Testua: Roge Blasco Argazkiak: Oihan Blasco eta Aitor Iguiñitzek utzitakoak
Interview
Aitor Iguiñitz

«Azkenean, bakarrik joan eta bidaiatzea ez da bidaia, bizitza bat baizik»

Aitor Iguiñitz Oyarzabalek (Andoain, 1977) eskalada praktikatzen zuen eta zenbait mendi eginak zituen Pirinioetan, Alpeetan eta Himalaian. Mendiko liburuak eta bidaiak irakurtzea ere gustatzen zitzaion. Horregatik guztiagatik, 2006ko urriaren 13tik aurrera teknikari elektronikoaren lanbidean geldialdi bat egin nahi izan zuen, eta Asiara hegan egin, bizikletan urtebete eta bi urte artean bidaiatzeko asmoz.

Hamaika aukera aurkitu zituen bidean eta, azkenean, bidaia 16 urteko abentura bihurtu zen: 125.000 kilometro pedalei eraginez kontinente guztietan, Antartikan izan ezik. Tibet zeharkatu zuen bakarka modu klandestinoan. 2008an Laura Martinez Calderon ezagutu zuen Nepalen. Oso ondo moldatu ziren eta elkarrekin Andoainera itzultzea erabaki zuten.

Samarkanda parean, Daisuke Nakanish ezagutu zuten, Afrika eta herrialde arabiarrei buruz ezin hobeto hitz egin zien ziklo-bidaiari japoniar bat. Eta, haren hitzen eraginez, norabidea aldatzea erabaki zuten.

Angolan Laura erori eta haustura izan zuenez, Madrilera joan behar izan zuen hegan. Aitorrek bere kabuz jarraitu zuen, baina Kongo eta Kamerun artean zegoenean, giltzurruneko infekzio baten ondorioz, etxera itzuli behar izan zuen. Sendatu eta gero biek lan egin zuten, dirua lortzeko eta Zetaren Bidea jarraitzeko Tajikistan eta Mongolia aldera. 2011ko abenduan berriz ere errepidean zeuden.

Kanputxea bisitatzen ari zirela, gonbidapen bat jaso zuten Dubaiko Nazioarteko Bidaiari Jaialdirako (2014), eta xeke batek basamortuko etxean sartu zituen. Ondoren, Nepal osoa zeharkatu zuten bizikletaz Himalaia mendikatetik, beren kontura eta modu intuitiboan. Lau hilabete eman zituzten Zeelanda Berrian. Laurak ‘El mundo es mi casa’ liburuari forma emateko aprobetxatu zuen.

2017ko udaberrian, Alaskara iritsi ziren kontinente amerikarrean filmatzeko ideiarekin. Laura bizikletatik jaitsi zen Salt Lake Cityn, Utahko hiriburuan, ia hamar urteko ibilbidearen ondoren. Aitorrek, berriz, jarraitu egin zuen 2022ko ekainean Ushuaian amaitu arte.

Gaur egun, ikasitako guztiarekin, bidaiak antolatzen ditu Himalaiara. Andoaingo Otieta parkean elkartu gara Aitorrekin, munduaren inguruan emandako hamasei urteak nolakoak izan diren azal dezan.

Katmandura joan aurretik ia ez zinen bizikletan ibili. Zerk bultzatu zintuen Asian pedalei eragitera?

Nepal, Himalaia eta hango jendea ondo ezagutzea zen nire helburua, eta, hasteko, trekking batzuk egin nituen bizpahiru hilabetez.

Tibetera bakarrik joan zinen, gidaririk gabe eta libreki. Nola egin zenuen kontrolak igarotzeko?

Motxilarekin ibili ondoren, bizikletara igo nintzen Vietnamera joateko. Txinan sartu nintzen Nepalera Tibetetik itzultzeko asmoz, baina baimenak behar nituen, ezin zen bakarrik joan. Eta legez kanpo egitea erabaki nuen. Kontrolera iritsi baino pixka bat lehenago kanpatzen nuen eta goizaldeko 1 edo 2ak aldera saihestu egiten nituen gaueko iluntasuna aprobetxatuz. Zortzi kontrol inguru zeharkatu nituen bi hilabetez. Ez ninduten harrapatu eta Nepalera iritsi nintzen.

Laura Martinez Calderon ezagutu zenuen, Tibetetik Nepalera iritsi zinenean. Aldatu al zuen horrek bidaiaren estiloa?

Laura Bardiyako parke nazionalean ezagutu nuen, Terai eskualdean, Nepal hegoaldean. Andoainera bizikletaz itzultzeko ideia kontatu nion. Katmandura joan, bizikleta berria erosi, Lauraren ekipajea parrillan lotu eta Andoainerako bidea hartu genuen. Beste lagun batekin partekatzeak asko aldatu zuen bidaia. Erabaki ona izan zen, eta zortea Laurarekin topo egitea.

Karakorum Highwaytik igo zineten eta, behin Samarkandan, Daisuke ziklo-bidaiari japoniarrarekin topo egin zenuten. Zer gertatu zen planak aldatzeko?

