NAIZ

15-21 urteko lau gaztetik batek bapeagailuak edo zigarro elektronikoak erabiltzen ditu

Ostiralean izango den Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela eta, Lakuako Gobernuak bapeagailu eta zigarro elektronikoen kalteez eta arriskuez ohartarazteko kanpaina abian jarri du. Izan ere, 15 eta 21 urte arteko gazteen laurdenak gailu horiek erabiltzen ditu.

Lakuaren arabera, bapeagailuen erabilera laukoiztu egin da sei urtean.
Lakuaren arabera, bapeagailuen erabilera laukoiztu egin da sei urtean. (Europa Press)

Zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera laukoiztu egin da sei urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta 15 eta 21 urte bitarteko lau nerabe eta gaztetik bat hasi da gailu horiek erabiltzen, Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez.

Maiatzaren 31n, datorren ostiralean, izango den Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela eta abiatutako kanpainaren aurkezpenean eman dute datu horien berri astelehen honetan Bilbon.

‘Bapeatzea ez da broma. Bizitza izorratzen dizu’ leloarekin, kanpaina gazteei zuzenduta dago bereziki, baina baita gainerako biztanleei ere, Lakuak agerraldi batean azaldu duenez. Helburua gailu mota hauek osasunarentzat kaltegarriak direla eta kontsumitzeak bizitza laburtzen duela agerian uztea da, kaltegabetasun sentsazioa eta beste «konbentzionalismo sozial batzuk, itxurakeria edo moda» edo talde baten parte izatearen sentimendua gazteen artean «gero eta ohikoagoak» badira ere.

Kanpaina batez ere sare sozialetan egingo da, baina ohiko bitarteko eta euskarrietan ere presentzia izango du.

10.800 pertsona

Tabakoaren eta honen deribatuen kearen eraginpean inor ez egotea bultzatzeaz gain, Lakuak erretzen uzten laguntzeko jarduerak eskaintzen ditu. Kanpainaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, 2023an 10.797 pertsonak hasi zuten erretzeari uzteko tratamendua. Horietatik %60 45 eta 60 urte bitarteko pertsonak ziren.

Bestalde, duela bi urtetik hona erretzeko mugatutako puntuen kopurua bikoiztu egin dela esan dute, tabakorik gabeko 293 gunera iritsi arte. Datorren ikasturteari begira, unibertsitateetako campusak eremu hauen artean sartzea espero da.

Kontzientziazio eta sentsibilizazio programei dagokienez, 2023an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 66 ikastetxetako 4.845 ikaslek parte hartu zuten ikasleen artean tabako kontsumoa prebenitzeko Kerik Gabeko Gazteak programan. Ekimen hau 2011-2012 ikasturtean abian jarri zenetik, 1.005 ikastetxetako ia 86.800 ikaslek parte hartu dute.