NAIZ

Euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu eta diseinu berria estreinatu du

2027 urtea amaitu aurretik 500.000 artikulu izateko erronka bide onetik doa euskarazko Wikipediarentzat. 433.000 artikulu baino gehiago ditu, eta kopuruan munduko 33. hizkuntza da. Hau ospatzeko azal berritua aurkeztu dute ostegun honetan eta baita hainbat ekimenen berri eman ere.

Azal berria aurkeztu du euskarazko Wikipediak.
Azal berria aurkeztu du euskarazko Wikipediak. (Wikipedia)

Euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu berri du, eta horrekin batera 33. postua eskuratu du artikulu kopuruan. Datozen hiru urteotan milioi erdi artikulu eskuratzeko erronka ezarri zuen Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE). 33. postua ospatzeko, diseinu berritzailea estreinatu du ostegun honetan eta munduko lehenengo hizkuntza da hainbat eduki interaktibo azalean erakusten, tartean irakurleak gertu dituen artikuluak.

EWKEk bere 2024-2027 egitasmoan ezarri zuen 2027a amaitu aurretik euskarazko Wikipedian 500.000 artikulu izateko erronka. Horretarako, egunean 50 artikulu baino gehiago egin behar dira. Aste honetan euskarazko Wikipediak 433.000 artikuluen muga gainditu du (Terra Australis izan da artikulua), eta gaur bertan 33. postua eskuratu du artikulu kopuruaren zerrendan, errumanieraren atzetik. «Euskarazko wikilarien komunitatea indartsu ari da lanean sareko entziklopediarik handiena elikatzeko, eta ezagutza librea hedatzeko», adierazi du.

Adibide gisa ezarri dute Txikipedia ekimena. «Ikasturte honetan 7.000 artikuluen muga gainditu du. Edo egunero emakumeen biografiak gehitzeko egindako lana, dagoeneko 19.000 biografia baino gehiago ekartzea lortu du».

Azal berritua

«33. hizkuntza garela ospatzeko euskarazko Wikipediako azala berritu dugu, diseinu erakargarri eta modernoa ezarriz. Wikimedia Fundazioaren laguntzarekin egindako aldaketa honek modu intuitiboago eta sinpleagoan erakusten ditu hainbat eduki», azaldu dute.

Aldaketa honen bidez, euskarazko Wikipedia bi eduki interaktibo azalean eskaintzen dituen lehena izanen da, «Esploratu» sekzio berriarekin. «Sekzio honetan irakurleak ikus ditzake berarengandik gertu dauden lekuen Wikipediako artikuluak, eta aurreko egunean gehien irakurri ziren artikuluak zeintzuk diren. Sekzio hauek dinamikoki aldatzen dira egunero», azaldu dute.

Era berean, berriki hildako pertsonen biografiak aurki daitezke, albisteen sekzio berritu bat eta egunero Wikimedia Commonseko komunitateak aukeratutako «Eguneko argazkia» ere ekarri dute azalera.

Ikusgelari eskainitako atala

Ikusgelari eskainitako atal berria ere badu euskarazko Wikipediaren azalak. «Ikusgela bideo pedagogiko libreak ekoizteko EWKEk duen proiektua da. Filosofia, literatura, euskal kultura edo ekonomiako gaiak aurki daitezke, besteak beste. Ikasturte honetan egindako bideoekin ia 90 eduki daude jada eskuragarri», helarazi dute

Artikulu kopuruaz gain, artikulurik garrantzitsuenen kalitatean igotzen jarraitzen dute. «Euskara da Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen zerrendako artikulu guztiak dituen bi hizkuntzetako bat (serbierarekin batera), eta hilabete honetan zerrenda horretako biografiak hobetzeko lehiaketa martxan izan dugu. Lehiaketa horri esker 2.500 kb eta 130.000 hitz baino gehiago gehitu dira biografia esanguratsuetan», adierazi dute.

Era berean, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan hobetzen jarraitzen dutela baieztatu dute. «Hurrengo astean argitaratuko den ranking berrituan 17. hizkuntza onena izango garela aurreikusten dugu, portugesaren atzetik. Gure konpromisoa ez da soilik artikulu kopuruan gora egitea, baita artikulurik garrantzitsuenen kalitatea hobetzea ere».

LGBTI+ jardunaldia, ekainaren 8an

Wikipediaren edukia hobetzeko bidean, LGBTI+ gaiak eta biografiak idazteko lagungarria izango den gida bat sortzeko ekimena jarri dute abian. «Duela hilabete batzuk, euskarazko Wikipediako hainbat artikulu irakurriz, kezka sortu zitzaigun ikusi genuelako LGBTI+ mugimenduko zenbait pertsonaren biografietan hauei buruzko informazioa ez zela modurik egokienean aurkezten, eta pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela LGBTI+ gaiak eta biografiak modu egokian landu ahal izateko laguntza emango zuen gida moduko bat sortzea. Horretan lanean jarri ginen, eta Ehgameko lagunekin batera, gida honen zirriborro bat osatu dugu».

Egindako zirriborroa «konpartitu eta lantzeko» unea da. Horretarako, jardunaldi ireki bat antolatu dute ekainaren 8an, Donostiako Teila Fabrikan. «Parte hartu nahi duen pertsona oro ongietorria izango da, labur.eus/wikiLGBTI helbidean eman daiteke izena».