Daisukek urte urte zeramatzan bizikletan bidaiatzen, Afrikatik eta herrialde arabiarretatik zetorren. Berarekin hotelean gosaltzen ari ginela, mapa hartu eta bere ibilbidea zehaztu zigun. Animatu gintuen eta Afrikarako bidea hartu genuen.

Iran, Dubai, Oman eta Yemenera iritsi zineten eta, behiak zeramatzan zamaontzi batean nabigatuz, Djibutin lehorreratu zineten. Afrikar kontinentera iritsitakoan, ekialdeko kostaldetik Hegoafrikaraino joan zineten, eta ondoren mendebaldeko kostaldetik gora. Dirudienez, lehoiek susto galanta eman zizueten Namibian...

Bai. Gauez kanpatuta geunden eta zenbait lehoik denda inguratu zuten. Erabat beldurtuta, zer gertatuko ote zen jakin gabe... Zorionez, lehoiek animalia bat harrapatu zuten. Beraz, gu jan beharrean, pieza hura jan eta desagertu egin ziren.

Gero, Angolan, Laura erori egin zen, paradoxikoki egoera ezin hobean zegoen errepide batean.

Luandatik irtetean, asfaltoa bikaina zen, estreinatu berria, zulorik gabea. Baina jaitsiera batean, Laurak bizikletaren kontrola galdu, erori eta sorbalda hautsi zuen. Ez zen sendatzen eta pentsatu genuen erabakirik egokiena zela Alcala de Henaresko bere etxera itzultzea.

Zuk bakarrik jarraitu zenuen, baina Kongo eta Kamerun artean infekzio bat izan zenuen.

Kilometro piloa egiten hasi nintzen: 100, 120, 130... Ez nuen behar beste ura edan eta ez nuen apenas pixarik egiten. Horrek infekzioa eragin zidan giltzurrunetan, eta nahiko gogaituta egon nintzen, sukar altuekin, odola pixa eginez. Ospitalera joan nintzen, baina ez nuen hobera egiten. Azkenean, erabaki nuen onena etxera itzultzea zela eta gero ikusiko genuela zer egin.

Sendatu zinetenean, lan egin zenuten dirua aurrezteko eta bidera itzultzeko. Nola finantzatu duzu hamasei urte iraun duen bidaia haur?

Munduko hainbat lekutan lan egin dut, hala nola Hegoafrikan, Angolan, Andoainen eta Ipar Amerikan. Bizikletaren alde ona da erabat independentea izan zaitezkeela; kanpadendarekin kargatu eta nahi duzunean kozinatu dezakezu. Ostaturik gabeko leku urrun askotara joan naiz. Jende askok bere etxean, bere txabolan, lo egitera gonbidatzen zaitu. Azkenean, bidaia oso merke egin daiteke eta, horrela joanda, inoiz pentsatuko ez zenukeen lekuetan lo egiten duzu, adibidez, kartzelan.

Munduko jenderik aberatsenen etxeetan gonbidatu gaituzte; adibidez, Dubaiko xeke baten etxean. Eta, kontraste gisa, baita oso familia apalen etxeetan ere. Esperientzia horiek bizitzea zoragarria izan da.

Bitxikerietako bat da barazkijalea zarela eta hamasei urte hauetan ez zarela zure presio-eltzetik aldendu. Nola moldatu zara munduan zehar janaria prestatzeko eta elikatzeko?

Haragirik ez jateak mugatu egiten du; izan ere, beharrezkoa den proteina lortzeko karbohidratoak, bitaminak eta mineral asko jan behar dira, eta presio-eltzeak lekaleak azkar prestatzea erraztu dit.

2017an Zeelanda Berritik Alaskara egin zenuten salto, Kanada zeharkatu zenuten, eta Estatu Batuetan Laurak gelditzea erabaki zuen. Zuk, aldiz, kontinente amerikarrean behera jarraitu zenuen...

Berriro ni bakarrik bidaiatzen. Pixkanaka-pixkanaka Mexikon eta Erdialdeko Amerikan ibili nintzen, Kolonbian Andeetara igo nintzen eta pedalei eragin nien Hego Amerikako mendikate osoan zehar, nire grina beti mendia izan baita. Aukera nuenean, asko gozatzen nuen 6.000koak eskalatzen.

Oso gogorra al da hainbeste denboran bidaiatzea eta beldurrak eta ziurgabetasunak gainditzea?

Gogorra baino gehiago asko gustatu behar zaizu. Bizitza hain oinarrizkoa denez, gustatzen ez bazaizu, beldurragatik edo obligazioagatik egiten baduzu, azkenean utzi egiten duzu. Bizikletan bidaiatzea izugarri gustatzen zitzaidan. Hurrengo bihurgunetik harago zer zegoen jakin nahi nuen, eta horrek bultzatu nau jarraitzera eta jarraitzera.

Zenbat denbora behar izan duzu Amerika osoan zehar ibiltzeko?

Sei urte izan dira; jendea ezagutzen duzu berriro maitemintzea eragiten dutenak. Gelditu eta pentsatzen duzu: «Zergatik jarraituko dut bizikletan, hemen gustura baldin banago?» Bada, gelditu egingo naiz eta bizi behar dudana bizi. Eta amaitzen denean jarraituko dut. Azkenean, bakarrik joan eta bidaiatzea ez da bidaia, bizitza bat baizik.