En Tol Sarmiento taldea bere ibilbideko 20. urteurreneko ospakizunei begira jarria dago bete-betean. 2025eko martxoaren 21 eta 22rako BECen antolatu dituzten kontzertuetarako sarrerak aspaldi agortu zituzten eta martxoaren 15erako finkatu duten hirugarren kontzerturako «oraindik gutxi batzuk» geratzen direla jakinarazi du taldeak.
Horrekin batera, motorrak berotzen joateko, 20. urteurrenari begira konposatu duten kantu berria aurkeztu berri dute, ‘Zure eskutik’.
Taldekideen hitzetan, «abeslariak bere publikoari sentitzen duen guztia aitortuz idazten dion abesti itxurako gutuna» da kantua, «taldea bizirik dagoela amets eginarazten duen pertsona bakoitzari egiten zaion maitasun-omenaldia».
Kantuaren bidez, ETSk bere inguruan «azken urteetan sortzen ari den eromena» eskertu nahi duela ere zehaztu dute. Zentzu horretan, bideoklipean taldearen hainbat kontzertuetako irudiak ikus daitezke, zaletuak ere honen parte bilakatuz.
«‘Zure eskutik’ da gure ereserkia, BECen besarkatuko ditugun 45.000 pertsona baino gehiagoren ereserkia! Oraintxe gaituzue zuen eskutik eta zuen esku», aitortu dute.
Kantu berria ETSren «abestirik modernoena» dela ere aipatu dute. Abestia Fernando Boixek ekoitzia da, zenbait platino sari eskuratu dituen ekoizle ezaguna.