Ministerio frantsesak eta, beste hainbat sari ere jaso zituen, 2003an Trio Sud hirukotearekin Victoire du Jazz saria eta 2011n Django Reinhardt saria tartean.