Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Edoardo Mollona
INCA proiektuaren koordinatzailea

«Europako prentsa artikuluen %5ek soilik dute plataforma digital handien ikuspegi baikorra»

Plataforma teknologiko handien (Google, Amazon, Facebook, Apple, Microsoft) botere ekonomikoak dituen ondorio politiko eta kulturalak ikertzen ari dira nazioarteko 11 eragile –tartean Elhuyar– INCA proiektuan, arautzea, alternatibak bilatzea eta ahalduntzea xede. Edoardo Mollona da koordinatzailea.

Edoardo Mollona Boloniako Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, baita INCA proiektuaren koordinatzailea ere.
Edoardo Mollona Boloniako Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da, baita INCA proiektuaren koordinatzailea ere. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Europako hedabideak larrituta eta arduratuta daude plataforma digital handien eraginarekin. GAFAM (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) deitutako plataformen inguruko sentimendu negatiboa ematen dute prentsa artikuluen %40k, eta Facebook da gaitzespen gehien jasotzen dituena. Testuen %5ek bakarrik erakusten dute ikuspegi positiboa.

Horietxek dira INCA (Increase corporate political responsibility and accountability) proiektuaren lehendabiziko emaitzak, ostegun honetan Donostian aurkeztu dituztenak. Europar Batzordearen ‘Horizon’ egitasmo bat da. Hagitz lehiakorra da eta nazioarteko hainbat erakundek parte hartzen dute. 11 bazkide dira eta tartean da Elhuyar ere.

2022an hasi ziren martxan, eta 2026an amaitzea espero dute. Urtero bilera bat egiten dute: lehena Bolonian izan zen, bigarrena Polonian, eta aurten Euskal Herriaren txanda da, Elhuyar anfitrioi dela. Helburua plataforma teknologiko handiek duten botere ekonomiko izugarriak politikan eta kulturan zer ondorio dituen aztertzea da, arautzeko zer aukera dauden ikusteko, alternatibak bilatzeko, eta baita kontzientziatzeko eta ahalduntzeko ere.

Edoardo Mollona Boloniako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Informatika Zientzietako irakaslea eta ikerlaria da, eta INCAren koordinatzailea. Donostian izan da proiektuko bederatzi herrialdetako 30 ikertzailerekin batera, bi eguneko topaketan, eta bilkura eta bilkura artean NAIZekin mintzatzeko tartea hartu du.

Kontatu zein izan diren lortu dituzuen lehen emaitzak.

Azterketa handi bat egin dugu: Europako 17 herrialdetako 100.000 prentsa artikulu behatu ditugu 15 urtez, 2007tik 2022ra. Plataforma teknologiko handi horiei buruz mintzo diren artikulu guztiak ikertu ditugu, zein sentimendu adierazten duten ikusteko. Hori bai, hedabide tradizionalak aztertu ditugu: egunkariak, aldizkariak, telebista eta irratia, ez sare sozialak. Larrituta, kezkatuta, arduratuta daudela ohartu gara. Artikuluen %40k sentimendu negatiboa erakusten dute, eta %5ek soilik ematen dute ikuspegi baikorra.

Badira ñabardurak?

Bai. Facebook da kritika negatibo gehien dituena eta Google eta Microsoft ez daude hain gaizki ikusiak. Herrialdeen arabera ere badira aldeak: albiste negatibo gehien Bulgarian ematen dira eta plataforma horiekin eskuzabalena Estonia da. Tartean daude beste herrialde guztiak. Aztertu dugun denboran ikuspegia ez da gehiegi aldatu. Badira gorabehera txiki batzuk, adibidez covidaren pandemian pixka bat hobetu zen plataforma horiekiko ikuspuntua, erabilgarriak izan zirelako komunikatzeko.

 

Plataforma alternatiboak aztertzen ari gara, adibidez, Amazonen antzeko zerbitzua ematen dutenak. Bestetik, oro har lobby lanen erregulazio baten bila gabiltza

 

Zer kritikatzen da zehazki artikuluetan?

Hedabideei ez zaie gustatzen diskriminazioa eta diskurtsoetako biolentzia, ezta albiste faltsuak (fake news) eta gardentasun falta ere. Sarri plataforma handi hauek albisteen protagonista izaten dira pribatutasuna urratzeagatik. Intrusismoak kezkatzen ditu, bereziki umeekin lotuta. Adibidez, zergatik iradokitzen digute zerbait erostea? Monopolio jarrera eta lobby politikoa egitea ere salatzen dute artikuluetan. Eta, azkenik, zerga-ihesa, dituzten diru sarrera ikaragarriak ez deklaratzea.

Hain zuzen ere, Europan jarduten dutenean, ahalik eta zergarik gutxien ordaintzeko aukeratzen dute bertako herrialde jakin batzuetan kokatzea, eta bertako biztanleak «bezero» bihurtzen dituzte. Europako Batzordea kezkatua dago, eta aztertzeko, arautzeko eta alternatibak bilatzeko beharra ikusten du. Hauteskunde kanpainetan ere eragiten dute plataforma digital handiek?

Ezin dugu hori esan. Baina lobby lanak egiten dituzte Europar Batasunean. Lobby lanetan diru gehien inbertitzen duten enpresak dira. Merkatu digitaleko legeetan ari dira lobbya egiten, eta zerbitzu digitaletan ere bai, sare sozialen erregulazioan. Diru asko jartzen dute bi legeotan.

Hau guztia ikusita, etsipenean erortzeko arriskua sortzen da. Alternatibak lantzen ari zarete?

Bai, bi arlotan. Alde batetik, plataforma alternatiboak aztertzen ari gara, adibidez, Amazonen antzeko zerbitzua ematen duten zein beste plataforma dauden begiratzen, badaudelako alternatibak, agian maila lokalagoan. Bestetik, ez GAFAM plataformentzat bakarrik, oro har lobby lanen erregulazio baten bila gabiltza.

Herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea ere garrantzitsua da, ezta?

Erabat. Modu ezberdinetan ari gara informazioa ematen. Halako elkarrizketak egiteaz gain, modulu didaktikoak eman ditugu Italiako eskola batean eta aurrerantzean edozein ikastetxetan erabiltzeko moduan egongo da. Gainera, Bolonian, Bartzelonan eta Bukaresten, herritarrekin alternatibak esperimentatzeko toki batzuk ireki ditugu. Dokumental bat eta arte erakusketa bat ere prestatzen ari gara. Bi helburu ditugu, Europar Batzordea, ofiziala litzatekeena, eta herritarrak. INCA proiektuak botere modu berriak ikertzeko balio du.