J.S.
DONOSTIA

Sagardo egunak ere garai berrietara moldatzeko proposamena egin du sagardogileen elkarteak

Sagardo Egun asko sortu dira azken hamarkadetan, Gipuzkoan bereziki, eta herrialde honetako sagardogileen elkarteak, Euskal Sagardoarekin elkarlanean, jai horiek sektoreak bizi duen garai berrietara egokitzeko eta sektorearen beharrei erantzuteko ekimena jarri du abian.

Donostiako sagardo eguneko irudia, irailean.
Donostiako sagardo eguneko irudia, irailean. (Juan Karlos RUIZ | FOKU)

Sagardo sektorea aldaketa dinamika batean dago azken urteetan: sagasti berriak aldatu, produktua dibertsifikatu, kontsumo modu berriak proposatu eta abar luze bat. Lan horrek guztiak sagardo egunetan ere islada behar duela iritzita, proposamen bat egin zaie sektorearekin elkarlanean aritu nahi duten herriei: irudia bateratu, Euskal Sagardoaren presentzia handitu eta kontsumo modu desberdinak bultzatu, besteak beste. Aldaketa hauek, sektoreak berak antolatzen dituen Sagardo Egunetan eman dira lehenengo: Donostia eta Ordiziako Sagardo Egunetan eta Topa! Bilbao ekitaldian besteak beste.

Gaur egun 30etik gora dira elkarlanean antolatzen diren egunak eta etorkizun batean gehiago izatea aurreikusten da. Eta elkarlan hori dinamikoa izatea nahi du sagardogileen elkarteak: «Garaian garaiko beharretara egokitu eta herriz herriko antolatzaileak eta sagardo sektorea bide berean joatea, tokian-tokiko berezitasunak errespetatuta beti ere», azaldu dute.

DATOZEN SAGARDO EGUNAK

Dagoeneko hasi dira batean eta bestean sagardo egunak antolatzen. Lehena, igande honetan bertan izango da, Andoaingo Santa Krutz jaietako egitarauaren barnean eta txapelketa formatoarekin.

Maiatzaren 19an Usurbilen ospatuko da, hilaren 25ean Oiartzunen, ekainaren 8an Lezon, uztailaren 20an Aizarnazabalen eta uztailaren 26an Astigarragan (Santa Ana jaiak).