40 urtez AEBetan jaio eta baztertutakoei kantatzen
Inoizko diskorik arrakastatsuenetakoak argia ikusi zuenetik 40 urte bete dira. ‘Born in the USA’ mugarria izan zen bai Bruce Springsteentzat, bai rockarentzat eta, haratago joanda, AEBetako kulturarentzat. Zazpigarren lana zuen New Jerseykoak, baina ordura arte ez bezalako oihartzuna lortu zuen.
New Jerseyko Freehold herrian jaio zen Bruce Springsteen, gaur egun handik hamar kilometrora dagoen Colts Neck-en daukan etxaldean bizi da. Hogei minutura, Atlantikoko kostaldean, Asbury Park dago. Bertako The Stone Pony tabernan iragarri gabeko emanaldi ugari egin zituen The Boss-ek. «Idazteaz nekatzen zenean, tabernara etorri ohi zen barrena hustera», dio Pete Llewellyn ordukoko tabernariak. ‘Born in the USA’ amaitu berri, goizaldeko lauretatik goizeko hamarretara arte egon zen kantuan tabernako langileentzat. «Ez zuen argi zein kantu sartu albumean, eta azkenean sartu ez zituen kantak ere jo zizkigun. Kanta bat jo, eta guk iritzia ematen genion».
Estatu Batuetan gehien saldu zen diskoa izan zen 1985ean. 15 milioi kopia izan ziren AEBn bakarrik, eta 30 milioi mundu zabalean. Are zailagoa dena, Top 10 single-etan egon ziren diskoko zazpi pista. Diskoaren aurkezpeneko birako emanaldietan 156 sold-out izan zituen. Lau hamarkada hauetan belaunaldi baten gogoa biltzeko gaitasuna izan du; horren seinale egungo kontzertuetan ere ezinbestean jotzen dituen kantetako ugari (‘Dancing In The Dark’, ‘Glory Days’ edo ‘No Surrender’, kasu) lan hartakoak direla.
Diskoari izena ematen dion kanta ‘This Land Is Your Land’ kantarekin parekatzen du hari buruzko liburu bat argitaratu berri duen (‘There Was Nothing You Could Do’, ‘Ez zegoen egin zenezakeen ezer’) Steven Hyden musika-kritikariak, «nik uste dut kantak boterea daukala kritika eta ospakizuna elkarrekin bizi direlako bertan. Bere herrialdeak botata utzi duen Vietnameko beterano baztertu bati buruzkoa da. Baina berak ‘AEBetan jaio nintzen’ esaten du, hau da, oraindik herrialde honetako zati naiz, ez ezazu ahaztu. Eta kantaren eta album guztiaren bitasun horrek, are lan konplexuago eta indartsuagoa egiten du».
Oliver Tearley Loughborough Unibertsitateko Literatura irakasleak argi dauka ‘Born In The USA’ gerraren aurkako kanta bat dela, batzuek «justu kontrakoa interpretatu duten arren». Izan ere, «gerra ez da modu noblean ageri». Kantan ‘gizon hori’ deitzea vietnamdarrei, kasu: «AEBek atzerritarrekiko daukan jarrera chauvinistaren parodia da».
Gerraren aurkako, langile pobretu eta baztertuen aldeko kanta batek alde bateko eta besteko jendetza biltzea ez da gauza makala. Baina kantak badu elementu nabarmen bat, eskuineko jendeari ere gainerakoa ahaztu eta ozen kantarazten diena: ‘Born in the USA’, «AEBetan jaioa» behin eta berriz errepikatzeak indar berezia ematen dio. Oso ñabardura berezia egiten du eskuin patriotikotik aldarrikatzen den AEB militaristaren baloreen eta horien biktima diren estatubatuar arrunten artean.
«Gerratik itzuli den tipoa lan bila doa herriko birfindegira, baina ezer ez. Beteranoen bulegora doa, eta laguntzarik ez». Espetxe baten aldamenean bizi da kantako protagonista, «irudi indartsua da». Horregatik, kantaren «mingostasuna» aipatzen du Tearleyk: «Mutil gazteak gerrara ezer ez lortzera bidaltzen dituen herrialdea da AEB, joan aurretik aukerarik eman ez eta itzultzean are gutxiago».
Reaganek aldarrikatu
Hainbesteko arrakasta lortu zuen leloak, berehalakoan batek baino gehiagok bereganatu nahi izan zuela mezua. Chrysler-eko buruak, disko-etxeari 12 milioi dolar eskaini zizkion ‘Born in the USA’ kantaren lizentzia lortzeko, Estatu Batuetan egindako autoak saltzeko iragarkietan erabiltzeko asmoz.
1984 hauteskunde-urtea izanik, politikoki bere baliatu nahi izan zuten kanta. Beth Daely kazetariak gogora ekarri du: «Elton John-ek, Adele-k eta R.E.M.-ek egin zuten. Baita Rihannak eta Rolling Stones-ek ere. Donald Trump haren musika erabiltzen saiatuko balitz, Taylor Swiftek ere egingo luke, ziurrenik. Musikari asko esan diete ‘ez’ politikariei, haien musika kanpainan erabiltzen saiatu direnean. Baina Bruce Springsteen da beharbada ezetz ozen eta ezagunen esan duena».
