Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarraren disko monografikoa argitaratu du, eta astelehen goiz honetan aurkeztu du Donostian. Hiru obra barnebiltzen ditu diskoak, eta Asier Polo, Carlos Mena eta Alfonso Gomezek interpretatu dituzte beraien instrumentuekin lan hauek, Juanjo Menaren zuzendaritzapean.
Prentsaren aurrean egindako aurkezpenean Oriol Roch Euskadiko Orkestraren zuzendaria pozarren agertu da argitaratutako lanarekin. Cello Concerto ‘Ekaitza’, Tres Sonetos de Michelangelo eta Piano Concerto ‘Piscis’ lanak izan dira grabatuak eta lotura ematen diona «kontzertu forman» grabatuak izan direla izan da. Lehenengo obran Asier Polo biolontxelorako burua izan da; Alfonso Gomez, berriz, pianorako ‘Piscis’ kontzertuarena; eta Carlos Mena, Tres Sonetos Para Michelangelo lanarena.
Oriolek azaldu du «erronka» handia izan dela disko berri hau argitaratzea. 2020an izan zuen ideiak abiapuntua eta urteetako lana izan da, musikari guztien agendetan tartea hartzea ez baita erraza izan. Gaineratu du ez zegoela «B planik», bai ala bai izan behar zuela Erkorekak proposatutako interpreteekin eta, beraz, horretarako lanean ibili direla.
Euskadiko Orkestrak Finlandiako Ondine diskoetxearekin egiten duen laugarren grabazioa da. Eta oso pozik agertu dira, euskal kultura mundura zabaltzeko eginkizuna izan dezakeelako munduko diskoetxeekin lan egiteak.
Ilusioa eta lana
Proiektuaren musika-zuzendaritzaz Gasteizko Juanjo Mena zuzendaria arduratu da, eta azaldu duenez «plazer bat» izan da lan honetan parte hartzea, «gogo eta interes askorekin egin dute guztiek lan, eta dudarik gabe musika honen erdigunea Erkoreka bera izan da».
Erkoreka konpositoreak «ilusioz» egindako lanaren emaitza dela diskoa azaldu du, «hiru bakarlari hauek lagunak izateaz gain, musikari bikainak dira». Azaldu du diskoan hiru obra jasotzen direla, eta bakoitza garai ezberdin batean konposatu zuela. Tres Sonetos de Michelangelo 2009an, ‘Ekaitza’ 2012an; eta 2021 eta 2022 bitarte konposatu zuen ‘Piscis’.
Azaldu du norbanakoa eta kolektiboa elkartzea izan dela obren asmo nagusia, bizitzaren «isla» izatea nahi izan duela nabarmendu du: «Batzuetan bakarrik sentitzen gara munduaren aurka, edo ez horren bakarrik, lan honetan bezala lagun onez inguratuta egon bainaiz». Egun euskal musikak dituen hiru ardatzak josten asmatu dutela argitaratu berri duten lanarekin uste du, «interpretazioa, zuzendaritza eta sorkuntza».
Gomez pianojolearen iritziz, «bisio arriskatu bezain garrantzitsua» izan du Euskadiko Orkestrak lan hau argiteratzearekin. Mena zuzendariaren lan egiteko modua txalotu du: «Zuzentzeko modu malgua eta humanoa du». Eta diskoak Erkorekaren errepertorio «koloretsua eta tinbreei dagokionez anitza» dela gaineratu du.
Urteetako lana disko bakarrean
Mena kontratenorrak ‘emozioa’ hitza aipatu du, izan ere, bere ustez hori izan da musikari guztiak batu dituena. Berak lan honetarako Erkorekak lehenengo idatzitako obra interpretatu du, 2009an ere interpretatu zuen, eta ia hamabost urte igaro ostean berriro interpretatzea «ohorea» izan dela aitortu du. Izan ere, bere bizitza pertsonalarekin batera, bere musika ibilbidea ere aldatu dela eta hori islatuta ikusi daitekeela gaineratu du: «Interprete moduan, zorte bat da obra hauek jotzea, katarsi batean sentiarazten zaitu».
Prentsaurrekoan Ana del Val Arabako Kultura diputatua, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura diputatua eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatua ere izan dira, Aldundiek proiektuaren finantzaketan parte hartu dutelako, eta hirurak ados agertu dira instituzioen zein Euskadiko Orkestra bezalako erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu eta horrelako proiektuak txalotzerako momentuan. «Euskal kultura eta euskal musika munduan zehar zabaltzeko bidea», hau izango da, diputatuen arabera.