Andoni Urbistondo

Marinda, mendi bakartia, paregabea

Mendi berezia, arraroa, da Marinda, Arabako mendebaldean. Kono itxura dauka, inguruko mendikate gehienak geologikoki ezberdinak direnean; goi ordoki bat dute, eta amildegi handia bailarara. Marindak ere badu amildegia, baina ez ordokirik gailurrean. Hainbat abiapuntu ditu.

Euskal Herria oso lurralde menditsua da, eta ez da arraroa gutako askok mendi kuttun edo gustukoren bat izatea. Mila arrazoigatik izan liteke. Mendi bat ezagutu ez eta seko harrituta geratzea oso posible da. Marinda da sentsazio hori eragiten digun mendietako bat. Arabako mendebaldean dago, Kuartango herriko lurretan. Eta zergatik, bada, aho bete hortz geratu? Mendi berezia delako, inguruan parekorik ez duena eta lehen begi-kolpean arreta erakartzen duena.

Berezia da, Arabako mendebaldean geologia jakin bateko mendikateak direlako ia denak: goi ordokiak dituztenak, isurialde batean bailarara amildegi harritsu baten bitartez jausten direnak. Amildegi malkartsuak dira. Beste isurialdean, aldiz, bailararainoko tartea arte eta ezpel basoek betetzen dute, malkar handirik gabe, landa eremu leunetan. Halakoak dira Badaia eta Arkamu, Marindatik ekialde eta hegoaldera dauden bi mendikateak. Badaiak 1.039 metroan jotzen du goia; Arkamu garaiagoa da, ia 1.200 metrora iristen baita goi ordokia. Gibixo mendikateak ixten du zirkuluerdia, bien iparrera eta ipar-mendebaldera. Marinda da Gibixo mendiguneko gailur garaiena (986 metro).

Marindan ez dago goi ordokirik. Ezta anai-arreba dituen Badaia eta Arkamuko amildegi sakonak ere. Badu amildegia, hegora, 200 bat metrokoa, Marinda abandonatutako herrirantz jausten dena. Ez da kareharri amildegia, Badaia eta Arkamukoak bezala, margaz osatutakoa baizik. Geologikoki ere mendi berezia da, beraz, Marinda.

Bi sarbide ditu Marindak, magalean dagoen bailarako herriak. Iparretik Izarra dauka, eta hegotik Pobes. Gasteiz eta Langraiz Okan barrena, Baias ibaiaren mendi-zintzurra zeharkatu behar da Zuhatzu Kuartangora iristeko. Ikusgarria da Baia ibaiak, Badaia eta Arkamu mendi guneen preso, bidea nola zulatu duen milaka urteetan; garraiobide ezberdinek nola baliatu duten hutsune hori ipar-hego, edo hego-ipar pasabidea bilatzeko (handik pasatzen dira Miranda Ebro-Bilbo A-68 autobidea eta trenbidea).

Marinda hainbat herrixkatatik igo daiteke: Gillarte, Sendadiano, Urbina Basabe, Santa Eulalia, Marinda herri abandonatua… Bat aukeratu behar, eta Sendadiano aukeratu dugu. Nabarmentzeko modukoa da aski interesgarria dela txangoa herri batetik abiatu eta beste batean bukatzea, herrixka guztiak lauzpabost kilometroko tartean baitaude. Bi auto edukiz gero, erraza da hala egitea. Oinez egin nahi bada, egun erdiko txangoa luzexka egin daiteke, isurialde batetik igo, bestetik jaitsi, eta auto bakarra utzi dugun tokiraino bueltatu behar bagara.

TXANGO ERRAZA SENDADIANOTIK

Sendadianora Zuhatzu Koartangotik joan gaitezke, errazen. Zuhatzu pasatu eta ezkerrera dago bidea. Jokano herritik ere joan gaitezke, baina handik Sendadianora joateko errepidea landa-bidea da, eta ondo ezagutu behar dira paraje haiek. Sendadiano gaintxo batean dagoen herrixka txikia da. Hara iristerako Marindaren siluetak harrapatuko gaitu. Herrixkan bertan edo 200 metro gorago utz daiteke autoa. Ondoren hesi metalikoa dago, eta ezin da zeharkatu. Eliza ondoan informazio taula dago, mapa eta guzti.

Han esaten denez, sei kilometro daude Marinda gailurrera, bi orduko bidea. Lasai joanda ere, nabarmen jaits daiteke denbora aurreikuspen hori, txangoa erosoa baita. Lehen erdia pista batean barrena egiten da. Tarteka malda pottoko batzuk gainditu behar dira, Larrinzar leporaino iristeko. Han arnasa pixka bat hartzeko aukera izango dugu, aurrez aurre Marinda tontorreko konoa azalduko zaigula.

BIHURGUNEAN, ARRETA

Arreta jarri behar dugu zabal honen bukaeran, pistak eskuinerantz egiten duen bihurgune bakarrean mendi-bide bat hartu behar dugulako. Ataka edo ate metaliko berde bat zeharkatu behar dugu. Ez dago galbiderik, ezinezkoa baita ate berde hori ez ikustea. Atea zeharkatuta, 20 bat metro ezkerrera egingo dugu, xenda garbi samar bat hartzeko, mendebaldera. Hari segi, gailurreraino.

Pistako erosotasunak bukatu dira, eta aldapa serioa bilakatuko da berehala. Tarte txiki batean halako harri gune bat zeharkatu beharko dugu, tentuz, eta beharrezkoa bada, eskuak erabiliz. Hori pasatuta, xendak konoaren bizkarra bilatzen du, ipar isurialdetik tontorreko begetazio gune bakarra zeharkatzeko. Arteak eta ezpelak dira nagusi, Marindako ipar isurialdean.

BADAIA ETA ARKAMU

Ordubete eskas igarota, gailurreko hegia harrapatuko dugu. Postontziko bidea egin aurretik, hartu tarte bat hegorantz jausten den marga amildegiaz gozatzeko, eta aurrez aurre agertuko zaigun ikuspegia gure memorian gordetzeko: Badaia eta Arkamu agertuko zaizkigu lehen planoan, baina Toloño eta Kantabria mendikateak, urrun. Iparrera Gorobel ezaguna ikusiko dugu, baita Gorbeia eta Lekanda aldea ere.

Amildegira hurbiltzeko tentazioa sortzen zaio mendizaleari, Marinda herrixka abandonatuko eraikin erdi eraitsiak hobeto ikusteko, baina tontakeriarik ez egitea, onena. Bueltako bidea hartu, eta autoan sartu aurretik kartel bitxi bat ikusiko dugu, euskaraz eta erdaraz. Bidean mastinak, azienda otsoen erasoetatik babesten duten txakur handiak, topa ditzakegula ohartarazten du, eta bakarren bat oldartzen bazaigu nola jokatu behar dugun azaldu, arazoak saiheste aldera. Ez dugu mastinik ikusi, ezta otsorik ere, baina haiek ikusi gabe ere, aintzat hartu Arabako mendebaldea otso lurra dela aspaldi.