1984ko irailean zerrenda guztietan goi-goian zegoen ‘Born in the USA’. Ronald Reaganek mitina eman zuen New Jerseyn, eta bertan keinua egin nahi izan zien entzuleei, kantariak eta berak «amerikar amets» berbera partekatzen zutela esanez.
Handik hiru egunera aldameneko Pennsylvanian zeukan kontzertua Bruce Springsteenek, Pittsburghen hain zuzen ere. «Hasieran, gutxi asko familia baten ideia zegoen, indartsuek ahulagoei lagunduz, eta aberatsek pobreei. Badakizue, amerikar ametsa», esan zien emanaldiaren jarraitzaileei. «Kontua ez zen denek mila milioi dolar irabaztea, denek aukera bat izatea baizik, aukera bat bizitzan begirunea eta duintasun pixka bat izateko».
‘Rolling Stones’ aldizkarian egindako elkarrizketa batean ere kexatu zen musikaria, Reaganen kanpainako leloa (‘Egunsentia da Estatu Batuetan’) gogoan: «Ez da egunsentia Pittsburghen. Ez da egunsentia New Yorkeko 125. kaletik iparraldera (Harlemen eta Bronxen). Gauerdia da, ilargi txar bat doa gorantz. Eta horregatik, Reaganek New Jerseyn nire izena aipatu zuenean, beste manipulazio bat zela sentitu nuen. Presidentearen hitz goxoetatik aldendu beharra neukan». Gerora Bob Dole, Pat Buchanan eta Donald Trump bera saiatu dira kanta erabiltzen, eta musikariak ezetz esan die beti.
Bitasuna
Ezin uka, diskoak patriotismoaren ideiarekin jolasten du azaletik bertatik. AEBko banderaren marra zuri gorriak ageri dira, eta alde batean Bruce Springsteen atzez ikus daiteke; praka bakeroak, kamiseta zuria eta bisera gorri bat, berriz ere banderaren koloreak irudikatzen. AEBen aldarrikapena zen, baina bestera ere har zitekeen, baten batek galdetu zion, atzetik ageri zenez, ea banderari txiza egiten ote zion. «Ez, ez, ez zegoen halako asmorik. Hainbat argazki hartu genituen, mota askotakoak, eta azkenean, nire ipurdiak nire aurpegiak baino itxura hobea zeukan, beraz, hura joan zen portadan. Ez dago bestelako mezu sekreturik», adierazi zuen musikariak.
Jendeak modu progresista edo kontserbadorean uler zezakeen Brucek komunikatzen zuena. Hitzei erreparatuta, eta azken urteotako ibilbidea ikusita, eskuinetik urrun dagoen musikaria da. «Baina bazuen 80ko hamarkada erdialdeko beste elementu hori, tipo estatubatuar macho muskulatu eta guapo hori. Askok kontrastean jarri dute Michael Jackson edo Prince bezalakoekin, horiek ez baitziren modu berean estatubatuar prototipoa. Eta horrek guztiak badu erakargarritasun kontserbadore bat» dio Steven Hydenek. Azken batean, askoren sintonian zeuden kontzeptu eta baloreak zekartzan: «Pertsona bakoitzak duintasuna daukala, familiarekiko eta komunitatearekiko loturak ezinbestekoak direla, eta gure herrialdeak hobeto egin dezakeela eta hobeto egin behar duela» azaldu zuen Springsteenek 1984an.
Arrakastak gain hartu
‘Born in the USA’ erabateko kontrastea izan zen ‘Nebraska’ Springsteen aurreko diskoarekiko. «Lehenago ez bezalako pop izar bihurtu zen, MTVn etengabe zegoen, eta horrek etengabeko espozioa ekarri zion. Neurri handi baten aurrerantzean egin zuena arrakasta horrekiko erreakzioa izan zen, luzaroan orduko hari ihesi ibili zen». Baita jarraitzaileak ere: 90eko hamarkadako grunge-aren eta raparen sasoian, 80etan iltzatua zirudien ‘Born in the USA’-k. Mende aldaketarekin berradiskidetu ziren rock doinu haiekin bai musikaria, bai bere zaleak.
Springsteenek berak gogo txarrenez onartu izan duen bezala, 1984an bere hitzetan agertzen ziren langile-klaseko eta ideia aurrerakoietako estatubatuar asko Trumpzale mingostu eta garratz bihurtu ziren XXI. mendean. Trump covidagatik ospitaleratu zutenean, ‘Born in the USA’ kantatu zioten jarraitzaileek kaletik.
«Kanta hau minari eta loriari buruz da, nortasunaz eta lekuaz lotsa izateari buruz» esan zion Bruce Springsteenek Barack Obamari ‘Renegades’ podcastean. «Herrialdearen irudi konplexua da. Gure protagonista bere nazioak traizio egin dio tipo bat da, eta hala ere jaio zen herrialdearekin oso lotura estua sentitzen du». Obamak galdetu zion nolatan sentitzen ziren hain gertu eskuineko jende asko. «Batetik, kanta indartsua delako, eta bestetik iruditeria oso estatubatuarra delako» erantzun zion musikariak, «baina elkarren aurkako bi ideia une berean izatea eskatzen dizu: izan zaitezkeela guztiz kritikoa zure nazioarekin, eta era berean oso harro egon zure nazioaz».