EHUk ‘Azukrea eta edulkoratzaileak, zer jakin behar dut?' gida argitaratu du. Bertan, Europar Batasunean baimendutako 19 edulkoratzaileak azukrearekin alderatzen dira, eta osasunean izan ditzaketen ondorio kaltegarriak zehazten dira. Azukre edota edulkoratzaileei buruz entzundako mito asko ere argitzen ditu gidak.
Gehien onartutako zaporeetako bat omen da gozoarena, gozoa plazerrarekin lotzen dugulako. Egun azukre gisa izendatzen duguna sakarosa da izatez, «mahaiko azukre» izenarekin ere ezagutzen duguna. Azken urteetan, baina, azukre askeen kontsumo handiaren ondorioz sortutako osasun arazoak direla eta, hala nola, obesitatea, diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularrak, merkatuan azukrea ordezkatzeko alternatibak sortu dira. Europar Batasunean 19 edulkoratzaile daude baimenduta, eta horien arteko konbinazioak egiten dira elikagaiak eta edariak gozatzeko.
EHUk argitaratutako gidan «modu erraz baina xehatuan» deskribatzen dira edulkoratzaileen ezaugarri nagusiak, eta azukrearekin alderatzen dira. Horrela, kontsumitzaileak behar duen informazioa izango du azukre bat edo edulkoratzaile bat aukeratzeko orduan. Nutrizioaren Espainiako Sozietateko kideek, EHUko ‘Nutrizioa eta obesitatea’ taldeko kideek eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Biologia Zientzien Fakultateko Rafaek Urrialde doktoreak elkarlanean ondutako gida da.
Edulkoratzaileen inguruan «zenbaitetan oso argi ez dauden» beste alderdi batzuk ere jasotzen direla adierazi dute; adibidez, ea edulkoratzaileak egokiak diren obesitatearen pandemiari aurre egiteko edo ea diabetes mellitos daukaten pertsonek edulkoratzaile guztiak har ditzaketen.
Edulkoratzaileak, teorian onuragarriagoak
Gidak azaltzen duenaren arabera, teorian edulkoratzaileak azukrea baino onuragarriagoak izan daitezkeen arren, energia ekarpen txikiagoa dutelako, ondorio negatiboak ere badituzte, eta ez dira egokiak ez pertsona guztientzat ez eta adin edo egoera fisiologiko edo patologiko guztietarako ere. Zenbait gomendio ere biltzen dira gidan, horien artean kontuan hartu behar dela edulkoratzaile guztiak ezin direla sukaldean edozertarako erabili, batzuk ez direlako disolbatzen eta beste batzuek tenperatura altuan konposatu toxikoak sortu ditzaketelako.
Gida herritarrei zuzenduta dago eta, horregatik, EHUk jakinarazi du azalpen guztiak ulerterrazak direla. Azukre eta edulkoratzaileei buruzko mito eta eztabaidei buruzko zalantza batzuk ere argitzen ditu gidak. Esate baterako ea edulkoratzaileek mikrobiota kaltetzen duten; sakarosa eta aspartamoaren kontsumoaren eta minbiziaren arteko harremana, edota eritritolaren eta arrisku kardiobaskularraren artekoa.